|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet B&B topaketa Elgetan. Ze demondre da hau?© cc-by-sa Sustatu ¦ 2005-04-15 ¦ 13:32 ¦ blogakDatorren igandean, apirilak 17, egingo da euskal blogarien lehenengo Blogs & Beers topaketa Elgetako Espaloia Kafe Antzokian . B&B zertan den jakiteko Mexiko egindako bat hartu dugu aintzat. Gurean, hala ere, izango da berezitasunik. Ez da alferrik hauteskunde gaua. Emaitzak jarraitu ahal izango dira pantaila handi batean. Elgetako topaketara hurbildu edo ez hurbildu zalantzan zaude agian zu ere. Ea galdera-erantzun hauek argitzen dizkizuten zalantzak. Eta joatea erabakitzen baduzu, jakinarazi hemen. Irratiz ere jarraitu ahal izango duzu topaketa, irratia.com -ek antzokitik bertatik egingo du emisioa. 1. Zergatik egiten dira topaketak X lekuan eta ez Y lekuan? Lagun asko biltzeko leku bat aurkitzea ez da erraza. Baldintza batzuk bete behar ditu: biltzeko ordaindu behar ez izatea, bertaratzea erraza izatea, beti kasu egiteko norbait egotea, ordaintzeko erraztasunak egotea (kreditu txartela), kontsumo minimorik gabe, autoa aparkatzeko lekua egotea eta berandu ixtea. 2. Zergatik konfirmatu behar dut joan behar dudala? Hala badakite gutxi gorabehera zenbat lagun egongo diren. Baina, ez baduzu konfirmatu eta azken orduan iristen bazara, ez dago arazorik eta ongi etorria izango zara. 3. Zer esan nahi du honek: "puntualtasuna eskatzen da, izan ere topaketa hauek goizeko ordu txikiak arte irauten dute normalean? Gehienetan, topaketara berandu iritsi diren lagunek komentatzen dute lehenago iritsi izana gustatuko litzaiekeela, topaketako denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Asko arratsaldeko 5:00etatik goizeko ordu txikiak arte egoten dira eta askotan sentitzen dute denbora falta izan zaiela gehiago hitz egiteko eta elkar hobeto ezagutzeko. 4. Nire bloga xxxx-ari buruzkoa da, joan naiteke? Ez du inporta zure bloga zeri buruzkoa den, ezta blog bat duzun edo ez. Hau irakurtzen bazaude arrazoi nahikoa bada topaketara joateko. Blog bat baduzu edo irakurtzen dituzun blogen egileak ezagutu nahi badituzu joan zaitezke. 5. Ez naiz sekula horrelako topaketa batean egon. Nola dakit zeintzuk diren blogariak? Lehenengo aldia baldin bada, goiz joatea da egokiena. Topaketaren hasieran lagun gutxiago egongo da eta hala gainontzeko blogariak iritsi ahala ezagutzen joango zara. 6. Nolakoa da topaketarako lekua? Lekua ez da beti berdina izaten, baina gehienetan jatetxeak izaten dira, 100 bat lagun biltzeko lekuarekin. Janaria eta edaria egoten da. Musika ez da oso altu egoten, lasai hitz egin daiteke. 7. Sartzeko ordaindu behar dut? Badago kontsumo minimorik? Zerbait hartu edo jan behar dut derrigorrez? Sarrera doakoa da eta edozein sar daiteke. Ez dago kontsumo minimorik. Zerbait jan edo edatea (ordainduz, noski) zure esku dago. 8. Topaketa hauek talde espezifikoren bati zuzenduta daude? Bilkura hauek Interneten antzerakoak dira; ez dago erdigunerik, ez dago bazterrik, guztiak guztiekin konektatzen dira eta elkarrizketak erraz sortzen dira. Helburu bakarra elkar ezagutzea da. 9. Eraman nitzake blogariak ez diren nire lagunak? Eraman itzazu lagunak ere topaketara, ongi etorriak izango dira. 10. Zertarako antolatzen dira topaketa hauek? Zer aurkitzea espero nezake bertan? Blogak elkarrizketak dira, gehienetan espontaneoak. Topaketa hauen izaera orokorra guztiz desinteresatua da. Hurbiltzen diren guztiek nahi dutena da elkar ezagutzea eta denbora luzez hitz egitea. Bertaratuta gai onak eta lagun onak aurkituko dituzu. Beste ezer ez. Iturria: ALT1040 Erantzunak#1. Re: B&B topaketa Elgetan. Ze demondre da hau?Ricardo Gómez ¦ 2005-04-15 ¦ 19:01Itzulpen edo egokitzapen nire ustez oker batez ohartarazi nahi nuke. Batzuentzat oker txikia izan daiteke, baina itzulpen askorekin gertatzen den bezala ondorio praktiko larriak ekar litzakeena. Sustatuko testuan, 1. galderaren erantzunean, honela agertzen dena: "bertaratzea erraza izatea" ALT1040 jatorrizkoan beste hauxe dio: "que sea accesible" Gaztelaniazkoak "bertaratze erraza" baino zerbait zehatzagoa esan nahi du: gutxitasun fisikoren bategatik mugitzeko zailtasuna dugunontzat irisgarria izatea alegia. Ez dut Espalioa Kafe Antzokia ezagutzen eta ez dakit, beraz, baldintza hori betetzen duen. Hala bada, zorionak; hala ez bada, hurrengo BeSTarako kontuan hartzea proposatzen dut. Aspaldi abisatu nuen zoritxarrez ezin izango nintzela Elgetara joan. Haraino heltzeko garraio-arazoak daude tartean. Bilduko zaretenok ondo-ondo pasa eta argazkiak erakutsi!! #2. Re: B&B topaketa Elgetan. Ze demondre da hau?Xabi ¦ 2005-04-15 ¦ 20:24Erabat nator bat zurekin: ez dut uste Elgeta leku aproposena denik. Izan ere, zelan heldu hara kotxerik ez daukan pertsona bat? "Garraio publikoan" esango duzue. Bai, konbinazio korapilatsuren bat egongo da, baina buelta egiteko? Elgeta baino komunikazio-sare hobea duen leku bat topatu daiteke: Donostia, Bilbo, Durango, Ermua, Deba, Gernika... #3. Re: B&B topaketa Elgetan. Ze demondre da hau?eneko ¦ 2005-04-16 ¦ 00:21Ados. Elgeta ez da inolaz ere toki aproposa, baina deialdia Elgetarako egin dute. Historikoa, mendizaleen lehen biltzarra bezala. Izan ere, Federación Vasco Navarra de Alpinismo Elgetan sortu zen , txorrada da, baina gustokoa dut konparaketa, ze demontre :-) Hala ere, arrazoia duzue Elgetara ailegatzea zaila dela esaten duzuenean. Nik nahiko gertu daukat, baina hurrengorako garraio publikoa, autobusa, trena, metroa edo AHT geltokia duen tokiren baten pentsatu beharko dugu... eta B&B-ak tokiz aldatzen joan, bai horixe. Bitartean, ahal duzuenok domekan Elgetako Espaloira! #4. Behingoz toki zuzeneanGari ¦ 2005-04-17 ¦ 09:05Behingoz toki zuzenean egingo da tinglado hau. Aspertuta nago beti kapitaletara joan beharrarekin, eta Elgeta horretarako egokia da, toki guztietatik gertu. #5. Re: Behingoz toki zuzeneanrafa ¦ 2005-04-17 ¦ 11:34Holan atarako jatzuez gero kontuak lau katu agerten zarienean. #6. Euskal Herria hain handia ere ez da ba...Iban Arantzabal ¦ 2005-04-17 ¦ 16:01Elgeta ez dela leku egokia... Horren kontrara zein proposamen egon da? Edo egongo bada Bilbo izango da bakarra? Ze klaro, metroan leku gutxitara heldu daiteke... ;-) Eta abioian ere... akaso abioian joango dira batzuk horrelako topaketetara... #7. Eskerrik asko ElgetaLuistxo ¦ 2005-04-18 ¦ 12:15Eskerrik Iban, eskerrik asko Elgetari, eta Espaloiari. Ricardo Gomezen problema, autoan Elgetaraino etortzearena izan zitekeen... Baina bertan, ordenagailuak portatilak izanda, eta barra, agertoki eta toki zabal horiekin, ez luke mugikortasun arazorik izango. Nik uste dut egunen batean bisitatzeko aukera izaten duenean, inpresio ona hartuko duela tokiarekin Ricardok. Tokiaz kexatu diren anonimoez gain, jakina, ez-blogari anonimoek holako zeozer antolatzeko zain bagaude, zaila daukagu. Badirudi horientzat Elgetak ez duela balio ezertarako: bizitzeko ere ez. Herri txiki bat horrela mesprezatzeko, holako kasherismo mentala izatea ere harritzekoa, benetan flipatuta geratu naiz Sustatuko mezu pare honekin. Hari gabeko konexioarekik, ederto asko dago Elgeta mapan kokatua, eta Interneten ere, Espaloia edo Elgetako udala, edo Goiena.net-eko Elgetako atala ikusita, ea non duten holako informazio multzorik. Elgeta herri deskonektatua, urrun eta galdua? anda ya! #8. Re: B&B topaketa Elgetan. Ze demondre da hau?Ricardo Gómez ¦ 2005-04-18 ¦ 18:26Goiko eztabaidari nolabait neure mezu batek hasiera eman zionez, zenbait kontu argitzeko beharra somatzen dut:
Ea hurrengoan usaindu ez ezik, dastatu ere egiten dudan. Ordu arte edo laster arte, nork daki... Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagoblogak gaia duten albiste gehiago
Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|