Teknologia albisteak

Twitterrek iragarki politikoak debekatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia
2019-11-04 : 15:54

Twitterrek iragarki politikoak debekatu behar dituela eta hitz batzuk eskatu zizkidaten ETBko albistegietatik ondorengo erreportajea osatzeko. Elkarrizketa prestatzeko hainbat ohar hartu nituen eta hona ekarri nahi izan ditut, erreportajea osatzeko asmoz.

Twitterrek hartu duen erabakia ezin da modu isolatuan aztertu, bat-batean izan duten okurrentzia bat bailitzan. Urriaren amaieran Facebookeko burua, Mark Zuckerberg, AEBetako Kongresuan egon zen euren Libra kripto-moneta proiektua defendatzen. Agerraldian Alexandria Ocasio-Cortez demokratak estu hartu zuen, Facebookek albisteen benetakotasuna ziurtatzen ez duelako eta iruzurra egiten duten iragarkiak ez dituelako ezabatzen.

Eta hortxe dago gaiaren koxka. Iragarki politikoak erabil daitezke zure hautagaia laudatzeko edota arerioak desmobilizatzeko. Nola? Facebooken, eta Twitterren, daukagun jarduna, atsegin ditugun artikulu eta orriak, automatikoki aztertu eta gure profila osatzen dute, segmentu zehatz batean kokatuz. Iragarleek, tartean alderdi politikoek, segmentatzeko gaitasun hau erabil dezakete publizitate kanpaina eraginkorrak egiteko.

Arerioen aurkako iragarkiak egiten harrapatu dituzte PP duela gutxi, adibidez, PSOE eta Podemoseko bozka-emaileak jomugan jarri eta haien abstentzioa sustatu nahian. Izan ere, arerioak baino bozka gehiago lortzeko modu bat da besteak bozka gutxiago lortzen ahalegintzea.

Orain PPk egin duen hau beste herrialde batzuetan lehenago gertatu da jada: Trumpen alde AEBetan, Brexitaren alde Erresuma Batuan edota Bolsonaroren alde Brasilen.

Beraz, testuinguru horretan kokatu behar da Twitterek hartu duen erabakia. Eta izan daiteke modu bat Facebooki presioa sartzeko, ez delako ahaztu behar Twitter eta Facebook lehiakideak direla. Ikusteke dago ea nola lortuko duen Twitterrek iragarki politikoak bereizi eta debekatzea, baina horrela presioa Facebooken teilatupean kokatzen da honek albisteen benetakotasuna ziurtatu eta iragarki politiko faltsuak debekatzen hasi dadin.

(Ilustraziorako, Irlandako gaelikoz Twitterren erositako iragarki politiko bat. Twitterrek iragarki politiko zertifikatuen informazio publikoki zabaltzen du orri honetan, eta Europako Batasunean, bitxia bada ere, oso erosle zertifikatu gutxi daude. Horietako bat da Fianna Fail oposizioko alderdi irlandarra eta haren iragarkia jarri dugu hemen. Bitartean, euskarazko iragarkiak erdi-debekatuta daude Twitterren eta zeharkako prozesu baten bidez eros daitezke bakarrik).

Erantzun

Sartu