Teknologia albisteak

Mac-txinada

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Rojas
2002-07-23 : 04:07

Apple Computerren jaun eta jabe den Steve Jobsek bere ohiko aurkezpena egin zuen joan den uztailaren 17an. Oraingoan, baina, aurkeztu dituen berikuntzek bere bezeroetako asko eta askoren haserrea piztu dute. Erabiltzaile foroak Applerekiko hitz mardulez josita daude, eta Estatu Batuetan enpresaren aurkako neurri judizialak hartzea ere aztertzen ari dira erabiltzaile taldeak.

Halako aurkezpen edo "Keynote" izenekoetan, sagartxoaren enpresak bere produktu berrien berri ematen du, eta oraingoan ere horrela egin du: MP3 musika entzun ahal izateko iPod deritzonaren Windowsentzako bertsio berria, 17 hazbeteko pantaila lauko iMac berria, eta abuztuan salgai jarriko den Mac OS X sistema eragilearen 10.2 bertsioa izan ziren izarrak.

(erreferentzia batzuk sarean)

Mundu mailako haserrea eragin duena orain arteko "iTools" izeneko zerbitzuaren desagrketa da. Zerbitzu hori doan eskaintzen zien Applek Mac OS 9 eta Xen erabiltzaileei, eta "joxe@mac.com" motako doako posta helbidea, 20 Mbko disko zurrun birtuala eta web orriak egiteko tresna piloa eskaintzen zituen, sistema eragilearen gehigarri moduan, eta harekin guztiz integraturik.

Bada, kontua da iTools izenekoak sortu zirenean "free for life" izango zirelako hitza eman zutela Applekoek... eta hitz hori jan egin dutela: irailean hasita, urteko 100$ kobratuko du Applek zerbitzu horren truke, eta, arazo legalak ekiditeko, ziurrenik "iTools" izena kendu eta ".mac" izen berria jarri dio zerbitzu multzoari. Neurriak inoiz ez bezalako erantzuna izan du erabiltzaileen artean, gehienak engainaturik sentitu baitira printzipioz bizitza osorako doan izan behar zuenaren truke dirutza ordaindu beharko dutela ikustean. Estatu Batuetako hainbat erabiltzaile talde Appleren kontrako salaketak jartzeko aukera aztertzen ari den bitartean, hau idazteko orduan 24.000 inguru sinadura zuen online eskaera antolatu da interneten, Appleri azken erabaki horretan atzera egin dezala eskatzeko.

Beste alde batetik, gorabeherak sortu dituen beste gai bat prezioen inguruko politikarena da. Euroa eta dolarra ia-ia parean izanda, 500$eko aldeak aurki daitezke Atlantikoko alde bietako Macintoshen artean, eta horren azalpen argi baten eske ere beste eskaera bati ekin diote Europako Mac erabiltzaileek.

Eskaeron helbideak honako hauek dira:

http://www.petitiononline.com/iTol/

http://www.PetitionOnline.com/EUprices

Erantzun

Sartu