Itzuli orri nagusira Bidali hau

Praka barrenen moda

© cc-by-sa  Leire Narbaiza ¦ 2009-09-18 ¦ 06:23 ¦ zer-erantzi

Urte batzuk dauzkagunok praka-barrenen moda asko ikusi eta sufritu ditugu. Alde batetik, hor dugu orain artekoa, kanpai-praka edo elefante hankadun prakena (kanpanoloak eguneroko hizkeran). Praka hauen barrenak luze-luzeak lagatzen ziren/dira zapata osorik tapatzeko, eta zenbat eta luzeago, hobe; tatarrez eroan eta barrenak txikitu arte.

Publizitatea

Beste sasoi batzuetan prakak peskan erabili izan ditugu; hau da, orkatilaraino justu-justuan, galtzetinak ondo erakusteko, inoiz ez zuriak, jakina! Ni joera honetakoa naiz, ez dakit zergatik, baina normalean barrenak hartzen dizkidatenean luze baino labur uzten dizkidate; izan ere, hazi ez naiz hazi joan deneko 25 urtean.....

Erosleentzat, dena den, erosoena, dudarik barik, barren arremangauak dira. Zer?? hori bada, prakei ezer egin gabe, praka-hanka jaso arremangau, (3000 hiztegiak garbaldu eskaini dit), eta aurrera. Ez da erosoa? Gainera, hazi, gizendu edota txarto garbaldu arren ez dago arazorik: hurrengoan ere nahi den neurrian jar liteke. Orain ez dago modan, baina lasai, etorriko da. Hombrerak (euskaltermek: sorbaldakoak/ besaburuko betegarri!!!) ere itzultzekotan dira!!!

Badirudi Frantzian neska gazteen artean barrenak beste era batera hartzen hasi direla, batez ere takoiak erabiltzen direnean. Barren-barrenean azpildura josi beharrean, libre lagatzen da, eta jostura orkatila baino gorago egiten da. Hortaz, barrenak prakaren benetako barrena izaten dute, argazki ebakin honetan ikus litekeen moduan:


Argazkiak.org | Frakaren barrena (gertutik) © cc-by-sa: goioarana

Zelan jakin dudan hori? Ségolène Royali esker. bai, bai, Sarkozyren kontra lehiatu zen PSFko burua. Madame Royal Poitou-Charentes erregioko lehendakaria da, eta ni bezala Royan-en egon da. Bera oporretan, ni frantsesa ikasten. Goiko argazki ebakina Paris Match-eko portada batetik atera dugu: Ségolène horrelako praka-barren batzuekin! Eskandalua Royanen! Nola liteke horrelako emakume batek horrelako barren batzuk erabiltzea, ez da batere dotorea, batez ere nerabea izan ezean!


Argazkiak.org | Barrena (azal osoa) © cc-by-sa: goioarana

Hau buruan nerabilela, Eibarren trenetik jaistean neska bati barren modu berri bat ikusi nion: praka pitilloak (hanka estu-estuak), barrenak luze-luzeak, takodun sandaliak....eta barren luuuuze horiek sandaliaren tiraren barrutik sartuta, botekin egiten den moduan!!!

Hamaika ikusteko jaio ginen, Ségolène!!

Erantzunak

#1. Argazki erromantikoa

Gari Araolaza ¦ 2009-09-18 ¦ 09:04

Nolako gauzetan fijatzen zaren, Leire.

Halako argazki erromantikoa izanda, nola begiratu praka barrenen detaile horri?

#2. 70ko hamarkadako punkien antzera

Maider Arregi ¦ 2009-09-18 ¦ 09:18

Onartu behar dut nik ere prakak orkatilan estu estu eramaten ditudala. Nire osabak kontatu zidan, 20 urterekin amonari praka guztiak estutzeko eskatzen zizkiola...eta begira, orain horrela saltzen dute!!!Punkiek ere praka 'pitilloak' eramaten zituzten/dituzte...

#3. Re: Praka barrenen moda

eneko ¦ 2009-09-18 ¦ 09:26

Jostunen familietan diogu prakak, jakak, trajeak, janzkiak, ... denbora nahiko gordez gero, agian ukituren premiaren batekin baina urte batzuetara berriro modan jarriko zaizkizula. Praka barrenak, paparrak, botonadurak, luzeerak, ... Ségolène-n hauek 68a edo apur bat geroagoko urteak dakarte gogora.

Kontua ez da berria, Thoureu berak esan omen zuen: "belaunaldi guztiek aurrekoen modataz barre egiten du, baina zintzoki jarraitzen du berria" (nahiz eta antzerakoa izan).

Ez dut uste euskal jantziak batzen duen museo edo toki bateraturik dagoenik, baina hona zenbait jantzien museo:

#4. Ez moztu barrenak

Usoa Agirre ¦ 2009-09-18 ¦ 10:41

Lehen dendan erositako denei barrenak hartu beharra izaten zen. Orain, berriz, praka barrenei buelta eman, edo bota barrutik sartu eta listo! Lan bat gutxiago. Gainera, moda-modan joango zara. Ikusi datorren udaberrirako Ralph Laurenen prakak.

Oso atal interesgarria Zer erantzi hau. Animo hiruroi!

#5. Re: Praka barrenen moda

Luistxo ¦ 2009-09-18 ¦ 10:48

Praka barrenen neure estiloa faboritoa altu-altu eroatearen aldekoa da. Zapatila bajuak eroanda, kaltzetinak apur bat bistan, ez Michael Jacksonenak bezainbeste baina hortxe.

Eta barrenak ez badira hain altuak, bakeroen kasuan, buelta parea.

#6. Re: Praka barrenen moda

desplazatua ¦ 2009-09-18 ¦ 11:37

Usoak dinoana, "praka barrenei buelta eman, edo bota barrutik sartu eta listo!" neuk pe egiten dot, baina bota barrenian sartu barik; arazo txiki bat eukitzen dot gero: luzegi lagatzen ditxudala bueltia emon arren be, ta zapaldu ta zapaldu ostian, barrena bera aldenik alde apurtuta eruaten dotela; narras itxuria emoten dabe, baina sasoi baten holaxe eruan izan ditxugu praka azpikalde guztiak;-)

Zelako tarte entretenigarrixa!

#7. Re: Praka barrenen moda

Josu ¦ 2009-09-18 ¦ 12:10

Neri desplazatuari gertatzen zaiona ere gertatzen zait. Horregatik, azkenaldian, lehen egiten zen bezala, barrenak neurrian jartzen dizkidate. Nik nahiago horrela, batez ere barrenak zabalak direnean. Pitilloak baldin badira, barrenak ez dira lurreraino hain erraz heltzen.

#8. Re: Praka barrenen moda

Amayi ¦ 2009-09-18 ¦ 18:39

Garai batean galtza guztik neurrin izate nittun, barrenik hartu beharrik gabe, pozik jute nitzen galtzak erostea orain berriz........ denak luze! Okurritu ezkero barrenak hartzea... arazoa! Oinetakoen arabera laburrago edo luzeago geratzen zaizkit galtzak, oinetako batzuekin badirudi kiskilla bila noala eta besteekin lurra garbitzen, ezin asmatu aizue!

Erantzun (klik zabaltzeko)

Facebook

Zer Erantzi

Zer erantzi: moda, estetika, estiloa... Estereotipoak borrokatzeko gogoz, hiru estilista: Elena Laka, Leire Narbaiza eta Amodio Jauna elastikoa.

Badakizu zuk ezer estiloaz edo estilo faltaz? Zure kamisetak, modak edo abarrak hemen agerrarazi nahi? Idatzi lotsa barik: erantzi@sustatu.com

 

Albiste gehiago

zer-erantzi gaia duten albiste gehiago