Teknologia albisteak

Hitzmix CD-ROM-a, hizkiak eta zenbakiak lantzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Nerea Goizueta - Elhuyar Fundazioa
2005-09-13 : 10:09

Elhuyar Fundazioak HITZMIX CD-ROM berria kaleratu du, hizkiak eta zenbakiak lantzeko.
Taldean edo bakarka jolasteko balio du CD-ROM honek, eta bost joko ditu: Letren saltsa, Zifren saltsa, Hitz-pasa, Bortz eta Hitz gurutzatuak

Gehienontzat ezagunak diren jokoak ekarri ditu oraingoan Elhuyar Fundazioak ekoitzi berri duen HITZMIX CD-ROMera. Hizkiekin eta zifrekin aritzeko bost joko daude aukeran: Letren saltsa, Zifren saltsa, Hitz-pasa, Bortz eta Hitz gurutzatuak. Adin guztietako jokalarientzako diseinatuta dago, eta partaideak bakarrik edo lagunekin aritu daitezke.

Letren saltsa jokoan, jokalariak, dituen hizkiekin, ahalik eta hitzik luzeena osatzen saiatu behar du. Hori lortzen duenak irabaziko du. Zifren saltsa jokoan, berriz, emaitza emango zaio jokalariari eta hark emaitza hori edo horri ahalik eta gehien hurbiltzen zaiona lortzeko matematikako eragiketak egin beharko ditu sei zenbakirekin .

Hitz-pasa jokoan, alfabetoko lehenengo hizkitik hasi eta, banan-banan, hizki bakoitzari dagokion definizio bat emango zaio jokalariari, zer hitzena den asma dezan; hitz gehien asmatzen dituenak irabaziko du. Bortz jokoan, bost letrako hitz ezkutua aurkitzea da helburua; hitzak idazten joan ahala, proposatutako hitz horren zein hizki asmatu diren adieraziko da, eta saiakera gutxiena eginda ezkutuko hitza asmatzen duena izango da txapelduna. Azkenik, Hitz Gurutzatuak ditugu: jokalariak dituen hizkiekin eta mahaian daudenekin ahalik eta hitz gehien osatzea da helburua.

CD-ROM honekin aspertzeko paradarik ez dute izango, ez gaztetxoek eta ez hain gaztetxo ez direnek. Hizkiak eta zenbakiak lantzeko ezin hobea da, eta bakarrik edota lagunekin jolasteko apropos-aproposa.
Informazio gehiago nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan:

Danel Solabarrieta · Elhuyar Edizioak · www.elhuyar.org
tel.: 943 36 30 40 · Faxa: 943 36 31 44 · danel@elhuyar.com

Erantzun

Sartu