Teknologia albisteak

Gasteizko Ingurumen Informazioko Sistemaren on-line sarbidea

Erabiltzailearen aurpegia
Asier Sarasua - Gasteiztik
2003-02-12 : 11:02

Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurumen Arloak bere Ingurumen Informazioko Sistemaren (SIAM) web sarbide bat apailatu du. Ekimen hau SIAMak duela hamarkada bat sortu zenetik izan duen eboluzioaren ondorioa da, baina baita berau araudi eta teknologi testuinguru berrira moldatzeko somatu den premiak eragindakoa ere.

Ingurumen Arloko Informazioa Eskuratzeko Eskubidea arautzen duen 38/1995 Legeak dioenez, administrazio publikoek beren eskuetan duten ingurumen alorreko ezein informazio herritarron eskura jarri behar dute.

Ingurumenaren kudeaketa hobetzeko helburua duen edozein jardueratan beharrezkoa da benetan eragilea den informazio sistema bat izatea, datu fidagarriak erabiliko dituena eta datuak eguneratu, mantendu, eskuratu eta zabaltzeko prozedura egokiak aurreikusita dituena.

Ildo horri jarraituz, Gasteizko Ingurumen Informazioko Sistema baliabide teknikoen eta giza baliabideen multzo antolatu gisa ulertu behar da, ingurumenarekin eta udal lurraldearekin lotutako informazioa bildu, gorde, egituratu, eskuratu eta aztertzera bideratutakoa.

Xede horrekin SIAMa hainbat baliabidez hornitu da:

• Ingurumen Informazioko Bankua: oinarrizko eta gaikako kartografia eta ingurumenaren aldetik interesgarriak diren beste mota batzuetako datu eta agiriak (laginketa estazioen erregistroak, txostenak, memoriak, proiektuak, azterlanak, ...).

• Geografia Informazioko Sistema, erreferentzia espaziala duten datuak kudeatu eta aztertzeko tresna informatikoa.

• Ingurumen Dokumentazioko Katalogoa, sisteman bilduta dagoen ingurumenari buruzko informazioa aurkitu, deskribatu eta eskuratzeko zerbitzua.

• Ingurumen Atlasa, gaikako atlas gisa egituratua; mapak, taulak eta grafikoak jasotzen dira bertan, Intranet edo Internet bidez eskura daitezkeenak.

• Komunikazio eta sarbide telematikoko Sistema: webgunea, katalogoak, komunikazio azpiegitura, ...

Azken batean, Ingurumen Informazioko Sistema ez da garapen informatiko hutsa. Udal barruko barne kudeaketarako eta kanpo zabalkunderako informazio fluxuaren berrikuspen sakona dakar. Ahalegin hori ez da txikia, baina badu bere saria: parte hartzaileek bertako ingurumenarekin lotutako askotariko alderdien ikuspegi global azkar eta eguneratua izatea, gure ingurumen ondarea osotara kudeatzeko ezinbesteko oinarria dena.

SIAMera sartzeko webgunea, hauxe.

Erantzun

Sartu