Teknologia albisteak

Irratia.com-en lehen urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia
Habib - Irratia.com
2001-10-31 : 10:10

Irratia.com-ek, Euskal Irrati Digitalak, azaroaren 1ean urtebete beteko du. Estraineko emisioa 2000ko domusantu egunez izan zen, zuzeneko emanaldi baten bidez. Jalgi Hadi Dantzarat saioaren hasierak jakinmin handia sortu zuen. Ordutik hona hainbat irratsaio eta emanaldi berezi egin ditu IRRATIA.COM-ek, kontzertuak, bertsolari txapelketak, poesia emanaldiak, Korrika... Zazpi musika kanalak, beste euskal irrati batzuetako emanaldiak eta grabatutako elkarrizketak ahaztu gabe.

Hala azaltzen dute Irratia.com-ekoek beren jarduna.

Euskal kultura digitalizatzea eta kultura digitala euskalduntzea da gure helburua. Gure leloa, hain zabalduta dagoen ustez progresista eta benetan globalizazioaren ikusmira denaren kontrakoa da hain zuzen: "pentsatu lokalki, eragin globalki" diogu guk. Hor dakusagu gure kultura txikiaren alde egingo duen ikuspegi aldaketa. Euskaldun moduan ager gaitezen munduan.

Urtebetetzea ospatzeko bi ekitaldi nagusi izango ditugu:

  • Loud & Lone and the Sound Dealers kontzertuan
  • Euskal artisten emanaldiak zuzenean Bartzelonatik

Loud & Lone and the Sound Dealers

Urtebetetzea ospatzeko, IRRATIA.COMek kontzertua antolatuko du Bilboko Kafe Antzokian azaroaren 2an Loud & Lone and the Sound Dealers taldearekin.

Euskal Herria eta Kantabria artean eratutako taldea da reggaezale adituek osatuako musikari multzo hau. Loud & Lone Santanderreko bikotea da oinarrian: Roberto eta Borja, lehenago Lone Watti eta Better Collie taldeetan ibiliak dira. Roots reggaea egiten dute, 70ko urteen erreferentziekin.

Beraiekin, "backing band" moduan etorriko diren Sound Dealers hauexek dira: baxuan Iñaki Yarritu, Basque Dub Foundation-eko sortzailea; baterian Akatz taldeko Iñigo Elexpuru; perkusioan Rober "Dubby" Ambassah, besteak beste, Ambassadors eta BDF taldeetan ibilia, koroetan Charlie&Charlie; baxuan Joseba "Goiko" eta gitarran Oskar Bartolome, azken biak Uribe Kostako Ambassadors taldean ibiliak. Rober "Dubby" Ambassah taldekideak IRRATIA.COM-en irratsaioa egiten du, "Ambassah Sound System" izeneko irratsaioa.

Loud & Lone-k bi diska atera ditu aurten. Bata "Better Collie and Loud & Lone (1998-2001)", 70 minututan azken urteotako bilakaera islatzen duena. Bestea "Loud & Lone Showcase II, ahozko doinuekin eta Dub bertsioekin.

Interneten, Loud & Lone Showcase II

Kontzertuak zuzenean Bartzelonatik

Era berean, azaro osoan hainbat euskal talderen kontzertuak emango ditugu zuzenean mundu osoarentzat Bartzelonatik, bertako Euskal Etxearekin elkarlanean. Euskal Herria al CAT IV. euskal musika jaialdia entzun ahal izango ditugu zuzenean Interneten bidez mundu osoko euskaldunok. Besteak beste, Mikel Urdangarin, Guillermo Trujillano, Pomada, Maixa eta Aitziber, Zure Gura, Juan Mari Beltran, Morau, Mikel Telleria, Oreka TX, Gozategi eta Kepa Junkera izango ditugu gurekin.

Jaialdiaren egitaraua jaitsi PDF formatuan hemendik

Interneten bidez emandakoak entzuteko arazorik izanez gero, behar duzuen softwareari buruzko informazio gehiago IRRATIA.COMen aurkituko duzue.

EUSKAL IRRATI DIGITALA:

        http://www.irratia.com
        Sareko Argia Saria 2001
        **********************
        604 P.K. 48080 BILBO

Erantzun

Sartu