Teknologia albisteak

Elkarlanean eta kalitatean urrats bat

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Ziurtagiriaren Elkartea
2007-06-07 : 19:06

Ziurtagiriaren Elkarteak lehenengo urratsa eman du, zuzendaritza aurkeztu du gaur Bilbon. “Bai Euskarari Ziurtagiriak elkarlanean eta kalitatean oinarritutako urrats bat egin du”, azaldu du Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria den Rober Gutiérrezek.

Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek aurkeztu du zuzendaritza. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria partekatzeko helburuarekin abiatu du Ziurtagiriaren Elkartea. “Lan-mundua euskalduntzea estrategikoa den neurrian, elkarlana guztiz beharrezkoa da”, adierazi du Xabier Mendigurenek. 2006ko irailean iragarri zuten elkartea sortzeko asmoa, ordutik, elkarrekin abiatzeko hainbat lan bete dira: harreman-plana egitea, estatutuak lantzea, funtzionamendua finkatzea, eta azkenik, zuzendaritza osatzea.

Ziurtagiriaren Elkarteak bere zuzendaritza aurkeztu du:
• Bazkide babesleak (Kontseiluaren ordezkariak):
o Kontseiluko lehendakaria: une honetan, Elkar-en ordezkaria
o Kontseiluko idazkari nagusia
o EMUN
o Artez
• Bazkide erabiltzaileak (Ziurtagiria duten entitateak):
o Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa
o Hernani eta Zarauzko industrialdeak
• Bazkide laguntzaileak:
o LAB
o AMEDNA (Nafarroako Emakume Zuzendari eta Enpresarien Elkartea)
• Elkartearen zuzendaria: Rober Gutiérrez

Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrez izendatu dute. Rober Gutiérrezek Bai Euskarari Ziurtagiriarekin lan egin du sorreratik. “Elkartea sortzea prozesu parte-hartzaile baten ondorioa da, etengabeko hobekuntzan oinarrituta, dinamikoa eta 7 urteko esperientzia metatu duena Euskal Herri osoan”, adierazi du zuzendariak.

“Elkarlanean eta kalitatean urrats bat” da Ziurtagiriaren Elkartea abiatze-leloa. Ziurtagiriaren Elkartearen helburua enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek euskararen normalizaziorako konpromisoak hartzea eta betetzea da.

Egitekoak:
o Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketa egokia bideratzea,
o Bai Euskarari Ziurtagiriaren edukiak lantzea eta gizarteratzea,
o Ziurtagiria eskuratuko duen entitate kopurua handitzea,
o Ziurtagiria duten entitateen segimendua eta eragintza egitea,
o era guztietako entitateek dagozkien neurri normalizatzaileak hartzeko eta betetzeko eragitea,
o elkartea osatuko duten kideen arteko komunikazioa bermatzea,
o helburua lortzeko erabaki eta zehaztu litekeen beste edozein egiteko edo funtzio.

Bazkideak. Ziurtagiriaren Elkartea hainbat bazkidek osatzen dituzte, hauen artean hiru mota daude: bazkide babesleak, erabiltzaileak eta laguntzaileak. Bazkide babesleak, Kontseilua osatzen duten kideak dira. Bazkide erabiltzaileak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta erabiltzen duten entitateak dira; une honetan, 1.502 entitate. Azkenik, bazkide laguntzaileen multzoan ziurtagiriaren sustapenean elkarlanean aritu nahi duen edozein entitate izan daiteke, esate baterako: sindikatuak, enpresa eta kooperatiba-elkarteak, finantza-entitateak, garapen-agentziak, merkataritza-ganbarak, administrazioak…

Ziurtagiriaren eboluzioa
Bai Euskarari Ziurtagiria enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek euskararekin duten konpromiso sendoa eta hizkuntzaren normalizazioa lortzeko borondatea gizarte osoari adierazteko tresna da. Ziurtagiriaren bidez enpresek euskararen normalizaziorako prozesua garatzen ari direla kreditatzen dute. Orain 1.502 enpresa eta entitatek dute Bai Euskarari Ziurtagiria, horietatik 152k zerbitzua eta lana euskaraz, 463k zerbitzua euskaraz eta 887k bidean maila.

Komertzioa, ostalaritza eta gainazal handien sektorea da Bai Euskarari Ziurtagiri gehien duena, guztira 564 Ziurtagiri. Lan-munduan 184 Bai Euskarari Ziurtagiri banatu dira; zerbitzu orokorretan eta garraioetan 127; mundu asoziatiboan eta gizarte-mugimenduetan 115; hezkuntzan 110; kulturan 90; Finantzan eta aseguruetan 85; kiroletan 80; osasungintzan eta mundu asistentzialean 43; nekazaritzan eta arrantzan 34; komunikazioan 29; elkargo profesionaletan 24; eta abarretan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago