Teknologia albisteak
10

Bai, Eskola 2.0 ekimeneko LH5eko ordenagailuak Linuxekin datoz eta euskaraz dabiltza

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-10-08 : 17:10

Muskizko hiru ikastetxeko LH5eko haurrekin estreinatu dituzte gaur, demo batean, azken aldi honetan komentagai izan diren LH5eko ordenagailu ospetsu horiek. Sustatuk bertatik bertara ikusi ditu eta, bai, abiatze bikoitza daukate, eta gainera, gaurko demoan, Ubunturekin ibili dira, euskaraz lokalizatutako interfazeetan.


© baimenarekin: Fernando Juarez

Gaurko demoa Muskizko Gazte Gunean antolatu dute, eta Hezkuntza saileko teknikariekin batera, herriko hiru ikastetxeko LH5eko haurrak izan dira, 10 urteko neska-mutilak. Bi ikastetxe publikoak izan dira, Muskiz Ikastola eta Cantarrana eskola, eta bestea pribatua, San Juan ikastetxea. Sustatu ere bertan izan da gaur, kuriositateak eramanda.

Lizitazio pleguan Microsoft etxearen Windows softwarea besterik aipatzen ez zen arren, azkenean Hezkuntza Sailetik emandako azalpenak egiaztatu egin dira, eta gaur eta bihar demo honetan erabili dituzten ordenagailuak abiatze bikoitza daukate: Windows XP eta Ubuntu. Ordenagailu eramangarri txiki batzuk dira, OLPC baten tamainakoak, eta gaur erabili dituztenek Telefonica enpresaren pegatak zeuzkaten, ez enpresa hori tartean dagoelako, baizik eta lizitazioa irabazi duen enpresak denbora gutxi izan duelako ordenagailu sorta behar bezala prestatzeko (esleipena joan den astekoa omen da).

Neska-mutilak eta irakasleak, beraz, Ubunturekin ibili dira. Euskarazko interfazearekin, ikusi dugunez, eta Firefox bera ere, euskaraz menuak, eta euskara lehenetsita nabigazio hizkuntza bezala. Windows-arekin ez omen dituzte abiatu ere egin ordenagailuak, esan digutenez. Baina aprobarako geuk egin dugu, eta euskarazko instalazioa zeukatela ikusi dugu, LIP paketea ezarrita. Horrez gain, beste softwarerik ez omen daukate. Microsoft Office lizentziak erosi ziren, baina makinetan ez dela MS Office sartuko esan digute gaur Hezkuntza sailean Eskola 2.0 programan lanean dihardutenek. Ofimatikarako, hortaz, OpenOffice erabiliko dute. MS Office-ren lizentziak erosi izana Microsoftekin pakete merkeagoak lortzeko akordioagatik esplikatzen dela esan izan du Hezkuntza Sailak.

Arbel digitala

Ordenagailuez gain, arbel digitala ere ikusi dugu. Haurrak txoratzen ibili omen dira honekin, denek nahi zuten ukitu. Arbela ere ordenagailu batera lotua zegoen, eta han ere Ubuntu zebilen. GIMP ilustrazio programarekin eta Google Maps-ekin nabigatzen ibili direla jakin dugu.

Ordenagailuen armairu berezia


LH5eko ordenagailuak, beren armairu berezian gordeta.

Muskizko Gazte zentroan osatu den behin-behineko ikasgelan horniketa honen parte den beste osagarri bat ikusi dugu: ordenagailuentzako armairuak. Ikastorduak edo erabilpen-orduak amaitzean, ordenagailuak bertan sartzen dira, errekargatzeko, eta itxi egiten dira armairu horiek.

Armairuen lehen loteak, ordea, arazoa du: ordenagailu bakoitzari dagokion apal-zirrikitua txikiegia da: argazkian ikus dezakezue goian kabitzen direla, bai, baina doi-doi eta hori zuzendu egin behar dute. Urtarrilerako, ikastetxeetan ordenagailuak benetan ezartzen hasten direnerako, konponduko da hau, esan digutenez.

Bihar goizean ere jarraituko du demoak, leku berean, 9.30etatik 12.30etara.

Erantzunak

txipi
2009-10-08 : 18:48

Pasadan larunbateko asanbladan esandakoa, egiaztuta. Aupa Eskola Librea :-)

Txopi
2009-10-09 : 04:44

Eskerrak ezta? xDD

Sustatu
2009-10-09 : 14:52

Ordenagailuen beste irudi bat lortu dugu.



Argazkiak.org | Eskola 2.0 ordenagailuak © cc-by-sa: herri.admin


Itxuragatik, ematen du OLPC modeloaren koloreetara jo dutela... Modeloari begiratuta, iruditzen zaigu Medion Akoya Mini E1120 eramangarri txikiak direla.


Eneko
2009-10-09 : 18:13

Gaiarekin lotuta, polita bideo hau Ordiziako Jakintza ikastolan grabatutakoa.
Ez makina hutsak bakarrik, ikasleak ordenagailuekin lanean ikus daitezke :-)


Lehen hezkuntza baina gazteagoak oraindik, LHko 4. maila da.



Pedro Arreitunandia (tolon)
2009-10-09 : 19:54

Joder ...., Jakintza ikastolakook "la &%**##" zerate, zelako bideo zoragarriak egiten dituzuen. :)



Noski, bideoak baino garratzi handiago du ikasgelan egiten duzuen lana, baina bideo hauek, ...., puf , a zelako bideoak.



Hurrengo Oscar zaria zuentzako !!!

Sustatu
2009-10-09 : 23:41

Fernando Juarez Muskizko liburuzain eta internauta saiatuak argazki sorta egin du gaur demoaren bigarren inguruan, eta horiek Sustatun partekatzeko baimena eman du.



Ubuntu erabiltzen Eskola 2.0 ekimeneko makinetan
© baimenarekin: Fernando Juarez


Hardwarearen itxuragatik, duda barik Medion Akoya Mini E1120 aparailuak dira.


xuriken
2009-10-10 : 00:34

Nire irudipena da edo azken argazi honetako ezkerreko netbook-ean Telefónicaren logoa dago? Inork badaki zergatik?

Bestalde, Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleek, bai horixe, bideo zoragarriak egin izan dituzte. Horra beste bat.

xuriken
2009-10-10 : 00:35

Barkatu, testua oso osorik irakurrita ohartu naiz eman duzuela Telefónicaren inguruko azalpenik...

Julen
2009-10-10 : 14:47

Detaile txiki bat ageri da argazkietan: interfazeak euskaraz egon arren, lehenengo instalazioa gazteleraz egina dago. Horren lekuko, laster-marken tresna-barran "Más visitados" agertzea. Testu hori profila sortzearekin batera geratzen da, hortaz argi dago gazteleraz egin dituztela instalazioak.



Hau konfirmatzeko beste pista bat goian eskuinaldean dago, "Usuario" agertzen baita makinaren erabiltzaile-izen gisa.

Sustatu
2009-10-19 : 09:44

Hona ETB1ko albistegian demo honen inguruan azaldutako bideoa:



Ikasgelan begirale bat laguntza ematen den une bakarrean, gazteleraz ari da bederen. Baina unetxo bat besterik ez da.


Bestalde, ekimen honetarako zenbait logo sortu dituzte. Hona adibide bat:



Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago