Teknologia albisteak

Espiral sariarekin, Kataluniatik bueltan

Erabiltzailearen aurpegia
Maite Goñi "Sei" - IKTeroak
2007-06-13 : 12:06

Ez zait gehiegi gustatzen nonbaitera joan eta gero kronika kontatzea... dio Maite Goñi IKTeroak. Baina Espiral saria jaso ondoren kronika idatzi du Kataluniara egindako bidaiaz, eta IKTeroen blogeko lizentzia librea baliatuz, handik hona ekarri dugu.

Ez zait gehiegi gustatzen nonbaitera joan eta gero kronika kontatzea (nik baino askoz ere hobeto eta azkarrago egiten dutenak badaudelako) baina, tira, Iturri nire kronikaren zain omen dago eta, Iturri zain badago, ni prest edozein gauza idazteko nahiz eta oso interesgarria ez izan.

Zuetako batzuek jakingo duzuen bezala, asteburu honetan Bartzelonan izan naiz Espiral elkarteak banatutako Gelako Edublog Onenari Saria jasotzen. Sariak, denok dakigun bezala, ez dira berez ezer. Gerta daiteke zure lana saritzea mila konturengatik: kasualitatez zure lana ezagutu dutelako eta beste norbaitena ez, zurea gehiago erakutsi duzulako eta besteena iritsi behar zuen tokira iritsi ez delako… Edonola ere, euskaljakintzako partaide guztiontzat izugarrizko ohorea izan da estatu mailako sari bat jasotzea eta, zalantzarik gabe, gero eta gehiago baloratzen dut jaso dugun errekonozimendua hainbat arrazoirengatik. Sariaren kontu hau jarraitu duzuenok jada jakingo duzue gure blogaren merezimendua zalantzan jarri zela hasiera-hasieratik hizkuntza zela eta, pertsona bakar baten komentario bakar bat izan zen baina nik buelta asko eman dizkiot gai honi. Dena den, horrekin hasi aurretik jardunaldian bizitakoak komentatuko ditut.

Programan azaltzen den bezala, gauza interesgarri askoren inguruan aritzeko aukera izan genuen: Twitter, My Scrapbook, Moodle, wikiak bigarren hezkuntzan, Col-lex aplikazioa, Educasting… Edonola ere, bertaratutako guztien artean bil zitekeen esperientziarekin gelditzen naiz (Lu, Felipe, Juanmi, Conchi, Lucía, Tiscar, Xabier Suñe, Xabier Balanché, Bea, Adolfo , Francesc eta aipatzen ez ditudan beste asko). Plazer izugarria izan zen hauetako batzuekin gure proiektuez hitz egiteko aukera izatea. Bakar-bakarrik horrengatik merezi izan zuen bidaia egitea. Komunikazio guztiak, gainera, motzak eta interesgarriak izan ziren eta ideia ugari ateratzeko baliagarriak, zalantzarik gabe. Kaferako etenak eta bazkaria hitzaldiak bezain interesgarriak. Hona hemen nik jasotako hainbat ideia:

  • Ikasleek txikitatik hasi eta ikasle ibilbide osoan blog bat mantentzea. Imajinatu zein aberasgarria litzatekeen ikasle bakoitzaren garapena ikusteko! Buelta gehiago eman beharko zaio ideia honi baina niri asko gustatu zitzaidan.
  • Gure ikasleei euren eskura dauden baliabide guztiak modu arduratsuan erabiltzen erakustea (ikasleek ikastetxea uzten dutenean, jakin dezatela zein tresna erabil dezaketen jakintza kolektiboki eta arduraz eraikitzeko).
  • Blogaren erabilera alfabetizazio digitala lortzeko (blogaren bitartez, beste eduki eta gai batzuk lantzen ari garen bitartean, zeharka gure ikasleen alfabetizazio digitala lor dezakegu).
  • Ikasle zein irakasleei erantzukizun morala eskatu eta edukien lizentziari buruz kontzientziatu (saretik zerbait jasotzen duzunean, sortzailearen aipamen egokia egin beharra eta jasotakoaren truke zuk ere zerbait ematea…)
  • Second life esperientziari etekina ateratzea ikasleengana hurbiltzeko

Izugarri gustatu zitzaidan Joan Badia (Berrikuntza Departamentuko Zuzendari Orokorra) eta Jordi Vivancosen (hezkuntzarako IKT proiektuen arduraduna) presentzia. Azken hau jardunaldietan bat gehiago izan zen, bere ideiak botaz eta beste guztienak jasoz, gobernuaren konpromisoaren lekuko (garbi gelditu zen ez zegoela bertan handik pasatzen zelako…).

Gauza askorekin gelditzen naiz, beraz, jardunaldietatik. Horietako bat bazkari garaia izan zen. Puntu honetan, Isidro Vidali eskerrak eman nahi dizkiot nirekin izandako begiruneagatik. Kontuan izan behar da gehienek iaztik elkar ezagutzen zutela eta Isidrok, euren mahaira gonbidatzearekin batera, taldeko beste bat sentiarazi zidan. Mila esker benetan (denok dakigu zer den bakarrik joatea horrelako tokiren batera, ezta?)

Bukatzeko, diploma bat banatu ziguten bertan izan ginenoi eta azken hitzaldiak eta gero sari banaketa izan zen. Izugarria! Sari bat banatzean, nahasketaren bat gertatu eta handik aurrera ia sari gehienak gaizki eman ziren (a ze barre-algarak mikrofonotik entzutean: “Cambio 2º premio blog de profesor por 1ero blogs de centro…”)

Dena den, ni penatuta bueltatu naiz gauza bakar batekin. Hizkuntza ez da oztopo izan saria irabazteko baina bai gure blogaren atzean dagoen proiektua ezagutzera emateko. Bartzelonan batzuen lanak ezagutzeko aukera txiki bat izan nuen (txikia diot 5 minutu inguru izan genuelako blog sarituok gure lana ezagutzera emateko eta ez denen aurrean, beste gela batean baizik). Hala ere, garbi gelditu zen saria zela eta, batzuek besteen lanak ezagutzen zituztela azalpenik gabe, saltseatzen ibiliak zirelako. Ez da hori izan gure kasua. Askok esan zidaten euskaljakintzan sartu zirela baina tutik ere ulertu ez zutenez, berehala atera zirela. Lastima gure helburuak, funtzionatzeko modu eta metodologia edonork ulertzeko aukera ez izatea! Hori askotan entzun behar izan nuen, gainera…

Amaitzeko, Espiralekoei eskerrak eman nahi dizkiet harrera, saria eta guztiagatik. Ea Mimio delakoa lehenbailehen iristen zaigun, probatzeko irrikaz nago!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago