Teknologia albisteak
9

Identitate euskaldunaz: mila buelta ematen

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - EHUko uda ikastaroak
2008-07-16 : 10:07

Aniztasun Berrien Harira izeneko EHUko uda ikastaroan izan nintzen atzo, arratsaldez mahaingurua nuelako. Goizetik ere joan nintzen ordea, interesa zuelakoan (ikastaroaren beste bi egunetan ere ez da interesik falta, noski). Euskaldunaren identitatea nola mamitzen den, horretaz jardun genuen. Oso azaleko laburpena da jarraian datorrena.

Mario Zubiagak marko teoriko konplikatu samar bat aurkeztu zigun, oso akademikoa, eta apur bat galduta utzi ninduen, nahiz eta interesa eta mamia sumatu nion. Gure herri honetan identitateak hezurmamitzen direnean hizkuntzaren katebegia non lotzen duen identitate-katea, zein puntutaraino lortzen duen ikuspegi hegemoniko bihurtzea... horrelako kontuak. Amaieran halako eszenario moduko batzuk aurkeztu zizkigun:

  • Utopia, askapen nazional politikoaren eskutik etorriko dela euskalduntasunaren salbazioa (gutxi gora-behera)
  • Distopia, politikatik at, beste era bateko sare batzuen bidez, euskara erlijio pertsonal bezala, identitate gisa gordeko ote dugun (Mikel Irizarren artikulu hau aipatu zuen adibidetzat)
  • Eutopia. Hau ez nuen ulertu, baina Lacan aipatu zuen, eta niri, Woody Alleni Wagnerrekin gertatzen zaion bezala, Polonia inbaditzeko gogoa sartzen zait Lacan entzutean.

Gero Joseba Zulaika etorri zen. Hitzaldi astuna eman zuen, eta ez nion tutik ulertu.

Jon Sarasua, berriz, Latinamerikako indigenekin eta dezimisten zitekin hasi zen, bere ohiko ildoan, baina mamian serio eta sutsu ere sartu zen. Euskararen biziaurepenerako minimoak direnak mahai gainean jartzeko gauza ez bagara, gelditu, eta hurrengo belaunaldirako ez ote ditugun gauzak utzi beharko. Minimo horietan, hizkuntzarentzako lurraldetasun printzipioak ezarri beharra aipatu zuen. Baina euskal intelligentsia ez dago horrelakoak pentsatzetik gertu, inondik inora. Ez zuen izenik bota, erratutako euskal intelligentsia horrena, salbu eta Ramon Zallorena. Horrez gain, alderdi politiko abertzaleetan hizkuntzari buruzko ikuspegi ganorazkoen faltaz ari zela iruditu zitzaidan. Eta hutsune mental eta intelektual hori nork bete beharko du? guk, euskaltzaleok, atzo han bilduta geudenok adibidez. Hala esan zuen Sarasuak. Lurraldetasunaren kontuari ere buelta gehiago eman zizkion, ze ezingo da bat-batean Belgikako eredura salto egin (Belgikakoa neuk diot, ez Sarasuak):

  • Lurralderik gabeko sare izaten asmatu (hau berriz Zubiagaren distopiaren eta Irizarren neo-ghettoaren ildotik)
  • Lurralde hegemoniari buruzko diskurtsoa egiten hasi edo saiatu
  • Lurralde kontzeptuari adiera metaforikoak eman, hegemonia-lurraldeak pluralean erabili, hegemonia-espazioak (hala-nola, eman zuen adibidea, berak lan egiten duen fakultatea, MUko Huhezi).

Joxe Manuel Odriozolak oso diskurtso beltza eta errealista du. Eta ez dakit nik berak argirik ikusten duen inon, baina argi hori etorriko da, etortzekotan, berea bezalako errealismotik (gauzei bere izena eman, estalkirik gabe) eta kontzeptuen finkapen intrantsigentetik: euskaldun izatea eta abertzale izatea ez dela gauza bera, eta euskaldun izatea ez dela, bere lagun abertzale eta mendizale batzuek uste duten bezala, borondate edo sentipen kontu bat. Ez. Horrelako euskaldunik ez dago: euskalduna da hizkuntzaren komunikazio gaitasunari lotutako kontu bat, gauza objektibo eta ez metafisikoa.

