Teknologia albisteak

Zelan ordenatu egoki informazioa testuetan?

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-09 : 20:01

Mitxel Kaltzakorta irakasle lekeitiarrak liburu bat argitaratu berri du, Zelan ordenatu egoki informazioa testuetan? (I), eta bertan irakasten du zelan ordenatu egoki informazio-elementuak, euskarazko testuak erraz eta ondo prozesatzeko. Horretarako, azalpen teorikoez gain, egileak 33 kazetari-artikulu darabil, ariketa praktikoekin batera, irakurleak barnera ditzan bertako ikasgaiak. Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako udalek diruz lagundu dute proiektu hau.

Mitxel Kaltzakortaren azken liburua

Mitxel Kaltzakortak aspaldi salatu du testuak euskaraz —beste hizkuntzetan ez bezala— nekagarri irakurtzen direla, nahiz eta gramatikari dagokionez ondo eratuta egon. Hala ere, badaki zelan konpondu arazoa. Horra berak zelan esplikatzen duen irtenbidea:

  • Arazo horren konponbidea egitura informatiboan daukate hizkuntzek, eta ez maila gramatikalean, orain arte uste legez. Maila informatiboan lege bat dago unibertsala, progresio informatiboa deritzona, eta berak esaten du zer ordenatan erabili behar diren informazio-elementuak ondo eta erraz prozesatzeko testuak. Lege hori baliagarria da berbakuntza guztientzat, gizakiok logika berdina edo bertsua erabiltzen dugu-eta, nongurakoak garela eta edozein hizkuntzatan berba egiten dugula. Liburu honetan, tresna horren bidez erakutsi gura da zelan eman hurrenkera egokia informazioari testu traketsetan.

Eta horretan datza liburu hau. Egileak 33 kazetari-artikulu aukeratu ditu, oker idatziak, eta azaldu ondoren testuok zertan egiten duten huts komunikazioaren ikuspegitik, irtenbideak eskaintzen ditu eurok zelan konpondu. Liburua —bilduma bateko lehena— oso ondo antolatuta dago, eta egileak trebeki gidatzen du irakurlea, berau gal ez dadin. “Baina” bat aipatu behar izatekotan, tipografia aipatuko nuke: zenbait letratipo nekez irakurtzen dira, eta tipografia bera, oro har, nahasi samar agertzen da. Hala ere, liburua erabat gomendagarria iruditzen zait.

Mitxel Kaltzakorta
Mitxel Kaltzakorta Lekeition jaio zen, eta euskara irakaslea izan da hainbat lekutan, tartean Mondragon Unibertsitatean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Azken honetan orain bi urte erretiratu zen, bertan 29 urte eginda.

Eskoriatzara joan zenean, Irakasle Eskolan hasi zen lanean Mitxel, euskarazko eskolak ematen. Gero, han eta hemen ibili izan da lan bera egiten, baina askotan fakultatetik kanpo. Artikulu asko idatzi ditu, eta hainbat liburu. Azken honen aurrekoa, Prosa komunikagarriago egiten. Zenbait proposamen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago