Teknologia albisteak

Sindikatuei eskutitza

Erabiltzailearen aurpegia
P. Etxaniz
2010-06-21 : 10:06

Greba Orokorra ez da aski izango, ekintza gehiago beharko dira langileen aurkako erasoak geldiarazteko. Euskal sindikatuek erantzukizun handia dute une honetan. Ausardiaz eta azkartasunez jokatu behar dute. Mugak apurtzeko une aproposa da. Aurrera pauso handia eman dezakete garai berrietarako.

Euskal Herriko gehiengo sindikaleko kideetako bat naizen aldetik idazten dizuet. Zuen denboraren tartetxo bat eskaintzeko eskatzen dizuet. Eskerrik asko zuen arretagatik.

Hasteko, bat nator dagoen egoera ekonomiko kaxkarraren inguruan egiten duzuen azterketarekin eta ulertzen dut ekainaren 29ko greba deialdia zergatik konbokatu duzuen. Hala ere, egin duzuen egoeraren diagnostikoarekin, esan bezala, bat natorren arren ez nago ados greba orokorraren deialdiarekin, ez deitu edo egin den bezala. Hona nire argudioak.

Greba orokorra ote da neurri-neurriko erantzuna?

Sindikatuen azkenaldiko deialdiek berehalako erantzuna jasotzen dute langile militanteenen aldetik baina oso ahula eta eskasa ere bai langilegoaren zati handi batengandik, agian langile kontzientzia ezagatik edo motibazio faltagatik, edo komunikabideek ere etengabe jarduten dutelako desmotibatze lanean. Dena delakoagatik greba deialdiak aldeko eta aurkako indarrak izan daitezke sindikatuentzat ere. Badugu eskarmenturik Euskal Herrian eraginik gabeko grebak direla eta, batzuetan greba egileei kalte handiagoa egin izan diete salatu nahi zen egoeraren errudunei baino.

Greba langileek duten tresna bat da, bere etekinak ematen dituena, hala eman zituen XIX. mendean, baita XX. mendeko zenbait unetan ere, ez orduan bakarrik testuinguru egokian azken urteetan ere balio handiko tresna izan da. Orain ordea, zuzen jokatu behar dugu eta aitortu gaur egun taktikoki desegoki erabiliz gero alferrikakoa eta langileen aurkakoa ere izan daitekeela. Greba presioa egiteko tresna bat da, izan ditzakeen eta dituen ondorioak neurtuta, bai langileentzat bai jomuga direnentzat, baliatu behar da. Nik uste dut jomuga direnek, bankuek, gobernuak eta agintariek, hutsala ikusten dute greba eta ez zaie gehiegi axola, itxuraz beste zerbait badiote ere. Kalte egingo die, baina kalte onargarria da euren ikuspegitik. Eta oso garbi daukate zer gertatuko den, funtzionarien azken greba ikusi besterik ez dago. Bai Estatuan bai Euskal Herrian, arlo batean nahiz bestean, porrota errepikatuko da. Izan ere, zer da grebak arrakasta izatea, greba jende askok egitea? Orduan tresna eta helburua nahasten ari gara. Helburua langileen kontrako erasoak geldiaraztea da. Aurrekoa ondo ulertu, mesedez: hau guzti hau gaizki aterako da greba besterik egiten ez badugu, eta horixe dirudi egin behar dugula. Hori ote da dugun tresna bakarra, sindikatuen estrategiako taktika bakarra, greba, tiro bakarreko eskopeta ote dugu, protesta egiteko manifestapena eta ondorio eskaseko greba orokorra? Ez du zergatik horrela izan beharrik! Espainiako sindikatuei egiten diegun salaketak, gobernuarekin ados daudela eta greba deialdia itxura hutsa dela, salaketa horrexek erakusten digu gorago esandakoa. Tranpa berdinean eroriko al gara? Ezin dugu aurpegia garbitu Euskal Herriko grebaren data aparte ipiniz eta guk geurea egingo dugula esanez.

Greba orokorra ez da aski izango

Sindikatuek gidaritza hartu behar dute, euskal gizartea mugiarazi behar dute, behar den irudimena erabili behar dute denok bat gatozen estrategia garatzeko -langileei egiten zaizkien erasoei erantzuteko estrategia- taktika bizi, burutsu eta azkarra behar ditu, etsaien ahuleziak agerian utziz -zenbat eta gorago uzkia ageriago-, eta erresistentzia zibil indartsua prestatu behar dute botereei kalte egingo diena eta langileei mesede. Badugu zenbait mugimendu eredugarri Euskal Herrian, esate baterako intsumituen mugimenduak argi erakutsi zuen lagun gutxik ondo koordinatuta zer lor dezaketen. Eta euskal sindikatuen indar potentziala askoz handiagoa da.

Langabetuekin elkartasuna

Langabetuek ere euskal sindikatuen laguntza behar dute. Dugun egoeraren talde kaltetuena da. Beharbada sindikatuak zentratuegi daude lana dutenengan, ez dutenak ia ahaztuz -argi dago lan dutenek lana ez galtzea garrantzitsua dela eta langileen eskubideen defentsa oinarrizko lehentasuna dela-. Baina sindikatuek ahalegin handiagoa egin behar dute, langabetuen aldeko proposamenak bultzatuz, jubilatuen alde eta diru sarrerarik ez duen edonoren alde. Gai honetan ere hitzak eta aldarrikapenak ez dira aski. Gure erakundeetan bete-betean egon behar dute. Erakunde sindikalak zabaldu behar dira, antigualeko mugak apurtu eta elkarrekin lan egin, elkartasuna eskaini behar dutenei. Sindikatuek laguntzak eman behar dituzte, bai diru aldetik elkartasun poltsak baliatuz, bai kooperatiba eta lanpostuen sorreran laguntza emanez. Langileak eta langabetuak txanpon bereko bi aurpegiak gara.

Nork erabakitzen du?

Erabakitzeari dagokionez nik uste dut euskal sindikatuetako ordezkariek eta liderrek malgutasun handiagoa beharko luketela garai berri hauetan, proposamenak aurkezteko era berriak bideratuz, proposamenak eztabaidatzeko denbora eta une aproposak eskainiz, honela denen ikuspegiak hartuko dira aintzat eta erabakiak aberatsagoak izango dira. Goitik beherako deialdiak parte hartzeko bide zuzenagoekin osatu beharra dago.

Ekintzak lehenbailehen

Aipatu dudan guztiaren ondoren egoerari erantzuteko erari buruzko eztabaida proposatzen dut -eztabaida burutu bada nik ez dut horren berririk izan- eta dagoeneko bururatu zaidan zenbait bota nahi dut, indarkeriarik gabeko zenbait ekintza proposatu nahi dut gizartea mugiarazten hasteko egokiak iruditzen zaizkidanak.

  • Kapital eta bankuen aurkakoak �Ordain dezatela eurek krisia!� Enpresa handietako karguen dirutzak eta pribilegioak lau haizeetara zabaldu Jabe handien aberastasunak, tranpak, irabaziak, eta abar.
  • Gobernuaren aurkakoak Gobernua aberastearen alde, beti bezala
  • Politikoen aurkakoak �DIRU MURRIZKETA POLITIKOEI� Politikoen dirutzak eta pribilegioak salatu Alferrikako erakundeak salatu Diru xahuketa salatu
  • Elkartasuna langabetuekin Laguntza poltsak sortu Elkartasun sareak antolatu Kooperatiben eta lanpostuen sorreran lagundu

Erantzun

Sartu