Teknologia albisteak
9

Porrotx: bihotzez ikasten dena ez da inoiz ahazten

Erabiltzailearen aurpegia
HUHEZI
2009-12-09 : 10:12

Euskararen astea izan zela-eta, Porrotx etorri zen HUHEZIra, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatera. Aurrez aurre, Hezkuntzako ikasleak izan zituen. Hona hemen hark esandakoaren kronika.

Porrotx pailazoa izan genuen joan den ostegunean HUHEZI fakultateko Areto Nagusian. Lasarte-Oriatik etorri zen, denboraz, gauzak patxadaz prestatzeko moduan. Amonak esan zion atzo Euskararen eguna zela eta unibertsitatera etorri behar zuela. Baina berak ez zekien zer egin hemen, eta zer egin ez dakienean, jolastu egiten du. Eta jolasaren bidez erakutsi zigun irakasle izateko eta pailazo izateko, ematen ikasi behar dela, eta emateko, jaso ere denetik jaso behar dela: itsasoaren eta zeruaren urdina, eguzkiaren berotasun eta goxotasunaren horia, inguratzen gaituen naturaren berdea, fruitu emankorren laranja, emakumearen sentsibilitatearen morea eta, jakina, sudurraren, pozaren, marrubiaren, musuen, bihotzaren eta irudimenaren gorria. Inguruko gauza on horien koloreekin osatutako bandera gainean hartu eta pailazo eta irakasle jarduna kolorez jantzi behar direla esan zigun.

Bere herriko giro ekintzaileaz ere hitz egin zuen. Izan ere, hainbat egitasmotan hartzen dute parte herriko euskara komunitatea trinkotzeko eta euskara-erabileran eragiteko helburuarekin: Ttakun elkartea, euskararen maratoia, pailazoak, antzerki eskola, bertso eskola, ludoteka, abesbatza, gazte txokoak… Egitasmo horiekin guztiekin, kalearekin harremanak indartu nahi dituzte, elkarlana bultzatu nahi dute. Eta irakaskuntzak ere harreman handia du horrekin guztiarekin, elkarlanarekin batik bat: eskola, familia eta herria elkarrekin aritu behar baitira aurrera egingo badugu.

Eta bukatzeko, irakasleon egitekoa zein inportantea den gogorarazi digu. Nola lan egin, baina? Adibide paregabea eskaini digu, alegia, Juan Gorriti eskultorearen lan-sistema: bihotzean sentimendu bat dauka, hori burura doakio, eta, hausnartu ondoren, bi eskuekin elkarlanean gauzatu egiten ditu ekintzak. Horra hor esaldi famatuaren jatorria: bihotza, burua, eskua… sentitu, pentsatu eta egin. Beraz, gauza bat egiten dugunean, egin behar dugu bihotzez, bihotzez ikasten dena ez baita inoiz ahazten. Inportanteena hizkuntzarekin eta heziketarekin ditugun sentimenduak, emozioa eta enpatia baitira.

Hori guztia jolas bidez, algara artean, giro atsegin eta erlaxatuan, pailazoaren eta irakaslearen ahotsa tartekatuta entzuteko eta sentitzeko aukera izan genuen atzo.

Erantzunak

Karloto
2009-12-09 : 10:59

Kontuz, argi ibili Porrotx horrekin, horrek latin eta griegozko hitz gutxi darabil baina herria nola enbenenatu eta espekulatzaile, gezurti, alfer eta ziniko zikinok nola biluztu ederki daki-eta!

Porrotx hori pailazoz mozorroturiko filosofo eta herri-gidaria da, kasurik ez egin, nahi ez baduzue, baina ez begitik galdu.

Porrotxzale.
2009-12-09 : 11:54

Porrotxek herria nola enbenenatu dakiela? Ez dut ezer ulertzen!



