Teknologia albisteak

Lur Entziklopedia, hiru urratsetan askatua

Erabiltzailearen aurpegia
2012-07-17 : 14:11

Lur Hiztegi Entziklopedia eta Lur Entziklopedia Tematikoa 1990ko hamarkadako lan mardulak izan ziren. 2009an, eduki hauek eskuratu zituen Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, eta harrezkero, argitalpen digitalerako prestatu izan ditu. Lan horien azken emaitza izan da edukiak guztiz liberatzea Open Data Euskadi webgunearen bidez.

Azken urteotako digitalizazio prozesua eguneraketa baten ondoren etorri da. Entziklopedien edukiak gaurkotu egin ziren:  Euskaltzaindiak emandako ortografia arauak, Hiztegi Batuan sartutako hitz berriak, munduan izandako aldaketa nabarmenak (herrialde berriak, sona handiko pertsonaia berriak, gertaera berri nagusiak, kontzeptuetan izan diren aldaketa nagusiak) eta abar. Hortaz, eguneratze-prozesu horren ondoren, edukiari izaera librea eman zaio, eta hiru urratsetan zabaldu ahal izan da ondare hau:

Lur Hiztegi Entziklopedikoa, 10 liburukitan, 1991 eta 1995 urteen artean argitaratu zen. 49.900 sarrera ditu, eta denak daude kontsultagai sarean.

Lur Entziklopedia Tematikoa, berriz, 1999an argitaratu zen. Entziklopedia orokor baten berezko egitura izanik, Euskal Herriari buruzko bost liburuki eta izaera unibertsaleko gaiei buruzko beste zortzi liburuki ditu.

Lan horien moldaketa bat 2011. urtean zehar prozesatu zen, eta harekin 11.000 artikulu berria gehitu ahal izan zitzaizkion Wikipedia euskaldunari. Hemen dago artikuluen zerrenda osoa, eta lotutako zenbait azalpen.

Azkenik, edukia denen esku uztea besterik ez zen geratzen. CC-by lizentzia bat esleitu zaiolarik edukiari, osorik herritarren esku uztea geratzen zen, beste garapen edo aprobetxamendu batzuk egin ahal izan ditzagun. Open Data Euskadiko katalogoan daude beraz bi lanak, Hiztegia eta Entziklopedia Tematikoa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago