Teknologia albisteak
1

Ate atzeko infernuak

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Sustatu
2006-09-27 : 16:09

Beste urte batzuetan emigrazioa eta gerra bezalako arazo sozialak nabarmendu baldin badira Donostiako Zinemaldian, aurten drama intimoagoak dira nagusi, bereziki familia barruko kontuak.

Aurreko batean "Sancta Familia" izenpean komentatu genituen pare bat film. Beste mordoxka bat pasa da pantailetatik guk ikusi gabe baina jakin dugunez etxe barruko istiluetan zentratuak: "Börn / Children" islandiarra, "Sonner / Sons" norvegiarra, "The art of Crying" danimarkarra botako dute gaur, antzeko gaiekin nonbait...

Eskandinaviarren obsesioa dirudi, baina film frantses bat aipatu nahi dut gaur bereziki: "Mon fils à moi" (Neure semea), Martial Fougeron-ek zuzendua, eta ama-seme harreman gaizto bat kontatzen diguna.

Etxe txukun burges bat: aita irakasle lasaia, ama etxekoandre arduratsua, alaba zaharra unibertsitatean hasi berria, seme nerabea mutil txintxo eta jatorra. Horra atetik kanpora ikusten dena, baina barruan dago infernua ("etxeko sua etxeko hautsez estal" dio gure esaera zaharrak).

Nathalie Bayek bikain antzezturiko ama horrek ez du semea hazterik nahi, bere kuttuna nahi du, kontrolatua, gonapean. Berez sentimendu normala izan litekeen hori jokabide neurotikoaren trazak hartuz doa pixkanaka, eta Victor Sevaux-ek jokaturiko mutikoa ezintasun gero eta itogarriago batean sentitzen da, aita gibelaundiak nahiago baitu ez ikusiarena egin, eta arrebak ez baitaki nebari nola lagundu.

Lagun bati aipatu nion aurrekoan film hori, ikusi berritan. "Hortaz, gomendatzekoa?" galdetu zidan, eta zer esan ez nekiela gelditu nintzen: ez baita ikusiz ondo pasatzen duzun pelikula horietakoa; larritasun antzeko bat sortzen dizu, norbaitek uneoro eztarria estutuko balizu bezala; begirada pantailatik apartatu nahi zenuke, baina aldi berean hor zaude, begiak josita.

Klaustrofobia-sentipena eragiten dizuten film gehiago ere pasa da sail ofizialetik egunotan, hala nola "Ce que je sais de Lola" film espainiar-frantziarra, mozolo apatiko batek bizilagun berria zelatatu eta harekin
obsesionatzen denekoa edo "Las vidas de Celia", hilketa baten inguruko film beltza ere baden arren ahizpa batzuen eta koinatuen arteko harremanak jorratzen dituena. Dena dela, azken hauek ahazteko errazagoak izango zaizkit aurrekoa baino.

Erantzunak

zakarias aiztierdi
2006-09-28 : 13:07

bart ikusi genuen Koldo Serra-ren 'Bosque de sombras'. niri ez zait gustatu. ez zait sinesgarria egin. gauza asko batera azaldu nahi izan dituela iruditu zait.

'Norte de españa'-n kokatu du, baina euskaldun prototipiko horiei euskaraz hitzik ere ez entzutea... eta 'Venancios' izeneko herri hori?

Gari Oldman ondo aritu da, baina bere lagun ingelesek (?) ez dute konbentzitzen. Aitana Sanchez, pattal. Bigarren mailakoak bikain, Kandido Uranga besteren artean. paisaiak hobeto balia zitzakeela iruditu zait.

erritmoaari dagokionez, motela, baina korapilora azkarregi iristen dela iruditzen zait, kokatzeko betarik eman gabe.

enfin...

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago