Teknologia albisteak
8

AP-1 autobidea: Itzulera operazioan huts egingo du

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-08-24 : 10:08

AP-1 autobidea aurten ireki da osorik Gipuzkoa eta Araba Debarrotik bat eginez. Agintarien asmoa izan da Europako Paris-Madril ardatzean horixe izatea ibilbide nagusia, eta bide azkarrena berori izango da gainera. Norabide batean ondo ibili da, Europako Irteera operazioan zuzen bideratu ziren bertatik hegoalderanzko etorkinak. Itzuleran, ordea, postura egingo nuke, porrota izango da, egina dagoen moduagatik, oso gutxik hartuko baitute AP-1 autobidea Araban.


Argazkiak.org | AP-1, iparraldeko muturra © cc-by-sa: sustatu

Uztailean komentatu nuen Eibartarrak zerrendan autopista Gasteiztik hartzea ze zaila den... Gasteizko seinalizazioak okerrak dira bai. Baina autopista horrek badu beste arazo bat, eta Espainia-Frantzia ardatzeko trafikoa hortik bideratu nahi bada, huts egiten du nabarmen.

Norabide batean, bale, baina bestean huts. Europako irteera operazioan, funtzionatu. Itzulerakoan, kale egingo du.

Iparraldeko muturrean, Eibarren hasten den mutur honetan, ondo seinalizatuta dago autopista orain. Akaso aurretik ez du abisu berezirik, baina Maltzagan jarritako bi kartel berriak, Ap8-tik zatozela, ezin argiagoak dira. MADRID > ALGECIRAS > kartel elebidunak daude, arabieraz ere bai. Ez dago perdidarik, hara beheraino ez bazoaz edo afrikarra ez bazara ere, hegoaldera jiratzeko lekua hori dela argi geratzen da. Akaso kartel berean Gasteiz eta Burgos jartzea ez legoke gaizki, baina tira, bego. Hortaz, hartu bidea A8tik Eibarren, eta bazoaz AP-1etik behera, hegoalderantz.

Suposatzen dut Europako etorkin askoren oporretan Maltzagako seinale horrek AP-1era bideratu dituela, joaterakoan.

Beste muturrean egiten du kale, ostera, AP-1 horrek. Araba partean. Hemen Maltzagan autopista A8tik abiatzen den bezala, espero zitekeen AP-1eko hegoaldeko muturrean N1ekin egingo zuela bat. Baina ez, AP-1 Arabako patata-soroetan amaitzen da, bi muturretan edo, bata Miñao inguruan, bestea Foronda inguruan, baina N-1era iristeko lauzpabost kilometro eskas bietan... Rotondak, beste karretera batzuekin bategiteak, jiro pare bat atento egotekoak... Holako ibilbide absurdo pare bat geratzen dira Miñao eta Forondatik berriz Madrilerako bidea hartzeko. Ez dago, gainera, Madrid-Algeciras kartel elebidunik, baina, tira, topatu daiteke bidea nolabait aurrera eginda.

Kontrako norabidean, ostera, ez. Hor bai ezetz.

Gaztelatik bazatozte Euskal Herrira, konprobatuko duzue. Burgos partetik bazatoz... puff, edo Bilbora jarraitzen duzu Armiñon parte horretan autopistatik (ap-68) edo Donostia bi seinale desberdinekin markatzen zaituzten bideetatik zoaz... eta tira, N-1etik bazoaz (AP-1ekin bat egiteko, Armiñonen hartu beharreko lehen urratsa), ba ez da batere erraza Ap-1era desbideratzea Gasteiz inguruetatik, ez dago batere argi... Errazagoa da aurrera jo, eta Altsasuraino iristea. Debarroko biztanleak izan ezik, inor gutxi konturatzen da hor beste bide motzago bat dagoenik.

Ap-1etik dabilen batek baino gehiagok komentatu dut, hego-ipar norabidean ze gutxi dabiltzan. Ez da harritzekoa. Oso zaila da ap-1 aurkitzea Arabako lautada horietan... Itzulera operazioan denean, Algecirastik datozenetatik, oso gutxi sartuko dira AP-1-n. Ez dute topatuko. Ez da, ia seguru nago, trafiko plusik egongo autopista horretan iparralderako norabidean abuztu amaieran. Joaterakoan, Maltzagan argi samar dagoena, bueltarakoan topatzen ez dute asmatuko.

Erantzunak

Gari
2009-08-24 : 11:15

Afrika aldetik datozenentzat ez du balioko, baina marraztu dut mapa honetan nondik joan behar den AP-1 hori hartu ahal izateko:


AP-1 hartzeko bidea


Unai
2009-08-24 : 11:46

Ba Afrikatik datozenentzat hobe. Dirua aurreztuko dute: Gasteiz-Donostia 10€ inguru.

Pello
2009-08-24 : 12:43

Ez, ez, Afrikatik Europaruntz doazenentzako Araban antolatuta dagoen tranpa pittin bat sofistikatuagoa da. Eta honetan datza: Miranda pasatakoan sinaleek Bilborunzko autopistari (E804, AP 68) ematen diote lehentasuna esanez hortik joaten dela Frantziara. Galdetu zuen inguruan zenbat diren Donostiaruntz zetozela oharkabean Bilbon aurkitu direnak, zergatik eta seinaleak antolatu dituztenek nabarmenago ipini dutelako ordainpeko autopistarako sarbidea debaldeko betiko N-Irakoa baino. Hor erortzen badira oraindik hemengoak, imajinatu Afrikatik datozenak. Autozaleak engainatu eta peajea kobratzekotan, logikoa da buelta garestienera bideratzea eta ez Gasteiz-Maltzaga-Donostiakora.

Desplazatua
2009-08-24 : 20:40

Pellok dioen moduan ni neuk be, Afrikatik barik Espainiatik bueltan, ia Bilbora hartu neban AP1era sarrera bila; dezente anabastuta dao sarrera, eta N1etik Lukorarte joatea ere nahikoa zaila Burgos aldetik etorritxa. A, ta, nere telefonoko (Nokia Navigator)GPSak gainera, AP1eko zati berrixa hartzen dozunian, landa batetik zoiatzela adierazten dau; Arrasateo biribera heldu arte eztau AP1 markatzen; eskerrak eztaben esaten "de la buelta", bestela... Baina bueno hori nere mobilaren GPSa izango da, berritu barik daukatelako, espero.

tolon
2009-08-25 : 18:03

ez naiz orduan ni neu "torpe" bakarra. :)


Atzo egun pasa ibili ginan Harotik gertu dagoen Castañares de la Rioja kanpinean.


Zuk aipatutako bidea jarraitu genuen, eta Gasteiz inguruan zuk aipaturiko arazoak izan genituen. Bagenekien Arrasate aldera joan nahi genuela, baina ez zegoen kartel bat bera ere "Arrasate-Mondragon" jartzen zuenik.


Okerreko bidea hartzeko zorian ibili nintzan, baina azkenean asmatu nuen.


Torpea neu nintzalakoan, baina badirudi arazoa ez dela nirea bakarrik. :)


eneko
2009-08-25 : 18:27

Afrikatik ez, baina uda honetan auto ezberdinetan Madriletik zetozen pare bat lagun Pellok aipatzen duen "tranpan" erori eta Bilbon bukatu dute, kilometro batzuk gehiago egin eta euro batzuk gehiago ordainduz.

Pello
2009-08-26 : 11:57

"Gure" autopistan alderantzizko norabidean ere -Bilboranzkoan-egiten diete tranpa atzerritarrei, seinale nahasmentsuak ipinita. Zenbat magrebiar errukarri ez dugu denok ikusi autopista horretatik despistatuta... mordoa urtea joan eta urtea etorri. Aparte aborijen gehienok noiz edo noiz egin dugun alferrikako bidaia pagatuzkoa. Eta orain galdera: Qui prodest? O sea, zein(tzu) prodesten eta probesten d(ir)a?

Luistxo Fernandez
2009-09-03 : 21:58

Erakundeen amarrua iradokitzen du goian eztabaida honetako baten batek: herri-administrazioek jendea bide jakin batetik desbideratu nahi izatea, bidesaria kobratu ahal izateko.


Uste dut dut baietz, hori gertatzen dela, baina logikoa dela, eta izatez, ezkutatu ere ez dela egiten horren baliagarritasuna. Uste dut autopista hori egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak erabili izan duen justifikazioetako bat dela Espainia-Frantzia ardatzean pasabide nagusia egitea zela koxka. Azpiegituren eztabaidetan aipatzen da sarri nola bertakoen zergen bizkar kanpokoei zerbitzuak ematea desorekatua dela...


Suitzan, adibidez, Europako bidesari sistema sendoenetako bat dute: bertakoentzat urteko pase bat, ekonomiko samar irteten zaiena; kanpokoei, egun bateko edo astebeteko paseak, garesti samarrak. Bertan zergak ordaindu eta bizi denaren mesedetan da hau.


Holako modelo orekatu baten noizedonoiz esan du zerbait GFAk. Egin gutxi, ordea. Desoreka da nagusi hemen. Azken emaitza da Beasainen bizi bazara, bertatik Bergarara, Gasteizera edo Donostiara bi karrileko ibilbide batetik abiatzea doan irteten zaizula. Eibartik, hiru herri horietara bi karrileko ibilbidetik abiatzea, ordaindu egin behar da ordea.


Eta kanpokoentzat ap-1 ardatz berri hau bidesaria kobratzeko egin bada, norabide bakarrean funtzionatzen duen ardatza dela argi dago oraingoz. Norabide bakarreko autopista bat egitea ere...


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago