Itzuli orri nagusira Bidali hau Inprimatu

Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Sustatu - Goiena eta CodeSyntax ¦ 2006-11-17 ¦ 10:45 ¦ Sustatu

Euskarazko lehen weblog honek bost urte bete ditu azaro honetan. Ez dago jaiotza horri data zehatz bat ematerik, ezkutuko probetan hasi zelako, eta apurka apurka irten zelako egoera horretatik. Ez dago, beraz, data zehatz bat.

Publizitatea

Jaiotza data zehatzik ez

Jaiotza data zehatzik ez

Joxe Aranzabalek urriaren 29an dekretatu zuen urtebetetzea ... Eta gure artxiboetan badaude orduko albisteak, azaroan jarraipena dutenak. Hala ere, lehen egun haietan, inork ez zekien Sustaturen berri, CodeSyntax eta Goiena enpresetako sortzaileok salbu, eta Joxe Aranzabalek, funtsezko kolaboratzaile gisa. Azaroaren lehen egunetan, bilaketa, e-posta bidezko banaketa eta halako doiketa batzuetan ibili ginen. Azaroaren erdialdean, mezu pribatuak bidaltzen hasi ginen euskalgintzako hainbat lagunen artean, zer zen labur azalduz, eta parte hartzera gonbidatuz.

Inaugurazioaren unea adieraz dezakeen iragarpen handirik ez zen egin. Lehen mezu publikoa, Joana Albret zerrendara bidali zuen Luistxo Fernandezek azaroaren 13an, weblogaren berri emanez. Azaroaren 20an, beste mezu bat Eibartarrak zerrendara, Sustatu probetan dagoela esanez. 21ean, ItzuL zerrendara mezu bat, ez Sustatu iragarriz, baizik eta albiste baten berri emanez... Beraz, egun hauen bueltan irten zen probetatik argitalpen normal izatera, baina mugarri argirik gabe. Azkenean, prentsaurreko agerpen bat egin zen abenduaren 19an, hedabide bakan batzuek jaso zutena.

Bost urteko ibilbidea

Sustatu izan zen lehen euskal bloga. 2001ean weblog esaten zen, blog baino gehiago, eta blog pertsonala barik, argitalpen kolektiboak ziren ildo honetakoak. Inspirazio nagusiak Slashdot, Kuro5hin eta Barrapunto espainiarra izan ziren. Bi enpresen arteko ekimen bezala planteatu, adar editoriala Goienak, eta azpiegitura CodeSyntax-ek.

Goienaren Interneteko lehen proiektua izan zen, eta horretan aurrera egin du komunikazio talde honek harrezkero: bezeroentzako webguneak kudeatzen, blog komunitate propioekin, eta Goiena.net atariarekin. Sustaturen ildoa, aktualitate teknologikoari lotua geratu da urte hauetan zehar, eta dagoeneko, Goienak ez darama editoretza, CodeSyntax-etik bertatik egiten da, adi samar egoteko beharra ere badute-eta. Hala ere, bi enpresen ekimena izaten jarraitzen du, publizitate salmentan adibidez: 2006.a arte ez da publizitate askorik saldu, baina aurten kanpainatxo batzuk sartzen hasi dira.

Sustatuk hasieran bezala segitzen du nolabait: lan egunetan hiruzpalau albiste, etxetik idatziak, edo irakurleek eginak. Eta erantzuteko aukera, ez gehiegi erabilia, baina batzuetan iritzi-truke interesgarria sortzen duena. Sustatu aditzak adierazi nahi zuen gogo bat, komunitate profesional euskaldunean eta unibertsitate inguruetan, informazio teknologiko eta profesionala martxan jartzeko, komunitate zentzu bat eragiteko, sustatzeko... Ez da, akaso, ildo horretan bereziki aurrera egin, baina euskarazko Interneteko aktualitatearen erreferentzia nagusi bat izan da hasieratik, eta ez da gutxi.

Inguruan, euskarazko blogosferaren hazkundeak, eta berau trinkotzeko ahalegin batzuek (blog komunitateak, Aurki agregatzailea, Zabaldu.com ... ) duela 5 urte baino esparru aberatsagoa egiten dute orain. Lehia gehiago Sustaturentzat alde batetik, baina askoz ingurune interesgarriagoa da lan egiteko, errazagoa informazio polita aurkitzeko, aberasgarriagoa edozein ikuspuntutatik.

Ospakizuna

Hurrengo egunetan, urtemuga hau ospatzeko antolatu guran gabiltzan ospakizun baten berri emango dugu. Interneteko komunitate euskalduna arratsalde batez berriro biltzeko aukera bat izango da, abendu erdialdean seguruenik.

Ekitaldi horretara begira, laster hemen iragarriko dugun lehiaketatxo bat eta sari banaketa bat ere antolatuko dugu.

Zuen laguntzarekin egingo dugu ospakizun hori, 5 urte hauetako jarduna elkarrekin egin dugun bezalaxe. Eskerrik asko Sustatuzaleoi!

Erantzunak

#1. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

teketen ¦ 2006-11-17 ¦ 11:34

Zorionak eta aurrera!

#2. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

iturri ¦ 2006-11-17 ¦ 12:14

Ez naiz oso originala izango: zorionak eta aurrera bolie!

#3. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Jozulin ¦ 2006-11-17 ¦ 12:30

Ba ni orijinala izango naiz: Lepotik hartu ta segi aurrera! Zoroinak!

#4. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Ricardo Gómez ¦ 2006-11-17 ¦ 12:45

Gutxi gorabeherarik gabeko ZORIONAK!!

#5. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Palenqueko lagunak ¦ 2006-11-17 ¦ 13:03

Zorionak!

#6. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Joxe Aranzabal ¦ 2006-11-17 ¦ 15:40

Zorionak, bai horixe, eta urte askotarako!

#7. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

KepaDi ¦ 2006-11-17 ¦ 16:05

Ez etsi, zorionak!

#8. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Goio Arana ¦ 2006-11-17 ¦ 18:44

Bost urtetxo... zorionak!

#9. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Jurgi ¦ 2006-11-17 ¦ 19:24

Bost urte? Ze zaharra garen!... ZORIONAK.

#10. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

3ARRANO ¦ 2006-11-17 ¦ 19:54

Eskerrik asko bost urteogatik! Eta Zorionak!

#11. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

EuskalKultura.com ¦ 2006-11-18 ¦ 10:55

urte askoan!

#12. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Josu Mendicute ¦ 2006-11-18 ¦ 17:48

Zorionak eta segi Sustatu sustatzen!

#13. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Janire ¦ 2006-11-19 ¦ 13:11

ZORIXONAK!

#14. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Goio Telletxea ¦ 2006-11-19 ¦ 13:44

Niretzat euskaldunok Internet baliabidetzat hartuta proiektu duinak egin ditzakegunaren adibide da Sustatu.
Zorionak!

#15. Zorionak bada

Jabi ¦ 2006-11-20 ¦ 12:26

Ni ere ez naiz oso originala izango. Zorionak eta urte askotarako.

#16. Re: Sustatuk 5 urte bete ditu, gutxi gora-behera

Beñat ¦ 2006-11-23 ¦ 19:13

Berandutxo nabil ni orain baina Zorionak Sustaturi eta sortu zenutenoi. Aunitz urtez!

Erantzun artikulu nagusiari

Pil-pilean!

Erantzun gehien izan dituzten albisteak