Teknologia albisteak
1

Helduen euskalduntzea amaitzeko tentazioa

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-05 : 10:43

Berrian gaur argitaratua.

Aspalditik datorren joera da, baina esango nuke azken boladan inoiz baino handiagoz ari dela zabaltzen helduen euskalduntzeak bereak egin duelako sentsazioa. Iragartzen hasiak dira ikasleen beherakada eta helduen euskalduntzearen beharrik eza. Helduak euskaldundu? Krisi garaiotan gure diruak horretan xahutu?

Helduen euskalduntzea hil behar bada, hil dezagun behingoz. Gainera, eskatzen hasita, izan dadila heriotz duina, oinazerik gabeko eutanasia merezi du-eta. Eta egin diezaiogun hileta hunkigarri bat: eresiak, erostariak... parafernalia guztiarekin.

Hil behingoz ala bizi berri bat eman, aukeratu beharrean gaude. Franco duela 37 urte hil zen, Eusko Jaurlaritzak 32 bete ditu eta HABEk 31. Euskalduntzea estrategikotzat geneukalakoan honaino heldu gara eta hauxe da daukaguna: gure eskola eta institutuetatik ateratzen diren gazteen euskara maila ez da -aitortzeak mesede egingo digu- espero genuena, aitortuko dieten maila aitortuko dietela ere. Eusko Jaurlaritzak plazaratutako V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera oraindik ere gehienak dira euskaraz moldatu ezin diren Euskal Autonomia Erkidegotarrak: % 27 baino ez dira elebidunak, laurdena baino ez!! Badago, beraz, nori irakatsi -herritarren % 73- eta badago nork: nonahi ditugu euskaltegiak. Egiaren erdia baino ez da hau, ordea, garaian garaiko Jaurlaritzaren menpeko HABEk estu lotuta dauzka euskaltegiok eta dirulaguntzak beherantz doaz, aspaldion era basatian.

Elebidun kopurua herritarren laurdena bakarrik izanda ere, duela urte batzuetatik hona jomuga erabileran jarri da eta honek lasaitze moduko bat ekarri du, nire ustez, euskalduntzean. Eta, barkatu, baina herritarren erdiek ere ez dakitenean ezin dugu jakitea gutxietsi; gustuko izan ala ez, hauxe dugu errealitatea. Eta errealitatea, lagunok, oso oso oso -baina oso- egoskorra da. Gauzak honela, datozen hauteskundeetatik aterako den Jaurlaritzari egokituko zaio euskalduntzeaz erabakiak hartzea: Helduen Euskalduntzeari azkena ematea ala erronkari ganoraz heldu eta zereginari indar berriz ekitea.

Ez dira gutxi datozen urteotan helduen euskalduntzeak erantzun beharreko erronkak; baten batzuk aipatuko ditut, beste batzuk ere izango dira, jakina: 

  • Euskalduntze sare publikoa: Helduen euskalduntzerako aukera publikoa eta doakoak eskubide eztabaidaezina behar luke EAEko biztanleentzat eta dauden aukerak mantendu ezezik sustatu behar lirateke: Udal Euskaltegiak dauden herrietan aukera honen alde egin beharko luke administrazioak, eskuak lotuta dituen neurriraketa bertan behera lagata. Gainera, hiriburuetan berreskuratu beharko litzateke euskara ikasteko aukera publikoa. Hamarkadak joan dira jada HABEk bere euskaltegiak itxi zituenetik eta orduz geroztik hiriburuetako ikasleek ez daukate euskaltegi publiko batean ikasteko aukerarik. Ez, ez daukate. Jaurlaritza berria osa lezake(t)en alderdi(ar)en lehentasunen artean egon beharko litzateke hiriburuetan aukera publikoa sortuz hirietan helduen euskalduntzeari indar berrituz ekitea.
  • Zertifikazio sistema bateratu eta serioa eratzea ere badago, nire ustez, hurrengo legegintzaldiaren ajendan. Berraztertu beharko da, esaterako, aurreko aprilaren 17an onartutako dekretu sonatua, "erdia edo gehiago euskaraz ikasi dutenei" B1, B2 edo -kasuan kasuko- C1 tituluak lortzeko azterketarik egin behar ez izatea ekarri zuena.
  • Teknologia berriak: Euskalduntzea lehendabizi pentsatu zenetik jauzi erraldoia eman du teknologiak: alkoholez zebiltzan multikopistetatik tablet eta smarphoneetara etorri gara: teknologia berriak ez dira jada hain berriak. Online ala online/presentzial ikastaroak ez dira etorkizuna, oraina behar lukete. Bestalde, hezkuntzan hain ezagun eta erabiliak diren Berritzeguneen moduko zerbait antolatu beharko litzateke sare guztietako euskaltegientzat.
  • Modulazio malguagoa: Bizimodua azkartu egin zaigu eta ikasleak gero eta denbora gutxiagoz dabiltza. Honek guztiak ikastaroen modulazioan aldaketak eragin behar lituzke: izan gaitezen malguak eta, esaterako, fokuratu dezagun prozesua helburuen betetzean eta ez hainbeste orduetan. Aurreko puntuan aipatutako online/presentzial ikastaro mistoak egokiak lirateke bide honetan abiatzeko.
  • Doakotasuna aipatu dugu gorago ere: eskandalagarria da gaur egun 400-800 € ordaindu behar izatea ikastaro baten truke, zer eta euskara ikasteko? Euskalduntzeak doakoa behar du. Hau irakurtzean baten bat aztoratu balitz, esan behar litzaioke doakoak ez duela ordaindubakoa derrigor adierazten eta badirela moduak ordaindutakoa itzultzeko.
  • AEK: Gordin esatearren, AEKrekin zerbait egin beharko da, ezta? Nago sekulako desproporzioa dagoela AEKk euskalduntzeari eman/ematen dion eta jaso/jasotzen duenaren artean. Ez dut ondo ezagutzen, baina uste dut ez nabilela oker esaten badut AEK bokazio publikoa duen erakundea dela eta sortze beretik izan dela; agian hortik abia gintezke.

Eta zergatik nioen hasieran hau guztia hurrengo Jaurlaritzari egokituko zaiola? Bada, uste osoa dudalako hurrengo hauteskundeetatik gehiengo desberdin bat aterako dela eta herri honen euskalduntzean sinestuta gauden apurrok zer esana izango dugula. Aspaldi-aspaldian lehenengoz euskararen aldeko neurriak hartzeko gehiengo osoa izango da Eusko Legebiltzarrean. Aitzakiarik bat ere, beraz.

Gerta daiteke ezetz, hurrengo gobernua -eta hurrengoa, eta hurrengoa...- orain artekoen antzeko bideetatik ibiltzea; kasu horretan orain arte bezala jarraituko dugu: ikasleak, indarrak eta aukerak galtzen, baina garaian garaiko gobernuaren estatistiketan gero eta euskaldunago agertuz. Eta horrela ez bada ere, beti geratuko zaigu Europako sudur handienen herria izatearen kontsolamendua. Gaitzerdi.

P.S.: Euskaldunon Egunkarian idatzi nuen honetaz duela 10 urte ere antzeko kontuak aipatuz. Egunkaria gaur ez dago, baina Sustatuk gorde zuen ordukoa eta hemen daukazue, nahi izanez gero: http://sustatu.com/1037004436

Erantzunak

2012-10-05 : 19:08

Alderdi guztieti bidaltzeko modukoa, bere horretan.

Eskerrik asko Jozulin!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago