|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet PuntuEus elkartea: .eus dominioaren alde© cc-by-sa Sustatu ¦ 2009-01-29 ¦ 11:21 ¦ aldarrikapenakGaur goizean aurkeztu da Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan PuntuEus elkartea, .eus dominioaren alde lan egingo duen elkartea. Euskara eta euskal kultura Interneten; horixe da elkartearen aldarria. Euskarak erronka berri bat du: Interneten bere izen propioa sortzea. Interneten, izena eta izana elkarrekin baitoaz. Interneten, izenik ez duena, ez da. Eta hori da euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen erronka berria: Interneteko eremu birtualean nazioarteko aitorpena eskainiko dion ikur edo sinboloa sortzea: .EUS domeinua. Horretarako sortu da PuntuEus Elkartea, .EUS domeinua eskuratzeko.
Lan horretarako bildu dira, elkarte horren baitan, besteak beste, Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Partaide Ikastolak eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Kataluniarrek 2005. urtean lortu zuten .cat domeinua (albistea Sustatun) eta haren bidetik beste hainbat ekimen ere sortu dira, .eus honetaz aparte, galegoarena, bretoierarena eta galesarena. Gaur goizeko prentsaurrekoaren ondoren, arratsaldeko 8etan beste ekitaldi bat egingo du .eus elkarteak Durangoko Plateruena kafe-antzokian. Ekitaldi horretan, .EUS domeinua lortzea helburu duen proiektua aurkeztuko da eta, bertan, dantzariak, bertsolariak, idazleak, proiektuaren bideoa eta beste zenbait ikuskizun dastatzeko aukera izango da. Bukaeran, zer jan eta zer edan ere izango da, antolatzaileek iragarri dutenez. Ekimen honen inguruko informazio guztia eta proiektuarekin bat egiteko aukera elkartearen webgunean: www.puntueus.org. Erantzunak#1. PuntuEus Elkartea-ren aurkezpenaSustatu ¦ 2009-01-29 ¦ 12:33Gaur goizeko prentsaurrekoan honako prentsa-oharra banatu du PuntuEus elkarteak: Euskarak bildu gaitu PuntuEus Elkartean. Euskarak eta bere erronka berriek elkartu gaituzte. Euskarak,bere txikitasunetik,erronka guztiei erantzun behar dielako elkartu gara gaur hemen. Eta guk erronka horietako bati heldu diogu: euskara eta euskal kultura Interneteko espazioan ikusgarri bilakatzeari, hain zuzen. Euskararen eta euskal kulturaren Interneteko presentziari, izanari,izena jarri nahi diogu. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak gure bizitzako esparru guztietara hedatu dira, zeharkako bilakatu dira.IKT euskararen erronka berrien ardatza dira.Arriskuz eta aukerez josita datozen erronkak.Euskara bezalako eremu urriko hizkuntzentzat ordea, arriskuak aukera bilakatzea ezinbestekoa da. Euskaldunok,beharrezkoa dugu teknologiak euskarara hurbiltzea, euskara teknologien bitartez munduratzea ahalbidetu behar dugun modu berean. Aretxikiago izatera eraman gaitzakeenaz baliatzea da gurelana, ikusgarri bilakatu nahi bagara. Zentzu horretan,euskara bezalako eremu urriko hizkuntzentzat, ateak irekiak ditu Internetek. Eta milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoarekin, euskararen presentzia erreala bezain bizia da Interneten.Euskaraz bizi gaitezke eta euskaraz bizi behar dugu sarean, euskara bizi dadin. Euskarak beraz, Interneteko espazio birtualean bere espazioa, izan, badu. Baina izanari izena jarri nahi diogu. Existitzen den euskarazko Internet horri, Interneteko Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitateari, ikur bat sortu nahi diogu. Sinbolo bat. Izen bat. Interneteko sareen sarean, euskara eta euskal kultura identifikatzeko balioko duen izen bat. Euskararen presentzia bera areagotuko duena, komunitatea indartuko