Teknologia albisteak

Interneteko emakumezko erabiltzaile kopuruak gora egin du

Erabiltzailearen aurpegia
Amaia Leibar
2003-07-04 : 12:07

"Nielsen/NetRatings" alemaniar enpresak eginiko azterketa baten emaitzek diotenez, 2002 urtean 35 milioi emakume barneratu ziren "online" munduan. Aurtengo maiatzean, Interneteko erabiltzaileen %42 ziren emakumeak. 2010 urterako Interneteko erabiltzaileen sexu parekotasuna aurreikusten da. Oraingoz, emakumezko erabiltzaile kopuruak izan duen gorakada motela da. Suediarrak dira Europan mailan Internetera gehien konektatzen diren emakumeak.

Azterketak dioenaren arabera, aurreko urtean, 35 milioi inguru emakume sartu ziren "online" zerbitzuetara. 2002 urteko maiatzean, Europa mailan, erabiltzaileen %41 osatzen zuten emakumeek. Aurtengo maiatzean aldiz, Interneteko Europako erabiltzaileen %42 emakumeak izan dira. Hori azaldu du iritzi publikoari buruzko ikerketak egiten dituen "Nielsen/NetRatings" alemaniar enpresak.

2010 urtean sexuen parekotasuna

Hala ere, aipatu igoera oso motela da. Hazkunde demografikoko tasek 2010 urtean, erabiltzaile kopuruari dagokionez, sexuen parekotasuna iritsiko dela adierazten dute, %50 emakumeak izango dira eta beste %50 gizonak.

"Oraindik, Internet gizonezkoek menderatutako lekua denaren pertzepzioa existitzen da. Hori aldatu beharra dago emakumezko erabiltzaileen kopuruak gora egin dezan. Aldatze prozesua abian da, nahiz eta merkatu batzuetan oso geldoa izan", adierazi zuen Nielsen/NetzRatings enpresako analisigile den Tom Ewing-ek.

Suediar emakumeak lehenengo postuan

Azterketak dioenez, hauek dira emakumeek nahiago dituzten arloak: erosketak, bidaiak, hezkuntza eta finantzarekin lotutakoak, baita osasuna eta kosmetikaren ingurukoak ere.

Europan, Suediar emakumeak dira sarera gehien konektatzen direnak, beren herrialdeko erabiltzaile kopuru osoaren %47 dira. Jarraian, emakume ingelesak daude eta erabiltzaileen %45 osatzen dute. Kontrako postuan aldiz, Interneterako sarrera marjina baxuena dutenak italiarrak dira, %40 baino gutxiagorekin eta beheranzko joerarekin. Estatu Batuetan, emakumeek Interneteko erabiltzaile kopuruaren gehiengoa osatzen dute, erabiltzaileen %51 baitira.

Erantzun

Sartu