Teknologia albisteak

Euskararen erabilera: estrategia aldatuko al dugu behingoz?

2014-06-23 : 09:36

Bizitzaren edozein eginkizunetan nola gabiltzan jakiteko adierazleak behar izaten dira. Euskara zelan doan jakiteko ditugun adierazle nagusietan argi gorriak piztu dira, baina, antza, batzuk ez dute horretaz konturatu nahi. Argi gorrien aurrean, norbanakoek, euskalgintzak, erakundeek eta administrazioek beste estrategia bat taxutu beharko genuke lurralde politikan, kontsumo ohituretan, euskalgintzaren trinkotzean, irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean, mundu sozioekonomikoan eta abarrean baina lehenengo jokamolde zaharkituekin jarraitzen dugu.

Euskararen erabilerari buruzko datu oso kezkagarriak jaso genituen 2012ko uztailean: Euskararen Kale Erabileraren eta V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 20 urteotan lehenengo aldiz, geure hizkuntzaren erabilerak atzera egin du: Bizkaian %10etik %9ra; Araban, Nafarroan eta Iparraldean beherantz, baita hiriburu guztietan ere. Albiste on gutxi: Gipuzkoan –Donostian izan ezik- eta eremu formaletan (administrazioetan…) erabilerak gorantz egin du. Une honetan euskararen kale erabilera %13n dago eta Unescoren arabera, irauteko, gutxienez %33n egon beharko litzateke.

2012ko udan agertutako datu horiei buruz, bitxia bada ere, ez zen iritzirik azaldu baina, oraingoan, Jaurlaritzak orduko datuak berriro plazaratu dituenean, zorionez, eztabaida txikia egon da. Dena den, eztabaida hau egin behar dugunari buruzkoa izan beharrean datuei buruz izan zen. Hala ere, nahiz eta datuak oso kezkagarriak izan, Jaurlaritzak datozen urteotarako hizkuntz politikan zein Kontseiluak egindako plan estrategiko berrian ez dago aldaketa estrategikorik eta azken bi hamarkadetan bezala jarraitzen dute. Edo hobeto esanda txarrago, alde batetik, administrazioek normalizaziora bideratutako dirua etengabe gutxitzen jarraitzen dutelako (2010etik hona Jaurlaritzak -%12, Aldundiek -%3,5, hiriburuetako udalek -%16, udalek -%3 eta Nafarroako Gobernuarena hutsaren hurrengoan dago). Eta, bestetik, Kontseilua osatzen duten erakundeetan proiektu eta ikuspegi berririk ez dagoelako eta krisiarekin egoera ekonomiko larriagoan eta irauteko zailtasunekin daudelako.

Argi dago orain arte abian jarritako politikek eta estrategiek onura asko ekarri dituztela, horiek egin ezean egoera askoz tamalgarriagoan egongo ginatekeelako; baina, ozenki esan dezagun, ez direla nahiko izan eta gauza asko aldatu behar ditugula gauden egoeran eta ditugun baliabideekin euskarak atzerago egin ez dezan. Eta zer aldatu?

a) Ezinbesteko baldintza: Adostasuna

 

Diagnostiko eta estrategia berria adostea.Edozein egoera zailetan diagnostiko on bat bezalakorik ez dago: zer gertatzen ari den, zergatik, zer uste duen erakunde bakoitzak, nola gauden sektore bakoitzean… Azken urteotan euskararen osasunari buruzko azterketa asko egin dira baina ez dira denon artean ez eztabaidatu ez adostu. Orain hamabost urte Euskararen Unibertsoa izeneko jardunaldiak egin ziren. Oraingo larrialdiko egoera honek horrelako beste bat eskatzen du, eragile bakoitzaren eskumen eta erantzukizunak ongi bereiziz (administrazioak, euskalgintza, irakaskuntza, helduen euskalduntzea, enpresak, kultura, euskaltzaleak....) baina elkarlanerako eremu bat sortuz. Helburu argi batekin: diagnostikoa adosteaz gain, datozen 10 urteotarako estrategia berri eta bateratua ezartzea.

Adostasun politiko, ekonomiko eta soziala. Herri txikia gara, 3.000.000 bat lagunekoa, eta horietatik 800.000 euskal hiztun baino ez, 40.000.000tik gora duten bi estatu indartsuen artean. Horregatik, euskara maite dugun guztion artean, estrategia politiko, ekonomiko eta sozial eraginkorra adostu behar dugu, gero norberak bere erakunde, enpresa, elkarte, administrazio eta abarrean ezartzeko.

b) Estrategia berrirako gakoetako batzuk

 

Erabileraren ziurtagiri bakarra. Bai Euskarari ziurtagiria egonda, Bikain ziurtagiria sortzea ez zen erabaki egokia izan. Ziurtagiri bakarra behar dugu, oraingo Bai Euskararik eta administrazioek (Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta EEP) kudeatuta eta Euskal Herri osorako. Ziurtagiri bakar horrek bi maila egiaztatu beharko lituzke: batetik zerbitzua euskaraz ematen dela ziurtatzea eta, bestetik, zerbitzua eta lana geure hizkuntzan egiten dela. Ziurtagiri hori doakoa izateaz gain, lehenengo mailakoa eremu guztietara zabaldu beharko genuke: udalak, aldundi eta gobernuetako sailak, enpresa publikoak, ikastetxeak, elkarteak, kirol jarduerak, dirulaguntzak jasotzen dituzten eta administrazioetako hornitzaileak diren enpresa eta erakunde guztiak... Bestetik, administrazio atal askotan, ingurune euskaldunetan eta hainbat sektoretan, arnasguneak sortzeko, bigarren maila zabaldu beharko litzateke.

Lurralde politika. Herrialdeetako hiriburuak eta eskualdeetako hiri nagusiak historikoki erdalduntze prozesuaren indarguneak izan dira. Azken urteotan, inbertsio gehienak hiriburuetan egin direnez, metropolizazio prozesua areagotu da, euskara gehiago zokoratuz eta ingurune euskaldunen arnasguneak desegituratuz, baliabide eta proiektu berririk ez edukitzeagatik. Mondragon Taldearen deszentzalizazio ikuspegiari esker (lantegiak, unibertsitatea… eskualde desberdinetan kokatuz) prozesu hau nolabait leundu da. Roberto Manjonek dioen moduan, lurralde politika hizkuntz politikaren eragile nagusia da eta, zoritxarrez, erabat kontra dugu, AHT esaterako. Lurralde politika errotik aldatu behar dugu eta egitura eta enpresa berriak ingurune euskaldunetan kokatu behar dira, euskara normalizatu nahi badugu. Beste adibide bat: gure herri txiki askotan, 20-30 etxebizitza berri egin, herritik kanpoko jendea etorri eta giroa erabat erdalduntzen da. Horrelako gauzak zaindu behar ditugu erdaldunak integratzeko dugun gaitasuna baxu-baxua delako.

Euskalgintza soziala trinkotzea. Administrazioetatik kanpo, ezinbestekoa da euskalgintza soziala indartzea eta zabaltzea. Kontseilua sortu zenean bazirudien horretarako tresna izango zela baina elkarte euskaltzale gisa jardun du batik bat, eta ez zerbitzuak gero eta hobeto eta gero eta gehiago eskaini behar dituen enpresa talde gisa. Euskalgintzako enpresa eta erakundeek kohesio antolatzaile, ekonomiko eta estrategikoa behar dute, Mondragon Taldearen hasieran bezala, sinergiak lortu eta zerbitzu berriak eskaini ahal izateko. Horretarako, noski, alderdien menpekotasun guztiak alboratu behar dira.

Elebitasunetik euskaraz bizitzera pasatzea eta lehentasunezko hizkuntza izendatzea. Kontzeptuak argi izateak helburua lortzen laguntzen du. Azken hamarkadetan “elebitasuna” erabili izan da hizkuntza politikaren oinarri gisa baina, kontzeptu honen barruan tokian tokiko hizkuntzaren ordezkatze prozesua ere barne sartzen denez, ez da egokia. Diskurtsoa argi eduki behar genuke denok, administraziotik hasita: euskaraz bizitzea ahalbideratzea, erdaraz bizitzea aspaldi ahalbideratuta dagoelako. Kontseiluaren euskaraz bizi nahi dut ildo horretatik doa eta oso egokia da. Horrez gain, geure hizkuntzak lehentasuna izan behar du, eta horretarako, esparru eta komunikazio guztietan lehentasuna nola emango diogun zehaztu beharko genuke. Bi urrats hauek -euskara lehentasunezkotzat hartzea eta euskaraz bizitzea ahalbidetzea-, Joxe Manuel Odriozolak euskal nazionalismoari faltan botatzen dion euskal kulturaren eta hizkuntzaren zentralitatea berreskuratzeko urrats adierazgarria litzateke.