Elkarrizketa moduan planteatu zuen Odriozolak berea, eta animatua izan zen entzuleen parte-hartzea ere. Euskaldun izatea, hizkuntzaren ezagupen soiletik harantzago doala ere esan zuen, sozializazio kontua da euskaldun izatearena, eta bat nator ni horretan berekin: euskaraz bizitzeko autuarekin lotuta dago egun, ze auto kontziente hori gabe, "ez da berez irteten", eta hautu kontziente bat, ez erraza gero, zailtasun eta borrokekin etengabe egin beharko duzula jakitun hartzen duzun autua: nola izan euskaldun bestela Donostian (urrutiago joan gabe), ez bada beti borrokan, beti haserretzen, beti matraka eman behar hori sentitu gabe. Tira, irakurri Odriozolaren liburua, ze blogik ez du gizonak (ezta atzo hitz egindako beste edonork, hau sinatzen duenak salbu: entzuleen artean ere galdetu nuen, ea inork kontatuko duen ikastaroaren berri Interneten, eta ez, ke-ba, okurritu ere ez inori: unibertsitate guztietako uda ikastaro guztiak pasatuko dira, eta inon ez dugu erreferentziarik irakurriko ezerrena ere; edo blogosfera ganorazkorik ez dugu, edo ikastaroak iruzur aspergarri bat dira, edo bi gauzak batera).

Arratsaldean hedabideen alorreko estoldetatik irtendakoen txanda izan zen: Fermin Etxegoien modernoa, Juan Kruz Lakasta nafar kontzientzia, eta Luistxo Fernandez Interneteko aditua. Hauek ere, errealismo beltzean dabiltza. Fermin Etxegoienek bere liburuaren ildotik (Neurona eta Zeurona), euskararen inguruko mezuen erakarpen eskasaz, eta hezkuntza sistemak sortutako errealitate post-euskaldun eta hiritar bitxiez hitz egin zigun. Juan Kruz Lakasta kexatu zitzaigun nafar jator anekdotikotzat aurkezten digutela, baina gero, egia esan, Nafarroako anekdotak kontatu zizkigun: nolanahi ere, hango panorama edo Bilbokoa edo Donostiakoa, ez da hain desberdina funtsezko kontu askotan, simulakroetan bizi garela sarri, eta diskurtso jakin batzuk ze zaharkituak ditugun.

Nik ere bota nituen batzuk. Batik bat, euskaldun identitatearen kakoa hautu pertsonal batean ikusten dudala. Argi batek jo zigun, neure kasuan 18 urte ninduela eta, eta konbertitu nintzen. Eta uste dut gaur ere hori dela kontua: ez hain maila mistikoan, baina kontzienteki, bai, inori ez zaio berez irteten euskaldun izatea, aukera bital jakin bat da, hartu egiten duzuna une jakin batean. Eta zergatik hartzen dugu edo hartu genuen hautu hori bere garaian: batetik izan daiteke Etxegoienek dioen erakarpen kultural-estetikoa, edo Lakastak esan zuen beste kontu, "debekatua izan denaren xarmak" erakarri gintuela. Nik uste dut militantziak deitu ninduela euskaltzalegora. Eta gaur ere militantzia behar dela, berbak fama txarra badu ere. Duela 20-30 urte izan zitekeen militantzia politikoa, edo nik "militantzia instituzionala" deitu izan dudana: aukera bat egon zen hainbat instituzio martxan jartzeko, eta horietan lan egiteko grina sentitu genuen askok: batzuek eskola euskalduna sortzen, besteek instituzio politikoak egiten, eta batzuek komunikabideen alorrean, hedabide euskaldunak egiten. Edo industria kulturalak, oro har. Hor lan egin genuen, eta horrek kateatu gintuen.

Zer gertatzen da orain? ba, nik, behintzat, ikusten dudala grinarako faktore haiek ez dutela orain erakarmen bera. Ferminek kontatu zuen, nola estetikoki euskara kutretik gertuago dagoen orain erakarmenetik baino. Lakastak ere bai, "debekatua izan zenaren xarma" barik, heziketako rollo akademiko zurruna da euskara. Eta nik uste dut askoren artean sortu ziren instituzio horien alorrean, huts egin dutela gauza askok:

  • Mota guztietako erakundeetan funtzionarizazioa gertatu da, zer esanik ez herri-administrazioetan, baina baita soldata kaskarragoko beste hainbat errutinatan, dela hezkuntzan, dela herrietako euskalgintzan... Poltronatzea hain da erraza (tentagarria) gaur egunean.
  • Espero ez genituen krak horiek gertatu dira: uste genuen heziketak euskaldunak produzituko zituela, eta euskaldun horiek euskarazko hedabideen eskaintza erosiko zutela. Eta ez, erdaldunak irteten dira eskolatik, eta euskaldun irteten direnek ere Diario Vasco erosten dute.
  • Aldaketa kultural handiak datoz komunikazioan eta kulturan, Interneten ildotik. Hemen gaude ETB1 zer txarra den negarrez azken 20 urteak, edo orain, batzuk, herriz herriko makina bat kate lokal euskaldun sortu nahian... baina gaurko telebista kanal globala beste bat da, eta Youtube du izena. Edo bagabiltza euskal kurrikulum politikoki zuzen edo politikoki abertzaleak sortzen eskolarako, edo kezkatzen gara eskolaliburuen salmenta jaisteak industria kulturalak kaltetuko dituen, eta kontua zein da? hori papera besterik ez dela, ezagutzak lortzeko kanalak Googleko bilaketa, Wikipedia eta kopipega tekniken menderatzean datzala.
  • Egoera politikoaz, zer esan, puff. Politika bada militantzia edo euskaldun izateko gogoa piztu behar den esparrua...

Orduan, grina edo euskaldunak militatzen jartzeko heldulekuak non dira? Soluzio gutxi hor, baina, niri tokatzen zaidanagatik, gauza bat argi ikusten dut: Interneteko iraultza eta aldaketetan ez diguna balio da protekzionismoa, eta etxean geratzea kaleak sutan daudenean. Barrikadetara eta iraultzara jaitsi behar gara, izpiritu punk eta destroyer batekin. Gauzak egin egin behar dira, guk egin behar ditugu, eta jarrera apurtzaile batekin; ezin gara zain egon, ea nork egingo duen gure ordez, ea nork subentzionatu gaituen. Eta akaso fronte horretan, baten batek aurkituko du euskaldun izaten jarraitzeko behar duen grina.


Argazkiak.org | Jon Sarasua irakasle © cc-by-sa: Luistxo.F

Atzoko hizlarien argazkiak atera nituen (neure burua salbu) eta hemen kargatu ditut, ea gero Wikipedia ilustratzeko ere balio didaten. Gustatuko litzaidake hau osatzea Mario Zubiagaren powerpoint aurkezpenarekin eta Lakasta eta Etxegoienek idatziz ekarri zituzten testuekin. Ea aukera dagoen. Gaur jarraitzen du ikastaroak, eta arratsaldez interesgarria dirudi mahai-inguru honek 16.00etan:

  • “Aniztasuna eta literatura” KIRMEN URIBE Jn. Idazlea. UXUE ALBERDI And. Kazetaria. HARKAITZ ZUBIRI Jn. Soziologoa.

Ez bazaude matrikulatuta, ez kezkatu, erraza da gauza hauetara kolatzea Miramar jauregian, sartu karpeta batekin, dena aurrera, eta listo. Ezer galdetzen badizute, esan hizlari batekin zatozela, Kirmen Uriberen neskalaguna edo mutilaguna zarela, adibidez.

Erantzunak

pako
2008-07-16 : 13:54

Hizlari bakoitzari laburpen-sintesia eskaintzen diozu han esandakoez. Ez ordea Joseba Zulaika antropologoari, tutik ere ez omen zenion eta ulertu. Zer arraiotaz aritu zen bada bizarzuria?

Luistxo Fernandez
2008-07-16 : 15:16

Berrian egindako albistean Jon Sarasuaren agerraldiaz dihardute batik bat, eta ikastaro honen ildo nagusiaz bereziki: etorkin berrien etorrera, nola eragiten duen identitateen kontuan.


Horretaz ere jardun genuen atzoko hizlariok, batzuek besteak baino gehiago, baina nahiko luzea irten zait jadanik...


Jaime Altuna
2008-07-17 : 00:56

Hegemonia (parteak osotasun unibertsalaren hutsunea betetzeko burutzen duen ahalegina) izan zen atzo goizean etengabe aipatu zen kontua. Joseba Zulaikaren hitzaldiaren zati garrantzitsu bat hegemoniaren kontzeptuaren inguruan izan zen. Bere hitzaldiaren izenburua “naiz naizena. Ez, ez naizena” zen eta honelako esaldiak bota zituen (gutxi gora behera):

- “Ezetzaren antagonismoa gure identitatearen oinarria da. Antagonismoak zeharkatzen du gure gizartea: zu bizi bazara nik ezin dut bizi. Hori oso kaltegarria da eta gainditu beharko litzateke. Horretarako, hegemonia kontzeptua interesgarria litzateke.”

- “Etsaia (antagonismoa) lehiakide bihurtzeko garaia da.”



Jaime Altuna
2008-07-17 : 02:33

Luistxok atzo botatako “iradokizunari” jarraituz (“I want you for basque army. Nearest blog station” moduko irudia datorkit burura) gaurko saioak eman duenaren inguruko nik jasotako zertzelada batzuk aipatuko ditut.


Lehen hizlaria, Xabier Barandiaran izan da. Egungo diagnosi orokorra egin eta gero oinarrizko kontsensu etikoa behar dela ondoren pluraltasuna emateko adierazi du. Honekin batera, nortasun kolektiboak garatzeko estruktura politikoa adostu beharko litzakeela eta une honetan erronka handiena ilusioa sortzea dela aipatu ditu.


Ondoren, Joxe Arregik erlijioen arteko elkarrizketari buruz hitz egin du. Zazpi puntu aipatu ditu, eta honelakoak bota ditu:
"Erlijioen elkarrizketa ezinbestekoa, garrantzitsua, premiazkoa, asaldagarria eta garbigarria da"
"Egiaren aurretik bakea. Inor ez da egiaren jabe. Inork ez du dena ikusten"
"Elkarrizketaren helburua ez da erabateko adostasunera iristea, desadostasunean elkar ulertzea eta elkar ulertzen ez dugunean elkar onartzea baizik."


Kafetxoaren ondoren, Arkaitz Fullaondok immigrazioa eta hiria lotu ditu. Immigrazioak gure hirietan bultzatzen ari duen aniztasun berriaren sorrerari buruz aritu da Bartzelonan egin duen ikerketa oinarria hartuta.


Goizaren bukaeran, nire ustez, ikastaro honetako hitzaldirik interesgarriena izan dugu. Andoni Eizagirrek identitate anitzaren larritasunari buruz aritu da. Azken urtetako “modernitate berriaren” ezaugarri nagusiak aipatu eta azaldu ditu indibidualizazio prozesuari arreta berezia jarriz. Honekin batera, euskal gazteen egitura biografiko egiteko hipotesi baterako ahalegina azaldu du. Esandako gauza pare bat:
"Modernitate berriaren testuinguruan gauzatu dira aldaketa sozial esanguratsuenak; orain kohesio soziala askatasun politikoen eta hiritartasunaren bidez eman liteke."
"Indibidualizazio prozesua anbibalentea da: autonomia baliabideak behar dira askatasun espazioak bermatu eta erabaki autonomoak sustatzeko baina, bestetik, auto-mugaketa baliabideak ere behar izaten dira, ekintzei zentzu propioa emateko, aukeren tiranian edota masa-kontsumoan ez diluitzeko."


Arratsaldeko saioan ez naizenez egon ez dakit nola joan den. Itxuraz, ikastaroan parte hartu dugun guztiei materiala bidaltzeko asmoa dute. Hala eginez gero, hemen aipatutakoak osatzeko aukera edukiko genuke.


markos zapiain
2008-07-17 : 15:51

luistxo, zure aurreiritzi antilacanianoak kontuan hartu eta lerro artean irakurrita, bistan da joseba zulaikaren filosofadak superrinteresgarri behar zuela



ea jaime altunak edo besteren batek zabalago ematen duen horren berri

Luistxo Fernandez
2008-07-17 : 17:17

Lacan eta Slavoj Zizek aipatu zituena Mario Zubiaga izan zen. Bere aurkezpena pasatu dit eta hemen kargatu dut. Zizek 3. diapoan topatuko duzu, eta Lacan 11.enean.


Zulaikak berraipatu zituen gero biak, dena den. Yiyek ahoskatzen dela ere erakutsi zigun (zerbait ikasi nuen maisuarekin, hara).


Horrez aparte, uste dut aurten Euskal Herrian uda ikastaro desberdinetan izango zirela 50 edo 80 hitzaldi euskaraz dagoeneko (eta faltako direnak). Hitzaldiotan esaten direnak Interneten isilpean gera daitezen konspirazioren bat baldin badago, ez da nire errua, uste dut.


markos zapiain
2008-07-18 : 13:24

zubiagarena oso polita, lan handia hartu duzu zure gain, luistxo, eskergarria zinez



bestalde, AEBeko kazetari batek zizeki berari bere izena nola ahoskatzen den galdetu eta zizekek "xixek" erantzuten dio:



http://www.youtube.com/watch?v=KjEtmZZvGZA



dena den, zizekek nahiago du bere izena gaizki ahoska dezaten, susmoa baitu ondo ahoskatzen duenak polizia behar duela



sobiet batasunaren pean bizi izan den beste askok bezala, uste sendoa du benetan dakiena eta gauzak ondo egiten dituena ezin dela izan polizia baizik



iruñeko "gara"ra ekarri beharko genuke bolada batez bekario

Sustatu
2008-07-20 : 13:04

Aniztasuna eta literatura gaiaren inguruan izandako mahainguruaz (Kirmen Uribe, Harkaitz Zubiri eta Uxue Alberdi), kronika argitaratu du Berriak.


Sustatu
2008-07-22 : 13:04

Luistxo Fernandezek Identitate post-euskaldunak mahainguruko bere partea deskribatzen du goiko mezu horretan, baina dagoeneko mahaian zeuden beste bi lagunen testuak ere jaso ditugu Sustatun:


Erantzun

Sartu