Teknologia albisteak
1

Bloglineseko harpidetzak Google Readerren edo Alestin salbatzeko jarraibideak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-09-20 : 08:09

Badakizue albistea, urriaren 1ean Bloglines itxi egingo dutela. Horren aurrean, feed irakurgailu hau erabiltzen dutenek jarioak jarraitzeko beste aukera bat bilatu behar dute. Google Reader edo Alesti, adibidez. Bloglinesen harpidetutako jarioak modu azkar eta errazean Google Readerrera nola pasa azalduko dugu. Alestin ez dugu hain erraz asmatu, baina tresna librea eta euskaratua izanik, bultzadatxoa merezi du.

Zure jario guztiak batera erraz pasa ahal izango dituzu Bloglinesetik beste feed irakurgailu batera, OPML fitxategiak gehitzen uzten baldin badizu. Google Readerrek, adibidez, uzten du.

Horretarako, bi pausu egin beharko dituzu:

  1. Bloglinesetik OPML fitxategia esportatu.
  2. Zure irakurgailu berrian OPML fitxategia inportatu.

OPML fitxategia esportatzeko

Bloglinesen sartu eta login egin ondoren, ezkerreko zutabearen amaieran agertuko zaizu Export Suscriptios (esportatu harpidetzak) aukera. Bertan klik eginda, OPML fitxategi bat deskargatuko duzu zure ordenagailura.


Argazkiak.org | Jarioak Bloglinesetik exportatzeko © cc-by-sa: sustatu

Jeitsitako OPML fitxategi horretan daude zure Bloglines kontuan gordeta zeneuzkan jario guztiak, beste feed irakurgailu batera eramateko prest.

OPML fitxategia Google Readerrera gehitzeko

Google Reader erabiltzeko Google kontu bat behar duzu aurrena. Ez baldin badaukazu, minutu gutxian sortu dezakezu bat eta kontu horrek balio dizu gainontzeko Googleren zerbitzuak erabiltzeko (Gmail, Youtube...). Zure Google kontuarekin joan Google Readerrera eta goian aukeratu Settings eta Reader Settings.


Argazkiak.org | Feed inportazioa Google Readerrera © cc-by-sa: sustatu

Behin zure Google Readerren ezarpenetan, joan Import/Export aukerara eta bertan kargatu ahal izango duzu lehenago Bloglinesetik deskargatu duzun OPML fitxategia.


Argazkiak.org | Google Reader, inportazioa egiten © cc-by-sa: sustatu

Noizbait Google Readerretik zure jarioak esportatu nahi badituzu beste irakurgailuren batera eramateko, hortik ere egin dezakezu, *Export your suscriptios as an OPML file (deskargatu zure harpidetzak OPML fitxategi batean) aukeratuta.

Fitxategi hori kargatzen duzunean, orain arte Bloglinesen zeneuzkan jario guztiak Google Readerren izango dituzu.


Argazkiak.org | Google reader, karpeta bidezko irakurketa © cc-by-sa: sustatu

Bloglinesen jarioak karpeta bidez antolatuta baldin bazenituen, Google Readerrek sailkapen hori mantenduko dizu.

Jarioak Alestira eroateko

Alestirekin ere saiatu gara gauza bera egiten, baina ez dugu lortu, ataskatu egin zaigu. Agian jario gehiegi izango genituelako testeatu ditugun OPML fitxategi horietan.

1. Alestin izena eman beharko duzu aurrena.


Argazkiak.org | Alestin kontua sortzeko © cc-by-sa: sustatu

2. Hobespenetara joan.


Argazkiak.org | Alestin hobespenak © cc-by-sa: sustatu

3. Aukeratu OPML.


Argazkiak.org | Alestin OPML fitxategia gehitzeko © cc-by-sa: sustatu

4. Inportatu zure harpidetzak OPML gisa.


Argazkiak.org | Alestin OPML inportatzeko © cc-by-sa: sustatu

Horrarte iritsi gara, horiek dira Alestin inportazioak egiteko eman beharreko pausoak. Behin horra iritsita, inportazioa egiten hasten da, eta hor ataskatu egiten zaigu.


Argazkiak.org | Alestin OPML fitxategia inportatzen © cc-by-sa: sustatu

Rss jarioak banan bana gehitzen ere saiatu gara Alestin, eta hori bai, lortu dugu:


Argazkiak.org | Alesti, harpidetzak gorde © cc-by-sa: sustatu

Jarioak gehitzeko orduan, iruditu zaigu erakutsi aukera horiek (egileak, aurrebistak, jatorrizkoa) hautatu gabe utzita erosoagoa dela, baina norberak egin ditzala aprobak.


Argazkiak.org | Alesti, harpidetzak sailkatu © cc-by-sa: sustatu

Era berean, karpetak barik, Alestin sailkatzeko printzipioa gako-hitz edo etiketak dira. Eta benetan erosoa suertatzen da. Goiko irudi horretan, adibidez, lagunak gakoa eman diogu jario zehatz horri. Feed bakoitza gako batekin baino gehiagorekin sailka daiteke, gainera.

Erantzunak

dorleta
2010-09-22 : 14:23

Mila esker azalpenengatik!

Erantzun

Sartu