duena. Interneten berezko kultura-aniztasuna egiazkoagoa bilakatuko duena. Finean, munduan zehar barreiatua dagoen Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateari nazioarteko aitortza eskainiko dion ikur bat lortu nahi dugu: .eus domeinua.Hori da PuntuEus Elkartearen abiapuntua eta helburua. Erronka horrek ordea, ibilbide luze bat eskatzen du. Ibilbide hori luzea izango da, baina ez da bidea asmatu behar. Duela hiru urte pasatxo sortu zen hizkuntza eta kulturak Interneten ikusgarri bilakatzeko lehen domeinua: .CAT, Hizkuntza eta Kultura Katalanaren Domeinua. Bidea, beraz, diseinatua dago. Eta diseinatua dagoelako, bide horretako lehen urratsak eman dira. Euskararen eta euskal kulturaren Interneteko ikurra lortzeko ibilbidea, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateak egin behar du. Komunitateak egin beharreko bidea da. Modu bateratuan egin behar duguna. .EUS Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen domeinua izango da. Aniztasuna da komunitate horren ezaugarri nagusia, eta euskara eta euskal kultura bere ardatza. Oraindik bide luzea geratzen zaigu. Ibilbide luzea da, beraz, hasi besterik egin ez duguna. Eta hori da gaur hemen biltzen gaituen asmoa: PuntuEus Elkartearen aurkezpena.Ibilbide luze horretako lehen urratsa eman baitugu:Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea ordezkatuko duen PuntuEus Elkartea sortzea. PuntuEus Elkartea izango da .EUS domeinua lortzeko eskaria aurkeztuko duena eta, beraz, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea modu esanguratsuan ordezkatu behar du. Ordezkaritza horren abiapuntua da guretzat gaur hemen aurkezten dugun PuntuEus Elkartea. Hasiera bat da. Lehen elkartzea. Gaurtik aurrera eta .EUS domeinuaren eskaria aurkeztu arte, zabaldu eta zabaldu egin behar dugun elkartea da PuntuEus Elkartea. 2008ko apirilaren 2an eratu genuen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen baitako hamaika talde edota erakunde ezberdin elkartuta. Euskalgintza arlotik:
Hezkuntza arlotik:
Eta azkenik, Internet eta komunikazioaren arloan:
Esan bezala, hau hasiera bat besterik ez da. Duela ia urtebete eratu genuen PuntuEus Elkartea eta bere helburu bakarra .EUS domeinua lortzea da. Orain PuntuEus Elkartea zabaldu eta zabaldu ari gara.Denontzako lekua dago.Inor ez dago soberan. Ibilbidea luzea baina elkarrekin egitekoa baita. Beraz, gaurko aukera hau parte-hartzera gonbidatzeko baliatzen dugu. Bukatzeko, bi aipamen. Batetik, PuntuEus Elkartearen aurkezpenak bigarren zati bat izango duela, gaur iluntzeko 20:00tan Durangoko Plateruenan egingo den jaialdian. Bestetik, eta gaurtik aurrera, zuen eskura dituzue PuntuEus Elkartearen webgunea, www.puntueus.org eta kontakturako posta-elektronikoa:info@puntueus.org. Mila esker. #2. Ez al da egokiagoa .ehFelipe ¦ 2009-01-29 ¦ 15:36Ba nire iritzi apalean nazio mailako domeinua da behar duguna, eta gure nazioa Euskal Herria denez, gure domeinuaren luzapen egokiena .eh litzateke. #3. Re: Ez al da egokiagoa .ehBenito ¦ 2009-01-29 ¦ 16:15.eh domeinua Mendebaldeko Saharari esleituta dago printzipioz. Ez da inoiz aktibatu dirudienez, baina gordeta dagoela ematen du. Bestalde, gogoratzen dut duela urtetxo batzuk baten batek proposatu zuela Polisarioarekin edo tratua egitea domeinu hori Euskal Herrian erabili ahal izateko, baina harezkero ez dut gehiago entzun edo irakurri. #4. Re: Ez al da egokiagoa .ehBenito ¦ 2009-01-29 ¦ 16:28Aurrekoa osatzeko, honen inguruko lotura batzuk:
Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagoPortadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|