Teknologia albisteak
1

Poesia eta askoz gehiago Ea, Natxitua eta Bedaronan

Erabiltzailearen aurpegia
2012-07-17 : 12:16

Bazetozen eta joan dira Eako poesia egunak. Hasteko, Gabriel Arestiren EtxEA da. Hasteko, Xabier Amurizak egin zuen arribada Eako portuan eta Gabriel Arestiren kopla errefreskatuak ekarri zizkigun. Hasi zen fandangotik,  "apur dezagun katea, kanta dezagun batea, hau da fandango, biba Berango", baina ez zen isildu enarari begiak atera zizkion arte, zentral nuklearra Ogellako badian ezarri izan balute kasuko baldintza irrealean, Aresti euskaldunoi garrasika Iberhiperenpresa horren akzioak erretzeko exijituz. Kopla eta bertsoa poema bihur daitezkeela baieztatuz Amuriza, bere poema torturatu garratza deklamatu zuen Gurutze Iantzi urnietarraren ahotsa ekarriz: "jo naute, hil naute!". Hasteko, galarrena zaratatsua portu barruraino.


Ostiral arratsalde berean, aitaren etxearen bi bertsio estremo eskaini ziren, Amurizarena lehena, aldarri klasikoan, baina gauaz Norte Apatxekoek rapeatu zigutena Eskolapean, Eskolapeko harrizko murruak dantzan jartzeko modukoa.
 
Atseden laburregia eta larunbat goizez LP bat poema Mikel Elortzak, ibilbide pertsonalizatu emozioz betea azken hamarkadetako poesia-musika-kantagintza loturetatik. Memoria pertsonalaren hariek nerbio-terminal bezala funtziona dezakete, Mikelek frogatu zuen, poema-kanta sinbiosi bakoitza aurkeztu zigunean, dena jakituria eta esperientzia destilatua. Ez genuke larunbat goizeko hura portuko haizeak eramaten utzi beharko, nolabait gordetzerik balego. Talan gero hitzartu zituzten bakoitzak bereak: San Ferminetatik guztiz heldua ez zen Iñigo Astizek, biharamunaren ahots sakonaren engainuaz eta batez ere poema sarkorren abantailaz. Jon Gerediaga, Ione Gorostarzu bertotik eta Yolanda Castaño Galizatik, arreta estrainio batez hartuak denak, itsaso hurbilari lepo emanda.


- Yolanda Castaño poeta galiziarra -

Bedaronara aldatu ginen, maldan gora, Mikel Lasaren poemak Edorta Jimenezen interpretazio ortozean entzun eta Xabier Mendigurenen esplikazioan gureganatzeko. Beranduago, Mikel Lasa beraren bisita izan genuen, sonbreiruaren hegala ukituz, guztiokin mintzo. Bizipen berezia Apikaleko "Eguzki Jaia" etxe-jauregi behinola aberatsen apartheid izandakoan eskaini zitzaiguna, Iñigo Aranbarrik moldatutako hezurduraren gainean Oier Gillan eta Labea Laborategia taldeak haragitutakoa. Ez zuten Eguzki-Jaia okupatu, bizitza berri utopikoa eskaini zioten, poesiaren eremuetan soilik lor daitekeen bezalakoa.



Sarritsasoa Eako portuan gauaz, Dantzaz eta Biraka, eta hortik aurrera Joseba Sarrionandiaren presentzia multiplea ausentzia mingarri guztiak harea gainera ekarriz. Lau poema bidali zituen dagoen leku urrunetik Eara, eta gure aurrean ipini. Ruper Ordorika eta Jon Piris berraurkituek itxi zuten amaierarik nahi ez zuen udako gaua.

Igande goizekoa distiratsua izan zen, alde guztietatik begiratuta ere. Yolanda Castaño Pereira (Santiago, 1977) Eako Beletxen bideopoemak eta ideia sakon oso landuak, oso pentsatuak, oso zaindu eta edertuak eskaintzen. "Poesian ezin da maskararen atzean ezkutatu, fits batean txiki-txiki egiten baitira". "Nortasun pertsonal propioaren errepresentazioa da niretzat poesia, emakume baten nortasuna, itxura, errepresentazio osoa". "Objektu pentsatua izatetik, subjektu pentsakorra izatera iragan da emakumea". "Patroi estetikoak, portaeraren gainekoak ezarri dizkigute zama astun emakumeon gainean luzaro, luzaroegi. Emakumea haren itxuragatik epaitua izaten. Horiek guztiak apurtzen ari gara gu". Hori guztia egiaztatzera zetorren jarraian Leire Bilbao, Scanner, eta Domentx Uzin esperimentala musikan.

Natxitua amaitzeko. Ezohiko eta ohikotasunaren aurkako poema errezitaldia Ez dok/Ez don armairu. Halako jarioa Angel Erro opera edota kabareta saiatzen, Mikel Aierbe, Kattalin Miner berez eta Itxaro Borda ekarriz, Ibon Egaña eta Iban Zaldua hiruna poema Juanjo Olasagarreren doinu eta neurri berean…

Egin daiteke promesa poetiko gehiagorik udako asteburu batean? Hala harrapatu gaitu gero astelehenak, astegunik krudelena beti.





Erantzunak

2012-07-17 : 13:55

Hemen Karmelok aipatu dituen Sarrionandiaren 4 poemak:

Bergara 1838

«Gerlaren ondoren ezin da, jakina, justizia
egokirik banatu.
Ehun milek mereziko luke, legeen arabera,
zigor gogorra,
eta ez litzateke egokia gehiengoa
kondenatzea.
Egin daitekeena da, hartu edozein eta horri
bi aste kartzela ezarri,
eta beste hura libre utzi, eta honi,
gizajoari, hogei urte,
eta gero hartu beste bat eta horri, errudun
handi horri, ostera,
zigorra beharrean, urrezko medaila bat
publikoki ezarri
edo pribatuan eta hurrengoari hiru urte, eta
horko beste kriminal zital horri,
indemnizazio aberatsa, biktima lez, azken batean
denak izan garelako,
aldizka, borrero eta biktima. Hala egin daiteke
justizia,
justizia egiteko era bat da behintzat, eta baliteke
hala komeni izatea,
gauzak errazteko eta, batez ere, beste ehun
milaren inozentzia azpimarratzeko.
Ondo begiratuez gero, tontoen gauza litzateke
ez ohartzea justizia delako hori
gauzak egiteko modu bat baizik ez dela,
beste modu batzuen artekoa,
komenigarriagoa behar bada, baina ez berez
justuagoa edo duinagoa,
gerran antzeko ekintzak egin dituelako mundu guziak,
pertsonalki
edo ordezkarien bidez, eta horixe delako, gainera,
gerraren tragedia
eta erru orokorra: krimenaren eskema onartzea
edo, hain luzaroan,
krimenaren eskema emendatzeko imajinaziorik
ez izatea.»

Gorozika 1937

«Ez zara zu, zorionez, 1937ko maiatzean Gorozikako
baserri hartara sartu zena
eta sortetxea, egunsentiko behelainoak desegin orduko,
hondaturik topatu zuena.
Hark ez zekien etxekorik aurkituko zuen, etxean.
Ez zegoela inor ematen zuen,
etxeko txakurra ere ez zitzaion irten bidera
aspaldiko kontentuekin.
Milizianoek utzitako zaborra bakarrik atartean,
atea parez pare zabalik,
ezkaratzean aulkia hautsirik, errautsa barreiaturik.
Kortara sartu zen,
abererik ez kortan, eta han ilunetan zegoela zarata bat
entzun eta tiro egin zuen
goruntz. Hiru zulo egin ziren zurezko sabaian eta
hiru zuloetako batetik hasi zen
odola jausten, irobala gorriaren moduko zorrotada
mehea, bere besagainera,
epela, isilik, eta ez zekien odol hura zerena zen
edo norena.»

Problemak

««Ez dago problemarik...» erantzun nion, polizia atzetik zuela
eta ea lagunduko nion esan zidanean,
Eta autoz eraman nuen leku seguruago baterantz,
seguruagoa zela uste nuen behintzat,
gauez eta euripean, edozein momentutan kontrol batek
ebaki zezakeen bide ikaragarri hartatik.
Fabrikaren alboko tabernara sartu ginen, egunkari bat zegoen
mahai gainean tolestuta,
eta neure lagunaren aurpegi laurden bat ikusten zen portadan
lehen planoan,
eta diru-ordain handi bat eskaintzen zen bera harrapatzeko
edozein informazioren truke.
«Igual, badago problemaren bat...» esan zidan lagunak
ispilua ematen zuen erretratu hura alboratuz.
Zineko gertaeren modukoa da, pentsatu nuen, baina
zinekoak baino arraroagoak ziren gauzak,
zinezko euria, gurpil zipriztinak, bide alboko amildegiak,
eta polizia guzia imajinatzen nuen atzetik...
Problema ezaren esaldi harekin, hara, zeharo ekibokatu nintzen.
Bazeuden problema batzuk, laster agertu ziren.
Nire izena egunkarian azaldu zenean, neuk ere polizia atzetik nuela,
beste lagun bati eskatu behar izan nion laguntza.
«Ez dago problemarik...» esan zidan lagunak, thriller hasiera bat
asmatzeko intentzio nabarmenik gabe.»

Bederatzi te kikara Saharako basamortuan

«Lehenengo te kikara bizitza bezain
garratza izanen da,
bigarren te kikara amodioa bezain
samurra,
hirugarren te kikara heriotza bezain
goxoa.

Lehenengo te kikara amodioa bezain
garratza izanen da
bigarren te kikara heriotza bezain
samurra,
hirugarren te kikara bizitza bezain
goxoa.

Lehenengo te kikara heriotza bezain
garratza izanen da,
bigarren te kikara bizitza bezain
samurra
eta hirugarren te kikara amodioa bezain
goxoa.»

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago