|
Itzuli orri nagusira
Bidali hau
Ibarretxeren galdeketarako bi galderak
© cc-by-sa Sustatu ¦ 2008-05-28 ¦ 11:54 ¦
politika
Ibarretxe lehendakariak esan duenez, 45 segundu behar dira bi galderak irakurtzeko, eta denbora hori inbertitu dezaten eskatu die herritarrei. Eguneraketa, 12.09: Jaurlaritzak bere webgunean argitaratu ditu galderen testuak, eta Ibarretxeren gaurko adierazpena.
Hauek dira galderok, Ibarretxe lehendakariak testualki irakurri dituen bezala:
- Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?
- Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?
Ekainaren amaieran lege proiektu bidez onartu beharko du hau Eusko Legebiltzarrak, eta onartzekotan, urriaren 25ean izango omen da galdeketa EAEn.
Erantzunak
#1. Gaztelaniazko bertsioan, Pueblo Vasco
Sustatu ¦ 2008-05-28 ¦ 12:06
Gaztelaniazko bertsioan, Euskal Herria Pueblo Vasco gisa ageri da.
#2. Tranpa itxura
Neu ¦ 2008-05-28 ¦ 12:30
Galdeketa Araba, Bizkaia eta Gizpuzkoan baldin bada, nire iritziz ez du ezertarako balio.
Gainera, "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" esaten duenean, hiru herrialde horiegatik ari al da?
Erabakitzeko eskubidea 7 herrialdetako euskaldunok dugu, gure herria, Euskal Herria, guk guztiok osatzen baitugu. "Akordio Demokratikoa" hiru herrialdeentzat??
Hori dena zehaztu gabe uzteak tranpa itxura ematen dio. Eta nire iritziz tranpa bat da, "Akordio Demokratiko" hori hiru herrialdeentzako estatuto berri bat izango dela ziur bainago, Euskal Herri zaharrari iruzur egingo dion estatuto berri bat, gaur egun duguna bezalakoa, eta herri honetako gatazkari bukaerarik eta konponbiderik emango ez diona.
#3. Tranpa?
Inaki Irazabalbeitia ¦ 2008-05-28 ¦ 14:06
Tranpa? tregoa tranpa, galdeketa tranpa, … Urliarentzat dena omen da tranpa, berari okurritu ez bazaio behintzat. Neka eginda nago horrelako jarrerekin.
Niri, bestalde, tolesgabeak eta egokiak iruditu zaizkik proposatzen diren galderak; demokrazian edo herri honen erabakitzeko eskubidean sinesten duen edonork bere egiteko modukoak. Nire babesa badute.
Erantzun (klik zabaltzeko)
|