Ingurune euskaldunetarako hizkuntz politika berezia. Jaurlaritzak hizkuntz politika bakarra egin du orain arte, beti makroan pentsatuz: irakaskuntza, administrazioen euskalduntze-planak… Ingurune euskaldunak planteamendu berdintsuekin landu dira. Osakidetzak, adibidez, erabilera oso baxua den hiriguneetan ehunka euskaldunez hornitu du –primerakoa!- baina, oraindik ingurune euskaldunetan ez du segurtatu profesional euskaldunik. %51tik gorako euskaldun kopurua duten inguruneak (ez soilik %70etik gorakoak), administrazioren ikuspuntutik, lehentasun osokoak izan behar dira eta Aldundi eta Jaurlaritzatik horra doazen komunikazio, langile eta abar euskaldunak izan beharko lirateke ezinbestean. Ingurune horiek administrazioentzat eta horietan diharduten enpresentzat euskalduntzeko helburu eta pizgarri bihurtu behar ditugu. Hizkuntz Eskubideen Dekretuak ingurune horietako enpresa eta zerbitzuetan ere eragin beharko luke.

Eleaniztasuna aukera oztopoa baino. Euskal Herriak munduan leku bat izan dezan, argi dago ingelesari ateak zabaldu behar zaizkiola. Ingelesa gure bi estatuetako hizkuntza ez denez, berau zabaltzea gaztelerak eta frantsesak ekonomian, kulturan eta hainbat esparrutan duten ia erabateko monopolioa hausteko tresna paregabea da, bi estatu hizkuntza hauen espazio komunikatibo eta sinbolikoa murriztuz. Beste hizkuntzak ere aintzat hartu behar ditugu, Euskal Herria mundura irekita egotea nahi badugu, gaztelera eta frantsesak eskaintzen dizkiguten aukerez gain.

Hizkuntza komuna. Aukera paregabea dugu euskara gure hizkuntza komuna dela egunero ikusteko, baina ez gara horretaz baliatzen. Adibidez, irakaskuntzan Iparralde-Hegoaldeko ikasleen trukea egitea ondo legoke, bi astero ikasle bat trukatuz, ikasturtean zehar etengabe. Horrela, ikastetxeetan denon hizkuntza zein den hobeto ikusiko litzateke. Administrazio eta enpresa ertain-handietan, Iparralde eta Hegoalde arteko harremanak ere bultzatu, helburu berarekin.

Bizkaiera eta Iparraldeko euskalkiak. Euskara batutik aldenduen dauden euskalkiek normalizazio prozesua garestiegi ordaindu dute. Irakaskuntzaren lehen mailetan, administrazio gehienetan eta tokiko hedabideetan, euskalkiek espazio propiorik ez izateak alfabetatu ez den jendearen konplexua eragin du, batua bereganatzea zaildu du eta erabilera jaistea eragin du. Nola utzi dugu etxeko euskara dakitenek haien gutxiegitasun konplexuarekin jarraitzea? Horregatik, hasieran egin behar izan zena oraindik egiteko garaiz gaude: ingurune euskaldunetan lehen hezkuntza euskalkian egitea, ETBn egunero ordu bete tokian tokiko euskalkietan ematea, udal administrazioan ere erabilera gune batzuk zehaztea, euskaltegietan euskalkiak ere lantzea, etab. Euskalkiak galtzen uzten ari garenez, euskararen aberastasuna, hizkuntzarekiko atxikimendu eta identifikazioa…eta erabilera galtzen ari gara.

Finantzazioa: urtez urte beherantz doa normalizaziora bideratutako dirua. Diru gabe egin daitekeen hizkuntz politika areagotzearekin batera (hornitzaileei hizkuntza eskaerak egitea, erakunde berriak hasieratik euskaraz funtzionatzea…) dirulaguntzak behar dira, eraginkortasuna hobetuz: kopuruak lortzen diren emaitzen arabera eman eta ez gastuen arabera, onuradunek irizpideetan parte hartzea, epe luzeagoko proiektuak ere finantzatzea (3 urte adibidez), normalizazioa bultzatzen duten enpresei edo merkatariei zergak jaistea, etab. Lau urtetan administrazioek %16tik %3ra bitartean jaitsi izana, kopurutan eta gastu guztiaren ehunekoan, ez da onargarria, are gutxiago erabilera jaisten ari denean.

