|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Inprimatu Kafe Antzokia Martxan! Sinadura bilketa webgune berrianJabi Zabala ¦ 2009-01-16 ¦ 10:25 ¦ bestelakoakDakizuenez, Bilboko Udalak Kafe Antzokia ixteko agindua eman zuen iragan astean. Bilboko euskal topagune eta kultura gune nagusia hilabetez itxi eta isuna ordainarazteaz gain, haren etorkizuneko bideragarritasuna kolokan jartzen duen edukiera murritza ezarri nahi dio udalak. Murrizketa hori ezartzen duen udal ordenantza aldatzea nahikoa litzateke arazoa konpontzeko, baina oraino udal agintariek ez dute Kafe Antzokiarekin hitz egin nahi izan. Afera honen inguruko informazioa emateko eta atxikimenduak biltzeko webgune berria jarri du abian Kafe Antzokiak. Konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa delako, Bilbok Kafe Antzokia martxan behar duelako. Martxoaren 2an, goizaldeko 5etan udaltzainek egindako kontaketa batean legezko edukiera bikoizten zuen lagun kopurua aurkitu zutelako etorri zitzaion Kafe Antzokiari seguraski zigortua izango zen ohartarazpena. Ordura arteko segurtasuna eta gauetan jendetzarik ez pilatzeko kontrolak estutu zituen ordutik Kafe Antzokiak, baina sorpresaz etorri zitzaion gabon gauean zigortua izango zen jakinarazpena. Egun gutxiren buruan helegiteak aurkeztu zituen Kafe Antzokiak baina udalak atzera bota zituen. Urtarrilaren 8an goizez aurkeztu ziren udaltzainak Kafe Antzokian, aretoak gaueko 12etan hilabeterako itxi beharko zuela aginduz. Bere ostalaritza zerbitzu guztiak (jatetxea, taberna) eta abian zegoen kultura programazio guztia bertan behera ekarri du neurri honek. Kaltea egina dago, eta ulertzekoa da isunak xedatutako 2.000 euroak baino askoz harago doala: langileen soldatak, erositako elikagaiak, hilabetez irabaziko ez diren sosak, ordaindu beharreko fakturak... Hala ere, arazoa ez da hilabetegarrenera amaituko, askoz sakonagoa baita: edukiera murritz honekin eta berau zorroztasunez betetzera behartuta, Kafe Antzokia ez da gaur ezagutzen dugun moduan bideragarria izango etorkizunean. Zorionez, babes zibileko teknikarien arabera, aretoaren azalerak teknikoki ahalbidetzen du legezko edukiera egungoa baino askoz gehiagora jasotzea, beste larrialdi irteera bat gehituko lukeen lan txiki bat eginda. Alabaina, murrizketa udal ordenantza batek ezartzen du, Abandoko Albia "ingurune saturatutzat" dutelako. Zer esan nahi du honek? Udalaren arabera, taberna gehiegi dago eta jende gehiegi dabil gauez inguru horretan. Beraz, jende gutxiago ibil dadin, fisikoki onartzen duena baino murritzagoa ezarri diote aforoa udal agintariek Kafe Antzokiari. Gakoa, beraz, udaletxean dago. Eta zein da udalaren jarrera afera honekiko? Ateak itxita, interlokuziorik eza, sinestezina badirudi ere. Baina hau ez da berria udal agintarien Kafe Antzokiarekiko jarreran. Argigarria izango da azken hamahiru urteotan Bilboko Udalak Kafe Antzokiari emandako laguntza hutsaren hurrengo izan dela kontatzea. Bitartean, Kafe Antzokiak bere bidea jarraitu du, barran ateratzen diren diruak berriro euskara sustatzeko ekimenetara bideratuz: Zenbat Gara kultura elkarteak sustatutako Bilbo Hiria irrati euskaldun ez komertziala, haurrentzako iganderoko saioak eta Kafe Antzokiak hilero antolatzen dituen euskal kantagintza zein euskal dantza saioak dira, besteak beste, diru horrek sustengatzen dituen ekimenak. Ekimen pribatukoa izanik, Kafe Antzokia ez da inor aberasteko negozioa; nork bere soldata jaso eta kitto. Hori ezin dute ulertu Bilboko agintari erdaldunek: "hauek zoratuta daude edo gezurretan dabiltza", pentsatuko dute segur aski, inoiz horretaz pentsatzen jarri baldin badira. Kafe Antzokia ez da diskoteka bat, euskalgintzatik abiatutako ekimena baizik. Interlokuzio politikoa behar du, ez isunetako lehiatila administratiboak. Udalean euskara arloak, kultura arloak, turismo arloak (eta orain, langabezira bidean jarri gaituzten honetan enplegu sustapen arloak) onartu eta estimatu beharko luketeen proiektu bizi eta autofinantziatu eredugarria da, ez hiritarren segurtasun arloak zigortu beharreko antro ilegala. Arriaga antzokiaren pareko ekitaldi bolumena izanik, udalak Arriagan 9.000 euro gastatzen omen ditu egunero, Kafe Antzokian pezeta bat ez du inbertitu azken hamahiru urteotan. Beraz, Bilbori zerbitzu bikaina eman eta haren izena munduan zabaltzearen truke merke baino merkeagoa ateratzen zaio hiriari Kafe Antzokia. Bere ostalaritza lizentziak dioenaz harago, Kafe Antzokia ez da gau giroko lokal huts bat. Azkuna jaunak eta gainerako udal agintariek ulertu behar dute euskaldunok ezinbestekoa dugula Bilbon Kafe Antzokia. Erdaldun askorentzat ere pentsaezina da egun Kafe Antzokirik gabeko Bilbo bat. Ezin dugu 1995 aurreko egoerara bueltatu, Bilbok ez du horrelakorik merezi. Kafe Antzokia arrisku bizian dagoela eta gure politikariek ulertu behar dute egoera hau elkarrizketa eta negoziazio bidez konpondu beharra dagoela. Astakeria hau zuzen dezaten eskatzeko sinadurak biltzen hasi gara eta horretarako webgune berria ezarri dugu sarean. Hemendik deialdia egin nahi dut denok sinatu dezagun, Kafe Antzokia martxan behar dugulako! Erantzunak#1. Re: Kafe Antzokia Martxan! Sinadura bilketa webgune berrianBordaberria ¦ 2009-01-17 ¦ 08:16> Dirudienez, azken ordukoa da Udalak baldintza gogorragoak jartzen ari zaizkiola Antzokikoei et airtengabeko kale batetara eraman nahi dizkiela arau eta tanpa legal ugariekin. #2. Re: Kafe Antzokia Martxan! Sinadura bilketa webgune berrianiturrizar ¦ 2009-01-18 ¦ 21:06Mesedez, ez nahastu gauzak. Argi dago Kafe Antzokiak ez dituela arauak bete eta jakinaren gainean zegoela. #3. Ate bat Kafe AntzokiarentzatFermin Etxegoien ¦ 2009-01-19 ¦ 13:06Egoera larria da eta bertan behera etor daiteke Kafe Antzokia betiko, orain ematen zaion aforo kopuruarekin -300 lagun pasatxo- ilegala bilakatzen delako baita Ruper Ordorikak bertan eman zuen azken kontzertua ere -400 entzule pasatxo-. #4. Re: Ate bat Kafe Antzokiarentzatmartix ¦ 2009-01-19 ¦ 14:17Erabat ados Ferminekin eta Bordaberrirekin #5. Re: Ate bat Kafe AntzokiarentzatLorea ¦ 2009-01-20 ¦ 09:56nik bebai, #6. Re: Ate bat Kafe Antzokiarentzatbordaberria ¦ 2009-01-23 ¦ 11:18
Erantzun (klik zabaltzeko)ItxiFacebook bidez erantzun |
Albiste gehiagobestelakoak gaia duten albiste gehiago Portadan orainPil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|