Ez dut sekula Porrotxekin pertsonalki hitzegin, baina beragandik entzun dudan guztia beti izan da positiboa...Orain dela gutxi Leuzemia daukan ume baten amarekin egon nintzen hitzegiten eta berak esan zidan zein ondo portatzen zen gaixorik zeuden umeekin...Umearen herrira etorri zirenean beren espektakulua ematera, umearen izena mikrofonotik esan, umearen etxera joateko detailea izan zuela, umearekin egon, opariak eraman, Bilbon ospitalean ere goiz osoak pasa dituela...berriro esango dut: ez dut sekula berarekin hitzegin, baina hitzak baino ekintzak esaten du gehiago nolakoak garen pertsonak. Horrelako pertsonek herria enbenenatzen badute, pozik pozoituko nintzateke ni ere!

Karloto
2009-12-09 : 16:13

Ikusten nola zeuk ere ulertu duzun atzenean, mezuaren hasieran kontrakoa adierazi baduzu ere?

Rodolfa
2009-12-10 : 10:26

Aizu karloto! Zer ari zara zu ba? Esan eta ez esan, iritziak erakutsi eta intentzioak ezkutatu... ez zara zu ibiliko norbait enbenenatu nahian edo?

Karloto
2009-12-10 : 10:49

Bueeeeeeno... Etsi egin beharko. Ironi maila zeroraino ekarrita, Porrotx eta horrelakoen zale amorratu itsua naizela, Joxe Mari aspalditik ezagutzen dudala, abertzale, euskaltzale, integro, zuzen, zintzo, koherente, kongruente, kontziente, militante eta ezin humanoagoa iruditzen zaidala eta, horrenbestez, herriak horrelako gidariak aukeratu beharko lituzkeela, hobe omen dugulako eredu hori orain moda-modan dagoen beste ideal indibidualista, egoista, axolakabe, suntsitzaile eta mertzenarioa baino, alegiya.



Eta oraingo honek ez du, nik dakidala, tolesik txikiena ere.

Nikasio Jauna
2009-12-10 : 10:57

Ba nik berehala ulertu dut Karlotoren lehen mezua, ironia izeneko teknika berezi bat erabili du. Ea ba, umore pixkat! gure buruaz barre egiten ez badugu, dena transzendentziaz eta seriotasunez ikusteko obligazioa badugu, Pirritx eta Porrotx zertarako behar ditugu?

Ah, badaezpada, Pirritx eta Porrotx behar-beharrezkoak ditugu, apartak dira! Gora euskal piratak!!!

joseba
2009-12-12 : 00:34

euskal herria ez litzateke berdina pirritx eta porrotx gabe (eta marimotots eta amona josefina eta...), hori ziur.



eragiten duten poz, irribarre, irriezbarre, alaitasun, umore eta bizipozagatik, P&P, maite zaituztegu !!

errekamari
2009-12-13 : 11:19

lehengoz esan Porrotx pailazo zoragarria iruditzen zaidala, benetan maitagarria. Baina... "abertzale, euskaltzale, integro, zuzen, zintzo, koherente, kongruente, kontziente, militante eta ezin humanoagoa" horrelako kategoriek dardara pixka bat ematen didate, garai bateko katoliko apostoliko eta romano gogorarazten didate! Gora moraltasuna ta zintzotasuna!

Begotxu
2010-03-11 : 11:15

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots ez dira pailazoak soilik, askoz gehiago ere badira. Ematen dutena hizkuntza ere gainditzen du. Nere bixkiak txiki txikitatik ikusten duten gauza bakarra haien ikuskizunak dira, amonak ez daki euskara eta maite ditu, izugarri alaiak, momentu guztietan jarraitzen du haria, jartzen duten sentimendua neurtezina baita. Zerbait garden baldin badago munduan, umeak dira, eta ondo dakite zer aukeratu, nahiz eta oraindik zergatik ez jakin.
Duela gutxi bizitzako momentu txarrenetako bat bizi naiz, eta haiengandik, ezagutu gabe asko jaso dut. NEURTEZINA BENETAN emanten dutena.
Beti aukeratzen dute giza tematika bat, justiziaz eta samurtasunez betetakoa, benetan, umeengan iragina izango balute etorkizuna (umeena izanda) askoz ere baketsua, polita, berdea, eta gorria eta izango litzateke.
"Sentitu, Pentsatu eta Egin", ez da edozein mezu.


Erantzun

Sartu