Teknologia albisteak
2

Chromecast, Google-ren telebista adimentsua

Erabiltzailearen aurpegia
2014-05-29 : 10:10
Etxeko telebista tentela apur bat adimentsuagoa bilakatuko digu Chromecast-ek, iazko abenduan Googlek merkaturatutako aparailuak. Google beraren dendan eskuratu daiteke 35 euroan eta kaxa txiki eta sinple batean iristen da. Azalpen gutxi behar dira Chromecast martxan jartzeko. Jaitsi mugikor edota tabletera bere aplikazioa, sartu aparailua telebistako HDMI portuan eta konektatu WiFi sarera. Pausu gutxiren ostean, kitto. Lan txukuna egin du Google-ek abiatze-prozesua azkar eta modu errazean egiteko.

Lan txukunagoa edukietan espero nuen. Aurrena, ordea, azaldu dezadan nola funtzionatzen duen. Chromecast-ek zure mugikor, tablet edota ordenagailuko edukia bistaratzen du telebistan, HDMI irteeraren katean. Mugikor eta tabletean zenbait app daude Chromecast-arekin erabiltzeko, adibidez Youtube. Lehenagotik erabiltzen genuen app berean ikono berri bat ikusiko dugu, hor sakatuta, Youtubeko edukia bidaliko dugu telebistara. Rdio aplikazioa erabiliz musika entzun dezakegu telebistan. Eta Photocast-ekin zure argazkiak ikusiko dituzu han.

Ordenagailuarekin ere badabil aparailua. Chrome nabigatzailean ikusgai daukagun bideoa bidal dezakegu telebistara Google Cast estentsioa erabiliz. RTVEren webgunean sartu, adibidez, bideo bat ikusten hasi, Cast estentsioan sakatu, pantaila-osoan klik egin eta telebistan agertuko da bideoa. RTVE aipatu dut espreski, EITBren Nahieranekin ez baitut emaitza onik lortu, zoritxarrez.

Bada beste estentsio interesgarri eta baliagarri bat, Videostream, zure ordenagailuan duzun edozein bideo telebistara bidaltzen duena. Zabaldu estentsioa, aukeratu zure ordenagailuko zein bideo nahi duzun eta telebistan ikusiko duzu segundu gutxian. Puntu ahulena, fitxategi bakarra aukera ahal dela, ondorioz, jatorrizko bertsioan zerbait ikustea nahi baduzu, azpitituluak bideoan bertan egon beharko dira.

Behin ordenagailua erabiltzen hasi eta, ez al dago Popcorn Time erabiltzeko aukera? Antza, ba ei dago aukera, baina oraingoz ez dut probatzerik izan.

Lehen aipatu dut edukiekin lan txukunagoa espero nuela. Ea ondo azaltzen dudan nire inpresioa. Chromecast-en berri izan nuenean oraindik AEBetan soilik merkaturatzen zen eta hemen ikus daitezkeen app sorta ederra iragartzen zituen: Netflix, HBO, Hulu, Vevo eta abar. Egile eskubideak medio, Espainian oso mugatua jaio zen (zaindu gabeko beste detaile bat, app-etara ez dago esteka zuzenik), ia-ia Google-en app propioekin soilik: Youtube eta Google-ek berak eskaintzen dituen musika eta filmak. Egia da asteak aurrera joan ahala geroz eta eskaintza zabalagoa dago, baina, orain gutxira arte, eduki eskaintza pobrea iruditu zait, torrent bidez funtzionatzera behartzen zaituena.

Sentsazio hori azken egunetan aldatu zait Wuaki zerbitzuari esker. Netflix estiloko zerbitzua da. Hileko kuota baten trukean hainbat film eta telesail dituzu eskuragai. Android-eko euren aplikazioa erabiliz zer ikusi nahi duzun aukeratu eta telebistara bidaltzen duzu. Azkar eta eroso. Egile eskubideak medio, hemen ere, ez dago eduki berri-berriena eskuragarri, lastima.

Chromecast-en beste ahulune bat da aplikazio zehatzak identifikatzeko zailtasuna. Play Store-an ez daude modu berezituan sailkatuak, gainerakoekin nahasiak baizik. Baina, optimista izan nahiean, pentsatu nahi dut hobetzen joango direla. Horren islada da Beisbol liga amerikarreko partiduak zuzenean ikusteko aukera ematen duen app ofiziala. Eta hor egon daiteke Chromecast, eta telebista adimentsuen, erronka zein etorkizuna: telebista konbenzionalean tokirik ez duten eduki sortzaileek euren eskaintza mundu osora banatzea, ikusleak nahi duen une eta moduan.

Erantzunak

2014-06-11 : 13:41

Chromecast, eta enparauen, beste ezaugarri interesgarri bat: zurekin eraman dezakezu oporretan, bi baldintza beteta: HDMI sarreradun telebista eta WiFi konexio txukuna

2014-12-22 : 19:05

Chromecast-ekin batera erabiltzeko geroz eta app gehiago. Aspaldi ez nuela begiratzen baina apur bat erraztu dute app bateragarriak identifikatzeko modua hemen ikus daitekeen moduan: https://www.google.com/intl/es_es/chrome/devices/chromecast/apps.html

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago