Teknologia albisteak
2

Kontseiluak hautagai euskaldunak eskatzen ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Larraitz Mendizabal - Kontseilua
2003-02-11 : 11:02

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak maiatzean egin behar diren hauteskundeetan aurkeztuko diren hautagaiak euskaldunak izateko eskaera egin die alderdi politikoei bidalitako eskutitzaren bidez. Kontseilua kezka handiz ikusten ari da alderdi batzuek jendaurreaan aurkeztutako hautagaiak euskal hiztunak ez izatea.

Kontseiluaren ustez, udal eta foru hauteskunde hauetan aurkezten direnak euskal hiztunak izatea oso garrantzitsua izango da hizkuntz normalizaziorako. Herri honen ordezkari politikoak izango direnek bertoko hizkuntza ez ezagutzea larritzat jotzen du Kontseiluak. Gainera, euskaltzaleak eta abertzaleak diren alderdiek hautagai erdaldun elebakarrak aurkeztea are ulergaitzagoa da.

Kontseiluak bidalitako eskutitzean hautagaiak euskal hiztunak izatearen garrantzia azpimarratzen da: Hizkuntz normalizazioa lortzeko denon partehartzea beharrezkoa da, gizarte eragile, instituzio, herri erakunde eta abarrena. Horregatik hurrengo maiatzetik aurrera gure udalak eta foru instituzioak zuzenduko dituzten pertsonak euskal hiztunak izatea lagungarria izango da euskararen garapenerako.

Eskutitz berean beste eskaera bat ere egin du: Hauteskunde programetan euskararen sustapen eta normalizazioaren aldeko ekimenekiko dituzuen asmoak azaltzea ere garrantzitsua izango da, herritarrok gure botoa erabakitzean irizpide hori ere kontuan har dezagun.

Erantzunak

Joxe Aranzabal
2003-02-11 : 17:37

Ulertzen dut zer eskatzen duen Kontseiluak eta bat nator eskariaren funtsarekin, baina uste dut ez duela asmatu proposamena azaltzeko orduan.


Hautagai euskaldunak eskatzeak susmoak eragiten ditu zenbait jenderen artean, jende honek ikusten baitu eskaria elebakartasunaren ikuspegitik egina, euskal hiztunen ikuspegitik alegia. Eta defentsiban jartzen da, kontra ez esatearren.


Ordea, eskatuz gero datozen hauteskundeetako hautagaiak elebidunak izatea —Hego Euskal Herriko hautagaiek euskaraz eta gaztelaniaz jakitea—, gauza bera eskatzen da eta, gainera, askoz ere jende gehiago egongo da ados proposamen horrekin, nahiz eta funtsean gauza bera eskatzen den, denok dakigu-eta herri honetan elebidun ia bakarrak euskaldunak garela.


Bestela gertatzen da elebakar espainiarrek bere egiten dutela elebitasuna baliabide erretoriko moduan, nahiz eta ia inoiz ez duten betetzen. Eta euskaldunok amore ematen dugula, oraindik ere Euskal Herrian euskaraz esateak kili-kili egiten digulako


Ordua da euskaldunok elebitasuna aldarrikatu eta eska dezagun, eta alderdi politikoek eskari hori bete dezaten, abertzaleak izan edo ez. Euskarak izugarri irabaziko luke, eta bizikidetzak ere bai.


Iñaki Urutxurtu
2003-02-12 : 12:54

Soilik arabiera, galiziera, frantsesera, portugesera...dakiten hautagai euskaldunak ez lirateke onargarriak? Hego Euskal Herrian espaineraren erabateko nagusitasuna atzeraezintzat ematea elkarbizitza eta aniztasunaren alde egitea ote da?



Eta galdera sorta amaitzeko: "abertzale EZ diren alderdi politiko" horiek zer dira? Susmatzen dut EZ direla euskal abertzale. Ez dute "marka" hori. Baina zer dira? Zein da bere "marka"?



Nire zorionak Kontseiluaren ekimen honi

Erantzun

Sartu