Teknologia albisteak
6

Donostialdeko "metroaren" misterioa

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-02 : 11:42

Irailean sorpresa (erlatiboa) hartu nuen Donostiako Eusko Trenbideen etxe ondoko geltokia (Lugaritz) berrizendatua aurkitu nuenean: Donostialdea Metro dugu orain etxe ondoan. Izen eta seinaletika aldaketa hau 1.5 milioi euro kostatu omen da, eta, benetan, aldaketaren ñimiñokeriarekin harrituta geratu nintzen, pegatina urdin bat eta kito, ez euskara eta ez gaztelania ez den izen zatar horrekin. Baina, hara, 15 egunen buruan, kartelak tapatu egin dituzte. Zergatik ote?

 

Argazki berria atzokoa da, baina asteburuan jada tapatuta ikusi nituen. Kartelak hondatu ote zituzten? Ez, ze tapaki bera jarri omen dute beste estazio batzuetan ere.

Duela 15 egun, beste itxura hau zuen geltokiaren sarrerak:

Lugaritzeko geltokia, Metro Donostialdea ustez

Zer gertatu da? Damutu egin dira? Jarri ondoren, berriz estali inaugurazio bat datorrelako? Ala, alderantzizkoa, hauteskundeen aurreko egunetan ustezko debeku bat dagoenez ezin da iragarri gauza berririk?

Etzi (urriak 4, osteguna) irekiko dira trenbide lerro honetako bi geltoki berri. Orduan kenduko dituzte plastiko beltzak? ikusiko dugu.

Seinaletika hau diseinatu eta jartzeagatik, 1.5 milioiko kontratua irabazi zuen Norvegiako enpresa batek, Snohetta-k. Total zertarako, topo esaten zaion trenari izena aldatzeko eta Donostian metroa dugula esateko.

Nonbait Norvegiak badu erakarmen bat Eusko Jaurlaritzako Garraio sailean, non Ernesto Gasco Donostiako zinegotzia (PSE-EE) sailburuorde den. Gasco Donostiako metroaren ideiaren defendatzaile sutsu bat da, eta trenbideen alorrean Donostiarako duen beste ideietako bat Igeldoko Funikularra ordezkatzea da. Diario Vascok komentatu zuenez, Norvegiako Bergen hiriko eredua ekarri nahi dute.

Konparatu itzazue Donostiakoa eta Bergenekoa:

Donostiako funikularra

 

Erantzunak

2012-10-02 : 12:17

Ez euskara ez erdara? "metro donostialdea" erdara da, argi eta garbi, bestela "Donostialdea metroa" edo "Donostialdeko metroa" behar luke. Lotsagarria, bestela ere.

2012-10-02 : 15:16

Ulertezina. Are gehiago, duela hilabete batzuk euskotrenek logo berria estreinatu zuelako, eta Bilboko eta Gasteizko tranbiek Euskotren Tranbia marka dutelako orain.

metrodonostialdea.com

2012-10-02 : 15:21
2012-10-04 : 01:12

Snohettak irabazi zuen lehiaketa Donostialdeko Metroko sarrera-ateen diseinuarena zen.

Ez dakit beste inon egongo ote den sarrera-ateak eraikitzeko prest izan baina inork onartu ez duen metrorik... Aspaldi jarri dute martxan propaganda-makineria, batzuek (Gasco-Jaurlaritza) eta besteek (DV-Vocento).

2012-10-15 : 11:57

Ezabaketaren misterioa zen, besterik gabe, tapatu nahi izan zutela inaugurazio ofizialean tapakia kentzeko. Baina aurreko egunetan, egia esanda, bistan egon zen logoa. Horrez gain, beste hiri batzuetan egiten duten bezala, jarri dute adierazgarri bat, poste luze baten buruan, M edo tximeleta-hego pare urdin hori.


Argazkiak.org | Donostialdea Metro, logo eta agerkari bisuala © cc-by-sa: Luistxo.F

Metroa duten hirietan, logoaren bila ibiltzen zara kale-bazterretan batzuetan... Baina poste honek halako funtziorik izango duela sinestea tontakeria iruditzen zait.

2012-10-15 : 12:13

Horrez gain, geltoki berriak kanpaina hasi aurreko egunean zabaldu zituzten, ordutegi berrietako eskupaperik gabe eta informazioa ondo eman gabe. Eta zer topatu biharamunean? Bagoi batzuek PSE-EEren propaganda zutela. Lehen aldiz, Euskotreneko Donostialdeko lerroek publizitatea daramate, bagoi osoa hartzen duen Patxi Lopezen argazkiarekin... negargarria. Txartelak doakoak ziren asteburu horretan eta jende mordoak hartu zuen hauteskunde-propagandaren trena.

Zentzugabea izan da metroaren kontu hau. Besteak beste, Altzan geltoki berria egingo dute eta Herrerako geltokia geltoki horretatik oinez 8 minutura dago, autobusez oso ondo konektatua (maiztasun handiko 13 lerroaren bidez). Dirutza xahutzen ari dira metroaren kontura, eta jarraitzen dugu asteburuetan 30 minuturoko maiztasunarekin.

Lotsagarria, orokorrean.

Erantzun

Sartu