Teknologia albisteak
1

Badator Bat-bateko Mezularitza Euskal Herrira

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2001-11-24 : 21:11

Ipar Ameriketan eta Asian milioika lagunek erabiltzen dute Bat-bateko Mezularitza (BBM) mezuak bat-batean trukatzeko sarean. Jon Larrañaga eta bere ikaskideak, denak Enpresa Ikasketak egiten Donostian, orain pare bat hilabete hasi ziren horrelako programa bat erabiltzen. “Izugarri ondo datorkigu taldeko lanak bakoitza bere etxetik baina taldean egiteko. Bestela ezingo ginateke egunero bildu, elkarrengandik oso urruti bizi gara eta”, dio ikasle mondragoetarrak.

Jon Larrañagak entzuna zuen Bat-bateko Mezularitza, baina aurten arte ez dio kasurik egin. Irailean, berriz, ESTEra itzuli zenean, berak eta bere ikaskideek erabaki zuten horietako programa bat probatzea, batez ere taldeko lanak koordinatzeko.
Microsoft etxearen MSN programa ezarri zuten denek beren ordenagailuetan eta… voila! Orain ia egunero lotzen dira sarean eta gaueko ordu txikietan ere artxiboak trukatzen ibiltzen dira. “Zuzenketak taldean egiten ditugu eta eztabaidak ere bai. Talde lana suspertu egin da gure artean. Honi esker, esan liteke intranet bat dugula guretzat bakarrik. Asmakizun itzela da hau”.
Ipar Ameriketan eta Asian batez ere, pare bat urte izango dira bat-bateko mezularitza erabiltzen hasi zirela. Eta gaur egun milioika lagunek erabiltzen dute egunero.
Jupiter Media Metrix etxeak adierazi du (www.jmm.com) joan den irailean amerikarrak 4.900 milioi minutu ibili zirela lanetik mezuak hitzetik hortzera bidaltzen. Etxetik, berriz, are eta gehiago: 13.600 minutu.
Programarik erabilienak AOL, MSN eta Yahoo dira. Oraingoz AOL omen da liderra. Irailean 41,7 milioi lagunek erabili zuten AOLen bat-bateko mezularia etxetik eta beste 8,8 milioik lanetik. Microsoft da bigarren. Honen MSN 18,5 milioi lagunek erabili zuten etxetik eta beste 4,8 milioik etxetik. Yahoo Messenger, ostera, 11,9 milioi amerikarrek erabili zuten etxetik eta 3,4 milioik lanetik.
Badira beste enpresa batzuk ere bat-bateko mezularitzarako programak ateratzen ari direnak: Sun Microsystems, Bantu, Odigo eta Ikimgo, besteak beste.
Walt Mossberg kazetariak (www.ptech.wsj.com) AOL eta MSN probatu ditu 7.0 bertsioetan eta, haren ustez, oraindik ere AOL da onena. Horixe azaldu du aste honetan The Wall Street Journal egunkari digitalean. Hala ere, biziki goraipatu du MSNk azken bertsioan egin duen aurrera saltoa eta zorrotz kritikatu du AOL, berrikuntza gutxi sartu dituelako azken bertsioan.
Kritikak kritika, Jon Larrañagak argi du bat-bateko mezularitzak arrasto sakona egingo duela Euskal Herriko internauten artean. Dagoeneko ezinbestekoa bihurtu da Enpresa ikasleen artean.

Erantzunak

Gari Araolaza
2001-11-25 : 11:31

Albiste ona da iruditzen zait, baina lastima da enpresa handien esfortzuak jendea denbora guztia sareratuta izatera bideratzea. Honek zerikusi argia du normalean atzean dauden telekomunikazio enpresekin. Azkenean denok izango dugu kablea edo ADSLa eta orduan gaitzerdi!!


Instant messaging-ak arrakasta du batez ere 20 urtetik beheragokoen artean, baina benetako onura izateko nahikoa litzateke posta zerrenda bat sortzea taldeko lan hauentzat (Nahi bada Instant Messaging-arekin konbinatuta). Izan ere posta zerrendekin (edo mota honetako foroekin ere, bigarren soluzio gisa...):


  • Esandako guztiak artxibatuta gelditzen dira, erreferentzia gisa. Egun hartan beste zeregin bat baduzu, geroago irakurriko dituzu besteen aportazioak. Txat eta Instant messaging zerbitzuetan aldiz, hitzak aireak eramaten ditu.

  • Eztabaida eta aportazioak erreflexio sakonago baten ondorio dira.

  • Ni bezalako teknobegibakarrek pixka bat idazten ikasten dugu, gazteengan arazo serioa bihurtzen hasi den honetan. Zenbat ortografia akats adibidez... Zer esanik ez dialektika, argumentazio eta diskurtsoaren egituraketaren ikasketaz...

  • e-posta zerrenden azkartasuna, nahi ezkero oso azkarra izan daiteke, 10 minututan 10 edo 20 mezu elkartrukatuz.

Baina hasieran diodan bezala, telekomunikazio enpresei txateroak interesatzen zaizkie... Gainera badakizue interneteko erreboluzio gehienak posta zerrendetan sortzen direla, eta ez Txat-etan


Erantzun

Sartu