Teknologia albisteak

Lurraldeak eta hirigintzak hiztunengan duten eraginaz arituko dira datorren astean

Erabiltzailearen aurpegia
2014-01-08 : 14:04
Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAkKontseiluak eta UEUk “Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza” jardunaldia antolatu dute hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremana aztertzeko helburuarekin. Euskal Herriko kasu batzuk ezagutzeaz gain, Aland Uharteak, Flandria eta Galeseko ordezkariak ere entzuteko aukera izango dugu bertan. Topaketak urtarrilaren 16 eta 17an egingo dira, Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doan da. Izena emateko: www.ueu.org

Jardunaldiaren hiru helburuak hauek dira:

  • Geografia eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz hausnartzea.

  • Lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak euskararen hiztun-komunitatearengan duen eragin zuzenaz ohartaraztea.

  • Eragin hori kontuan har dadin hartu beharreko neurriez hausnartzea, bai kalteak murrizteko bai onurak indartzeko.

Antolatzaileek zera azpimarratu dute: "Hizkuntzaren eta egoera sozio-kulturalaren arteko harremana duela zenbait urte azaleratzen hasi zen soziolinguistikaren jaiotzarekin. Hizkuntzalaritzaren ikuspegi sozialago horri geografiaren garrantzia ere gehitu zion geolinguistikaren jakintza-alor berri samarrak. Hala ere, gutxi hitz egiten da oraindik ere lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz. “Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta lurraldea (I. jardunaldiak)” jardunaldietan hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremanaz hausnartuko da. Lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren ohiko egitarauan hizkuntzaren gaineko ikuspegiak ere bere lekua eduki beharko lukeelakoan antolatzen da jardunaldia. Kultura-ondarea ez baitute eraikinek eta naturak soilik osatzen. Bost ataletan banatu dugu jardunaldia: lehenengoan, lurralde-antolaketari buruzko oinarrizko printzipioak aztertuko ditugu; bigarrenean, Euskal Herriko arnasgune batzuen kasua ezagutuko dugu (Senpere, Zerain, Busturia eta Zubieta); hirugarrenean, Europako hiru esperientziaren berri izango dugu (Aland Uharteak, Flandria eta Gales); laugarrenean, lurralde-antolaketa eta gizarte erantzunkizunaren arteko harremanari buruz hausnartuko dugu, eta azkenik, bosgarrenean, jardunaldi honek emandako ondorioak eta etorkizunerako erronkak definitzen saiatuko gara.

Egitarau osoa ikusi eta izena emateko: www.ueu.org

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago