Teknologia albisteak
1

Google Developer Day 2007, Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia
Txus Sanchez - Tagzania
2007-06-01 : 15:06

Atzo ospatu zen Google Developer Day 2007 mundu guztian. Californian izan zen jaialdi nagusia, baina munduko beste 9 hiriburutan ere ekitaldiak antolatu ziren, besteak beste, Madrilen. Hantxe egon ginen zenbait euskaldun, eta hauxe laburpen txiki bat.

Garatzaileen indarra

Garatzaileen indarra

Garatzaileak. Bai Microsoft eta bai Google konturatu dira garatzaileak direla internet generazio berri honen aktore nagusiak. Horrela bakarrik uler daiteke Microsft-en Popfly berria, zein Googleren API-ak eta mashups editorea. Edonork egin ditzala mash-up berriak, garatzaileek egin dezatela lan eta ideiak izan ditezela muga bakarra.

Hitzaldien maila, uste baino txikiagoa

Goizeko hamaiketan hasi zen deialdia, lehenengo gosaria eta gero hitzaldiak. Lehenengo biak onak. Gears izeneko aplikazio berriarekin hasi zen hitzaldia, gero mashups editorera pasatzeko. Ondo. Honela hasita, nola amaitu behar zuen galdetzen nion nire buruari. Programak itxura ona zeukan.

Baina eguna pasa ahala hasierako itxura ona aldatu egin zen. Alde batetik, Tagzania lantaldean mapen ezaguera aurreratua daukagu, eta entzun genituen txarlak oso oinarrizkoak iruditu zitzaizkigun. Apenas pare feature berri eta kitto. Bestalde, hitzaldien interesa ere jaisten joan zen, eta gero eta marketing itxura handiagoa hartzen. Eta arratsaldeko tailerretan ere gauza berbera; interes eta maila gutxikoak, gure ustez.

Horri gehitu behar zaio munduko beste ospakizunetara egindako konexioekin ere zorte txarra izan zutela. Londresekin eta Kaliforniarekin konektatu zuten; lehenengoan ingeniari aspergarri bat jasan behar izan genuen, eta hurrengoan, guk goizean entzundako berbera errepikatu zuen.

Googleren indarra

Microsoft itxura hartzen ari da Google. Geu, geuk, geurekin, geuretzat. Hain handi egiten ari dira ezen zure informazio guztia beraiengana iristen dela. Eta menpekotasun hori, niri behintzat, ez zait batere gustatzen. Hainbeste datu, informazio eta abar beraien zerbitzarietatik pasa eta gordeta egotea gaur egun botere gehiegi ematea dela uste dut.

Marketing mugimendu hauek beharrezkoak direla uste dut, baina atzokoa "lizunkeria" iruditu zitzaidan. Madrilgo Kongresutarako Jauregia hartu, eta hainbeste bazkari, gosari eta edari (kubatak barne) dohainik 300 pertsona ingururentzat... daukaten boterearen demostrazio hutsa baino ez da.

Hori bai, meritua daukate, inork baino hobeto jakin izan dutelako informatika mundua norantz doan ulertzen eta garai berrietara moldatzen. Estandarretan, programazio txukunean eta itxura dotorean oinarritu dira. Garatzaileak eta Internet komunitatearen eskariei aurre egiten jakin izan dute. Haiei jarraitu baino ez daukagu, nahiz eta grazia handiegirik ez egin.

Eta opariak ere egon ziren, helikoptero eta guzti.

Erantzunak

e-gor
2007-06-01 : 23:56

Bai, ni ere lan-kontuengatik joan nintzen Madrilera GDD-ra, eta laneko ikuspuntutik gauzak ondo joan baziren ere, eguna ez zen horrenbesterako izan. Mezara joatea bezala izan zen, apaiza uneoro Jainko guztiahalduna (Google, noski) goraipatuz, sinestun guztiak sutsuki haren esanak baieztatu eta errepikatzen zituzten bitartean... Eta elizan bezala, guztia euren ikonografiaz dekoratuta zegoen, etengabe euren mezua eta irudia irentsarazten zizutelarik...


Marketinean maisuak dira, dudarik gabe. Eta dirua barra-barra dutenez... Oso ongi antolatuta zegoen dena, gastuei erreparatu gabe, dena jendea irabazteko pentsatua noski. Eta erraza da euren jokoan erortzea, kontuz ibili beharra duzu akolito ez bihurtzeko. Nik, jada han nengoenez, gutxienez Robin Hood-ena egitea pentsatu nuen, aberatsei ostu pobreei emateko. Uneoro ematen zuten janari eta edari goxoetatik ahalik eta gehien jan nuen eta euren opariak onartu. Semeak gustura asko ibili dira helikopteroarekin!


Diozun beste gauzekin ados nago, Txus. Eta tira, gutxienez han koadrilatxoa juntatuta konpainia onean egon ginen laurok, ez?


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago