Teknologia albisteak

Itziar Nogeras Berra izango da Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusi berria

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2003-10-09 : 20:10

Inaki Irazabalbeitiak utzitako kargua hartu du Itziar Nogerasek hil honetan.

Elhuyar Fundazioarentzat garai berri bat hasi da. Inaki Irazabalbeitiak, Elhuyarren 15 urte lanean jardun eta gero —haietako 8 Zuzendari Nagusi moduan—, postua utzi zuen urriaren lehenean. Aurrerantzean, Itziar Nogeras Berrak beteko du kargu hori.

Kudeatzaile izatetik zuzendari nagusi izatera

Itziar Nogeras (Donostia, 1966) Euskal Filologian lizentziatua da, eta 2000. urtetik Elhuyar Aholkularitzako kudeatzailea izan da. Baina 1991. urtetik hainbat lan egin ditu Elhuyarren. Hasieran, Lexikografia Sailean, hiztegien erredakzio-taldean lan egin zuen. Gerora, lan-munduan eta gestio-prozesuetan euskararen erabilera bultzatzeko prozesuak ikertzen eta enpresei aholku ematen jardun du.

Euskara eta zientzia

Elhuyar Fundazioak euskara eta zientzia uztartzen jarraitzen du. Teknologia berriak hain azkar garatzen eta gizarteratzen ari diren garai honetan, Elhuyar Fundazioak, errealitate berriari era egokian erantzun ahal izateko, enpresa-talde bat eratu du, Fundazioak berak eta bi sozietatek osatua, Elekak (EHUko IXA ikerketa-taldearekin sortua) eta Elhuyar Aholkularitzak. Horrez gain, azpimarratzekoa da Elhuyar I+G alorrean egiten ari den ahalegina, batez ere Hizking21 (Hizkuntz Ingeniaritza XXI. mendearen atean) proiektuan egiten ari den lana. Ikerketa-egitasmo estrategikoa da Hizking21, Eusko Jaurlaritzaren Etortek programan kokatua.

Erantzun

Sartu