Teknologia albisteak

‘Euskaraz seguruago’ kanpaina abiatuko dute Kontseiluak, Ziurtagiriaren Elkarteak eta Behatokiak

Erabiltzailearen aurpegia
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
2009-04-21 : 19:04

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak ‘Euskaraz seguruago’, aseguru-etxeetan eragiteko ekintza-plana abiatuko dute. Kanpainaren nondik norakoak azaldu dituzte prentsaurrekoan.

“Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza da eta euskal herritar guztien hizkuntza izatea nahi dugu. Aukera hori hartu dugunontzat euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahi ditugu eta horretarako aritu gara, ari gara eta ariko gara lanean euskalgintzan, elkarlanean, gaur hemen irudikatzen ari garen bezala. Hizkuntzarentzat esparruak garatu eta zabaldu nahi ditugu, bizitza euskaraz normaltasunez egiteko”, azaldu du Kontseiluko kide Zigor Etxeburuak.

Urte hauetan guztietan euskararen normalizazioan aurreratutakoa kontuan izanik ere, normalizaziora iristeko bidea falta dela azaldu du Kontseiluko ordezkariak. Euskararen garapena nahi baino mantsoago ari dela gertatzen nabarmendu du eta horrekin batera, “euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak”, Etxeburuaren hitzetan. Ezintasun horren adibide, egunerokoan aseguru-etxeekin izaten ditugun hartu-emanak aipatu ditu. Eta hain zuzen ere, testuinguru horretan kokatu du aurkeztutako dinamika.

Aurten Kontseiluak bultzatuko dituen eragin-dinamiken bidez, lagundu eta eragin nahi du entitateek zerbitzua euskaraz ematea eta lana ere euskaraz egitea. Horretarako, Euskal Herri mailako lanketa bereziak egingo dira. Horien artean, aseguru-etxeei zuzendutako ‘Euskaraz-seguruago’ kanpaina. Honen helburua, aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz ere jasotzea du helburu. Norbanako euskaltzaleei eta era guztietako gizarte-eragile eta entitateei luzatuko zaie parte hartzeko deia. Herrietako euskalgintzari, herriko etxeei edo udaletxeei ere kanpainan parte hartzeko gonbita luzatuko zaie.

Herrietan hilaren 20an abiatu dela azaldu du Kontseiluko kideak. Gizarte-eragile eta entitateek gonbidapena eta eskabide-orria jasoko dute eta kanpainan parte hartu nahi dutenek, euren aseguru-etxeari eskabide-orria bidaliko diete. Honekin batera, Kontseiluari baimena ematen badiete, datuak web orrian sartzeko eskatuko zaie Kontseiluak eskaera bateratuak egiteko.

Norbanakoei dagokionez berriz, Kontseiluaren web gunearen bitartez eskuratu ahal izango dituzte eskaera-orriak. Bertan, egongo den ‘euskaraz seguruago’ atalean. Baimena emanez gero, datuak web orrian sartzeko eskatuko zaie, aseguru-etxeei zuzendutako eskari zabaletan erabiltzeko.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren gestioaz arduratzen den Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek, Bai Euskarari Ziurtagiriak, aurrez finkatutako irizpideen arabera, entitate bat euskararen normalizaziorako urrats zehatzak ematen ari dela egiaztatzen duela azaldu du. “Entitate hauen lana kreditatzen duen bereizgarria da Ziurtagiria”. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea du helburu Ziurtagiriaren Elkarteak. Helburu hori lortzeko berebiziko garrantzia du entitate baten hornitzaileek egiten duten lana ere euskalduntzeak. Hornitzaileen atal honetan, besteak beste, aseguru-etxeak daude.

Euskal Herri osoan enpresa, saltoki eta era guztietako entitate asko daude euskaraz lan egin nahi dutenak. Horren erakusle dira Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten Euskal Herri osoko ia 1.600 entitateak. Aseguru-etxeak dira euskaraz (ere) aritzeko zailtasunak dituzten kanpoko-hornitzaileetako batzuk. “Kanpoko eragin horiek Ziurtagiriaren Elkarteak ezin ditu kontrolatu, baina aurrez esan bezala euskaraz aritu nahi duten beste entitate ugariren lana baldintzatzen dute.

Datuak eskuartean hartuta 534 entitate dira zerbitzua euskaraz ematen dutenak baina ezin dute ‘zerbitzua eta lana euskaraz’ maila eskuratu, besteak beste, euren aseguru-etxeak ez dielako euskarazko zerbitzurik ematen”, adierazi du Rober Gutierrezek.

Arlo-sozioekonomikoaren euskalduntzean eragin ahal izateko, aseguru-etxeen euskalduntzea aldarrikatu du Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok, Behatokiak berriki argitaratu duen Aseguru-kontratuak eta hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian 11. txosten berezituaren berri eman du. Txostena egitearen arrazoia ere argitu du Bilbaok: “azken urteotan hainbat kexa jaso dugu herritarren aldetik aseguru-polizak, kontratuak, baldintzak eta abarrekoak gaztelania hutsean helarazten zitzaizkielako. Euskararen telefonoa zerbitzuaren bidez hainbat eta hainbat kexa bideratu zuen Behatokiak horren karira, eta kontuan hartuta aseguru-etxeek izaera berezia dutela, derrigortasun handiagoa izan beharko lukete herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Izan ere, haiek eskaintzen dituzte hainbat zerbitzu nahitaezkoak direlako: auto-asegurua, erantzukizun zibileko asegurua etab.”

Legediek arlo honetan jasotzen dutenaren berri eman du Behatokiko zuzendariak. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Frantziako Estatuak, ohiko moduan, frantsesaren derrigorrezko erabilera besterik ez du ezartzen. Eta “Europako Batasuneko Arteztarauak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan aplikagarriak izan arren, gure hizkuntzari ofizialtasun izaerarik aitortu ez zaionez eta Frantziako legediak aseguruen esparruan euskararen erabilera ahalbidetzen ez duenez, Arteztarauko xedapenak ez du inolako eraginkortasun praktikorik”, adierazi du Bilbaok. Code des assurances delakoan frantsesaren derrigorrezko erabilera besterik ez da jasotzen.

Hego Euskal Herriari dagokionez, berriz, aseguru-etxeek eta aseguru-bitartekariek balizko aseguru-hartzaileari aseguruen inguruko legeek aurreikusitako informazioa euskaraz eskaintzeko derrigortasuna dute, aseguru-kontratua egikaritu aurretik. Bestetik, aseguru-hartzaileak legez aitortua du aseguru-poliza euskaraz jasotzeko eskubidea. Poliza euskara ofiziala den lur eremuan egiten bada, aseguru-hartzailearen eskubidea, nahia edo hautua aseguratzailearen betebehar bihurtzen da. Eta azkenik, poliza euskara ofiziala ez den lur eremuan formalizatzen bada, euskararen erabilera posiblea da, baina hizkuntza ofizialen inguruko definizio itxiak baldintza dezake euskararen presentzia. Beraz, Hego Euskal Herriko herritarrei aseguru-kontratua, poliza eta abarrekoa euskaraz jasotzeko eskubidea aitortzen zaie.

“Dinamika honen bidez Euskal Herrian lan egiten duten aseguru-etxeetan eragin nahi dugu, herritarren eskubideak berma ditzaten eta kontuan hartuta hainbat eremutan legea aldeko dugula, legea bera baliatuko dugu aseguruei hizkuntza-eskubideak berma ditzatela exijitzeko”, adierazi du Behatokiko zuzendariak. Honekin batera, ‘euskaraz bai’ leloa gauzatze bidean urratsak emateko baliagarri izango da.

Erantzun

Sartu