Teknologia albisteak
12

Fagor, Espainiara begira

Erabiltzailearen aurpegia
2013-09-27 : 10:20

Fagor Etxetresna Elektrikoen azken bideoak harritu egin nau, bertan Fagorren espainoltasuna aldarrikatzen baita ezin garbiago: “somos la única marca de electrodomésticos con capital 100% español”. Argi dago mezu horrekin Fagorrek Espainiako erosleak irabazi nahi dituela, baina kooperatibak ez du kontuan hartu merkatu globaletan inork gutxik erosten duela irizpide nazionalen arabera. Gainera, ikur eztabaidagarria aukeratu du, Ñ nabarmen bat, mezua indartzeko. Dena aintzat hartuta, uste dut Fagorrek huts egin duela bideoarekin.

Fagorrek nahi ala nahi ez, gurea merkatu globalizatua da, eta merkatu globaletan, batez ere Mendebaldekoetan, erosleak sofistikatuak izaten dira (izaten gara), eta hiru faktoreren arabera erosten dute (erosten dugu): prezioa, kalitatea eta erosi ondorengo zerbitzua. Horrelako merkatuetan —salbu nekazaritzan eta arrantzan, non produktu bat “hemengoa” izateak kasurik gehienetan esan nahi baitu freskoa dela—, oso jende gutxik erosten du irizpide nazionalen arabera, alegia, ez dela erosten produktu bat, beste barik Euskal Herrian, Espainian edo Frantzian egin delako (hori ekonomia autarkikoetan gerta liteke, baina ez hemen, eta ez orain). Are gutxiago krisi egoeretan.

Ñ dontsu hori

Bideo horretan, berriz, Fagorrek Espainiarekin identifikatu nahi izan du bere marka, eta Ñ aukeratu du identifikazio horren adierazle, kontuan hartu barik, zezena Espainiako banderetan nola, Ñ hizkia ere espainolismo zaharminduaren ikur dela askorentzat. Eta Ñ hori sarri beste herrien kontra ere erabiltzen dela, Katalunia kasu, hiru adibide hauetan ikus daitekeen moduan:

Jakina, Fagorrek eskubidea du bere ustez biderik egokiena aukeratzeko krisitik ahalik eta lasterren irtete aldera, baina sinistuta nago oraingoan huts egin duela. Zeren Euskal Herrian askok ez dute ulertuko bideo hori (horra hiru adibide: [1], [2] eta [3]), eta Espainian, urteetan Fagor jopuntuan izan duten nazionalista espainiarrek ez dute zirkinik egingo Mondragoeko kooperatibaren alde. Alegia, etsaiak egingo dituela ez zituen tokietan, baina bezero berririk, gutxi.

Erantzunak

2013-09-27 : 11:52

Atrebentzia honengatik Joxe Arantzabali barkamenak eskatuta, etxean normala (koherentea?) deritzogu Fagor, Eroski eta gainerakoen jokabideari, argazkiari gabe, pelikulari begiratuta. Arizmendiarrieta eta bere burubidea aspaldi-aspaldi hil ziren, kooperatiba enpresa da, dirua irabazi behar du eta, horretarako, merke erosi eta garesti saldu behar du.
a) Merke erosteko, Hirugarren Mundura egin behar.
b) Garesti saltzeko, balio erantsiez baliatu behar: diziplina, abertzaletasuna, inozotasuna (preferente edo subordinatuak maltzurkeriaz sartzeko) etab... erostunaren aldetik. Produktu asko eta asko erosi badizkio ere, inork ez du leitu Fagorren eta antzekoen prospektu bakar bat euskaraz (dagoeneko urte mordoa dirauen barne-euskalduntzea amaitutakoan, kanpora jalgitzeari ekingo omen diote), Euskal Herriaren inguruko erreferentzia bakar bat (Mondragón), etc.
Egia ote den eta, egia izatekotan, autorea inoiz damutuko zen ez dakigu; kontua da Eroskiko goi-kargudun bati egozten zaio esaldi xelebre hau, gutxi asko (espainiarrak bazkide sartzearen ondorioz): "Desberdina ote da bazkideen bilera nagusia San Mames egin edo Bernabeun egin?"
Enpresa horren ikuspegitik ez, agian.
Bernabeura joango ez garenok geure neurriak hartu ditugu.

2013-09-27 : 12:04

Ia erabat ados nator Joxe, baina detaile bat, abertzaletasuna erabiltzen da saltzeko. Txikitan Swindon (Ingalaterran) inguruan Honda auto japoniarren iragarki bat ikusi nuen "Made in the UK" leloarekin. Hantxe ekoizten dituzte, eta bertan egina dela saltzen jarraitzen dute gaur egun. Beste adibide bat, Endura bizikletarako arropa marka: "Born in Scotland, Ridden Worldwide".

2013-09-27 : 12:16

Erabili bai, abertzaletasuna erabiltzen da produktu edo marka batekiko identifikazioa areagotzeko, baina zalantza egiten dut mezu horiek eraginkorrak ote diren, ez bada komunitate txiki eta trinkoetan. Endura markaren leloa egokia da, jatorria aipatzeaz gainera, argi adierazten baitu markaren bokazioa: mundu osoan saltzea. Horren aldean, Fagorrena motz eta miopea iruditu zait.

2013-09-27 : 12:26

Ez daukat oso iritzi argirik Fagorren jokabide honetaz. Iragarkia ez da batere moloia, horrenbeste iruditzen zait, baina egokitasun politikoaz... Enpresa abertzale eta separatistak izan behar dira Euskal Herrikoak?

Atzoko protesta batzuk irakurrita, gogora etorri zitzaidan aspaldiko Alfa josteko makinen iragarki bat. Bat oso famatua zen, torero batek urratua izan du trajean plaza erdian, eta badoa bazterrera, "Pepe La Alfa!" esanez, eta hantxe josten diote makinarekin... Horrelako zerbait zen, baina ez dut Youtuben aurkitu. Aldiz, beste hau bai, nik gogoratzen ez nuena: "La máquina española".

Eibarren gure aitak eginak, Alfa makina espainol horiek.

2013-09-27 : 12:33

Luistxo, "Enpresa abertzale eta separatistak izan behar dira Euskal Herrikoak?" galdetzen duzu, eta nik uste dut ezetz, baina kontrakoa ere ez, ezta?, alegia espainol abertzaleak (Campofríorena etortzen zait gogora).

2013-09-27 : 12:35

Batenbatek esango dit erregea ekartzea ze onura ekarri zizkion Fagorri?
Espainian gehiago saltzen hasi al ziren?
Hau al da Fagor Etxetresnak krisiatik aterako duen bidea edo estrategia?

2013-09-27 : 13:17

Euskal abertzaletasuna marketing bezala erabili duten pare bat adibide bildu ditut hemen:



2013-09-27 : 16:29

Kontu batzuetan bat gatoz Joxe eta biok.

Nik ere idatzi dut bideoren gainean, nire blogean: http://bit.ly/1auWEZL

2013-09-27 : 17:42

Goio Aranak idatzitako artikuluaren haritik, non, besteak beste, aipatzen baita Josu Ugarteren liburua (berau Mondragon taldeko nazioarteko operazioen burua), “España está en crisis. El mundo, no”, galdera egin diot Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresari Twitterren. Eta erantzun hau jaso dugu bertan: “Fagor Espainiarako marka dugu. Brandt frantziarako, Mastercook Europarako. Merkatu bakoitzak bere strategia”. https://twitter.com/Fagor_com/status/383583034605600768

2013-09-27 : 18:08

Gorago Goio Aranak (#8) estekatu duen artikulua aipatzen da Fagorreko zuzendaritzatik banatu den mezu bat, bideoaren zabalkundera deitzen duena. Euskaraz eta gaztelaniaz dagoen mezu hori jaso dugu, eta hala dio euskaraz:

Lankide adiskideok

Azken merkatu-azterketek adierazten digutenez, kontsumitzaile espainiarrek, hein handi baten, kontsumo ohiturak aldatu dituzte krisialdiaren eraginez. Aldaketa horien artean, antzematen dugunaren arabera, gero eta zabalagoa da beren herrialdeko markak kontsumitzearen aldeko atxikimendua.

Horregatik erabaki dugu komunikazio-ekintza baten bidez Espainiako kontsumitzaileei jakinaraztea Fagor hemen jaiotako marka dela eta 50 urtetik gora daramala herri honen alde egiten.

Honekin batera doakizue mezu hau zabaltzeko baliatuko dugun bideoa: Geurearen alde egiteko garaia dugu. Bertan esaten dugunez:

· etxetresna elektrikoen marka bakarra gara %100ean kapital espainiarra duena, eta

· kooperatiba gara eta hortik sortzen da indartsu egiten gaituen elkartasuna.

Mezu hauek ezin dituzte Linea Zuriko gure lehiakideek kopiatu.

Gainera, sare sozialetan egongo gara, gure mezua bideo honen bitartez zabaltzeko eta nahi dut zuek guztiok, enpresa honetako langileok, ekintza honen berri zuzena izan dezazuen. Lehenak izan zaitezten bideoa ikusteko eta mezua herrialde honen kontsumitzailerik ahalik eta gehienengana helarazten parte har dezazuen.

http://www.youtube.com/watch?v=PK0_Yx5pXyY&list=HL1379930077&feature=mh_lolz

Eskerrik asko zuen laguntzagatik

2013-09-28 : 18:37

Aurten Fagor markako indukzioko plaka eta lapiko expressa erosi ditut eta baita Edesa labe bat. Hirurok zekarten argibideak euskaraz, besteak beste.

2013-09-29 : 18:13

Galdetu nahi nuke Fagor etxeko Kontseilu Sozialak ( ez dakit seguru horrela deitzen den ala ez, langileen ordezkaritza, nolabait esatearren) zer iritzi daukan iragarki honen inguruan. Espainiako erregea Arrasatera gonbidatu zuenean txinpartak atera omen ziren bertan eta Mongelos bere postutik kendu omen zuten.

Erantzun

Sartu