Teknologia albisteak

Sinonimoen Hiztegiaren webgune berria aurkeztu du UZEIk

2013-03-04 : 17:16

Orain arte sarean kontsultagai zegoen hiztegiaren azken bertsioa 2011ko urrikoa zen. Hemendik aurrera, etengabe eguneratzen den hiztegiko informazioa kontsultatu ahal izango dute erabiltzaileek sh.uzei.com helbidean.


Sinonimoen hiztegia, historia apur bat.

Liburu-formatuan 1999an kaleratu zenetik aldiro-aldiro berrikusi eta osatu da Sinonimoen hiztegia. 2003an jarri zen kontsultagai UZEIren webgunean, eta geroztik, bertsio berriak prestatu ahala berritu da kontsulta telematikoa. Testu-tratamendurako programetan erabiltzeko pluginak ere bertsio bat baino gehiago izan ditu urte hartan bertan CD formatuan kaleratu zenetik, eta gaur egun doan deskarga dezake edozein erabiltzailek www.euskadi.net webgunetik bai MS-word bai Libreoffice/Openoffice-rako.

Webgune berria

Zein berrikuntza aurkituko du erabiltzaileak webgune berri honetan? Orain arte sarean kontsultagai zegoen hiztegiaren azken bertsioa 2011ko urrikoa zen. Halere, hiztegiaren oinarrian dagoen datu-baseko informazioa etengabe gaurkotzen du UZEIk, Euskaltzaindiak emandako arau berriekin eta Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeak onartu eta HPSk argitaratutako hiztegi berriekin, besteak beste.

Webgune berri honek, lehen aldiz, zuzenean erabiliko du informazio eguneratu hori, eta beraz, etengabe eguneratzen den hiztegiko informazioa kontsultatu ahal izango dute erabiltzaileek.

Kontsulta berria sh.uzei.com helbidean dago eskuragarri; eta www.uzei.com webguneko Sinonimoen Hiztegiaren estekak ere helbide berri horretara bideratuko ditu erabiltzaileak aurrerantzean.

Erabiltzaileen iritzia jasotzeko sortua

Hiztegiaren helburu nagusia erabiltzaileari ahalik eta erraztasun gehien ematea da, bertako informazioa egoki balia dezan. Erabiltzaileen oharrak, iritziak, etab. jasotzeko berariaz prestatutako atala du, “Idatzi iruzkina” izenekoa, sinonimo baten gainean klik egindakoan bistaratzen dena. Bertan jaso nahi genituzke kanpoko erabiltzaileen proposamenak edo iradokizunak, horiek kontuan hartuz hiztegia ahalik eta dinamikoena izatea nahi dugulako.

Hiztegiaren edukia, gaur

Webgunean dauden sarrera sinonimodunak 26.703 dira gaurko egunez, eta horiekin 30.628 adiera daude. Zergatik hitz-kopuru hori? Ez delako hiztegi arrunta, bertan ez direlako sartu hiztegi arruntek dituzten sarrera guztiak, sinonimoa dutenak baizik. Eta gauza bera gertatzen da adierekin ere, sinonimoa duten adierak bakarrik azaltzen baitira bertan.

Sinonimoak, bestalde, kategoria gramatikala darama (izena, aditza, adizlaguna, juntagailua,....), baita euskalkia ere (Hegoaldea, Iparraldea, etab.) eta erabilera-marka azkenik. Erabiltzaileak, horrela, hainbat modutara balia dezake Sinonimoen webgunean aurkitutako informazioa. Hitz batek adiera zehatz batean dituen sinonimoak ikus ditzakegu, edo euskalki zehatz batean, edo erregistro-maila batean zein bestean. Informazio hori guztia begien aurrean edukiz, erabiltzaileak erabakiko du hautatzen duen sinonimoa bere beharretara edo bere asmoetara ongi egokitzen den ala ez: ez baita gauza bera testu bati euskalki jakin bateko kutsua eman nahi izatea (dela bizkaiera edo lapurtera, esate baterako), testu horrek eduki dezakeen maila ere (jasoa, lagunartekoa, ...) beti berdina ez den bezalaxe.

Helbide berria: sh.uzei.com

Kontsulta berria sh.uzei.com helbidean dago eskuragarri; eta www.uzei.com webguneko Sinonimoen Hiztegiaren estekak ere helbide berri horretara bideratuko ditu erabiltzaileak aurrerantzean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago