Teknologia albisteak
6

Argazkiak.org, nahi beste argazki doan gordetzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - CodeSyntax
2008-07-11 : 19:07

Martxan dago jada Argazkiak.org proiektu berria. Nahi beste argazki sarean doan gorde eta partekatzen uzten dizun zerbitzu euskalduna da Argazkiak.org, CodeSyntax enpresak sortutako webgunea.

Zer da Argazkiak.org?

Zer da Argazkiak.org?

  • fotolog zerbitzu euskalduna
  • blog plataforma bat, testuak argitaratzeko bada, argazkiak argitaratzeko lekua da hau.
  • Minutu bat nahikoa da Argazkiak.org-en kontua sortu eta lehenengo argazkia sartzeko.

Erronkak zein diren

Euskaraz 7500 blog omen daude baina zein da Euskal Herriko blogari euskaldunen plataforma erabiliena? Fotolog.com erdalduna. Milaka gehiago daude hor. Horri aurre egiterik bai euskaraz? Zaila, argazkiak.org ez da ez Flickr ez Fotolog.com, baina aste honetan hasi da dozena bat argazkirekin, eta zer izango da hiru urte barru? Proiektu biderkatzaileetan jarri behar da indarra.

Argazkiak.org-eko edukiak eduki libreak izango dira. Beharbada txorakeria irudituko zaie askori, edo erabaki okerra , baina epe ertain edo luzera, honek inpakto bat izango du, ez baldin bada Argazkiak.org-en bidez, bai eduki libreen beste plataforma batzuen bidez, Wikipedia edo beste batzuk, gu eragin horren eragile izan nahi dugu, modako berba batekin esateagatik.

Konparatiba:

  • Fotolog, doan: egunean argazki bat
  • Fotolog, ordainpekoa: egunean sei argazki gehienez
  • Flickr, doan: 200 argazki, gehienez
  • Flickr, ordainpekoa: nahi beste argazki
  • Argazkiak.org, doan: nahi beste argazki


Argazkiak.org | Lonesome © cc-by-sa: aspitos

Software librearekin dago egina Argazkiak.org: Python programazio lengoaiarekin, Django web aplikazioaren gaienean. Fitxategiak ostatatzeko Amazon S3 zerbitzua erabiltzen dugu. Argazkiak.org-en oinarri den produktua bera laster enpaketatu eta hura ere libre banatzea espero dugu.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzaz abiatu da. Euskara eta teknologia berrien deialdietan, 10.000 euro jaso du Foru Aldunditik, eta 4.600 HPSren laguntzetatik.

Proiektu hasiberria da Argazkiak.org eta funtzionalitate eta aukeretan gauza dexente gehitu behar zaizkio. Blog bat sortu dugu informatzen joateko, eta haren kontaktu-orritik jar zaitezkete kontaktuan ezer jakin nahi bazenute.

Erantzunak

loveof74
2008-07-11 : 11:05

zorionak!

aplikazio ederra!

Txopi
2008-07-11 : 13:00

Zorionak! Software librea erabiliz, eduki libreak kudeatzen dituen euskarazko zerbitzu berri bat. Ez dago bat ere txarto :-)


Nirudia ere hor daukagu baina ez dago zalantzarik albiste hau oso pozgarria dela, eraikitzen ari garen informazio gizartean euskaldunon tresnak osatu egiten bait ditu. Zorionak.


Iruzkin hau aprobetxatuz, Zabaldun aipatu nuen eskakizuna ekarri nahi dut hona: CC BY-SA lizentziaz aparte, libreak diren beste aukera ezagun batzuk ere erabili ahal izatea: CC BY, jabetza publikoa, etab.

Luistxo Fernandez
2008-07-11 : 13:27

Eskerrik asko, Txopi. Software librearekin eginak daude osagarriak, bai, baina hori baino funtsezkoagoa izango da produktua bera liberatzea. Horixe egin nahi dugu hain zuzen, ea laster enpaketatzen dugun. Hortaz, produktu horren instantzia berriren bat sortu ahal izango du edonork, eta instantzia horretan, lizentzia aukerak eskaini edo beste lizentzia bat proposatu.


Baina Argazkiak.org honetan oraingoz ez dugu pentsatua lizentzia desberdinik eskaintzea. Horrek ez ditu erabiltzaile guztien apetak asetzen, badakigu.


Bestalde, Zabaldun Sustaturi ematen dizkiozu eskerrak hau martxan jartzeagatik. Argazkiak.org CodeSyntax enpresaren ekimena da zehazki; Sustatu beste ekimen bat da, CodeSyntax eta Goienaren artekoa.


Txopi
2008-07-11 : 15:24

Ados, desberdintasuna argitua. Sustatu hedabidearen gora-beherak Code&Syntax enpresaren gora-beherekin hain lotuta dagoela iruditzen zait, desberdintasun hori existitzen dela ere ahaztu egiten zaidala. Hala ere, azalpena Zabaldun ere idaztea gomendatzen dizut, okerra han (ere) bait dago.


Produktua bera askatzeari buruz, arrazoi guztia daukazu. Softwarea zerbitzua bezala gero eta gehiago erabiltzen den garai hauetan, zerbitzuak ere libreak izatea oso garantzitsua da. Seguraski hori egitera zoazte baina baliogarria izan badaiteke, produktuan Affero lizentzia erabiltzea gomendatzen dizuet. Informazio gehiago honen inguruan hemen eta hemen.

Abarrak euskara elkartea
2008-07-11 : 16:00

Ekimen interesgarri eta polita da. Arrigorriaga Euskaraz web gunean horren berri eman eta lotura txertatu dugu. Zorte on!


axier::txokolarte
2008-07-12 : 12:31

Zorionak euskarazko aplikazio berriagatik.

Ez diogu eskatuko, flickrren modura, irudi multzo osoak antolatzeko interfaze konplexu bat, baina oinarrizko akats bat aurkitu diot flickrrekin konparatuz, deskripzio eta iruzkinetan html kodea sartu ezin izatea, estekak eta irudi txikiak gehitu ahal izateko. Hobetzen joango da, seguru. Animo.

Erantzun

Sartu