Elebitasun pasiboa edo hizkuntz jarrera. Euskara desagertu ez dadin, gure inguruan ditugun erdaldun hutsak, euskara ulertzen dutenak, pixka bat hitz egiten dutenak… horiek ere aktibatu behar ditugu, ikasteko beharra piztu behar diegu, guk euskaraz bizi nahi dugula transmititu behar diegu. Horretarako, lagun taldean, enpresetan, bikotearekin… gaudenean ezinbestekoa da egunero esaldi batzuk gure hizkuntzan egitea, astiro-astiro, gurera ekarriz eta ez gu betiko erdaldun erabiltzaile bihurtuz. Hilean 15 minutuz aritu euskaraz… hurrengo urtean ordubete… bestea mugiarazi arte. 30 urtetik beherako guztiak euskaraz egitera ohitu beharko genituzke, katalanek erabiltzen duten elebitasun pasiboa gurean ere hedatuz. Estatuek herritar guztiei beraien hizkuntza derrigorrez ikasarazten dienean une oro, hauxe da dike bakarra bertako hizkuntza desagertu ez dadin: hizkuntz jarrera aktiboa. 

Funtzionarizazioaren eta ekimen sozialaren bidezko euskalgintzak. Orain bi hamarkada euskalgintzaren indarra gutxitzeko, funtzionarizazio prozesua bultzatu zen, irakaskuntzan eta unibertsitatean, indartsuen ziren alorretan, kasualitatea ez dena. Horrek euskalgintzari min handia egin zion eta gaur egungo moteltze egoeraren arrazoietako bat izan daiteke. Ekimen sozialeko euskalgintza inoiz baino beharrezkoagoa da, irakaskuntzan, helduen euskalduntzean, hedabideetan… Une honetan biziraupen egoeran daude eta Administrazioek bereziki zaindu beharko luketen alorra da, normalizazioaren zutabe nagusienetakoak direlako.

Immigrazio politika. Batzuek diotenez, azken kale erabileran euskara ez da jaitsi euskaldunok gutxiago hitz egiten dugulako, biztanlerian egon den aldaketagatik baino. Izan ere, etorkinen presentzia asko handitu da azken urteotan eta horiek, batez ere, gazteleradun herrialdetatik etorritakoak izan dira. Historikoki egon den immigrazio handia politikoki hobeto integratu dugu, linguistikoki baino. Arlo honetan eskumenik ez izateak dena zailtzen du, baina zerbait egin beharra dago; adibidez, Urolako Kostako herri batean egindakoa: gizarte laguntzak jasotzeko euskara ikastea baloratzea edo eskatzea. Baita kultur elkartrukea sustatzea ere, euskarak horietan funtsezko lekua izanda.

Kontseilua eta HPS. Alderdikeriek administrazioen eta herri erakundeen arteko elkarlana etengabe zapuztu dute. Batetik, Jaurlaritzaren ardura eduki dutenek Kontseilua kontrabotere gisa ikusi dute eta, bestetik, Kontseiluak ez du diskurtso autonomorik izan. Euskararen normalizazioaren bi eragile nagusi hauen artean ezkontzarik ez dagoen bitartean, euskaldunok umezurtz jarraituko dugu.

c) Arloz arloko aldaketa kualitatibo eta kuantitatiboak

 

Arlo bakoitzean ere irudimena landu beharko genuke oraingo emaitzak hobetzeko:

Irakaskuntza. Hiru sareetan —publikoan, ikastoletan zein pribatuan— emaitzak neurtu, proiektu onenak bultzatu eta soldata politika bat ezarri beharko litzateke, lortzen diren emaitzekin nolabaiteko lotura jarriz (euskaran eta beste arloetan). Horrez gain, hizkuntz eredu berria sortu behar da (E eredua?), Jaurlaritzaren zain egon gabe, euskara eta ingelesa bermatuko dituena. Horiez gain, beharrezkoa da normalizazioaren motorra izan diren ikastolen biziraupena ziurtatzea eta Administrazioak ez irenstea, gero eta egoera larriagoan daudelako.

Familiak. Familia euskaldunen jaiotza tasa besteena baino baxuagoa den bitartean geure hizkuntzak jai dauka. Argi eduki behar dugu hori. Orain arte herri hau erraz euskaldunduko genuela pentsatu izan badugu, eta erratuta egon gara. Estatuek etorkinak integratzeko zailtasun handiak dituzte, baina guk askoz zailago dugu. Beraz, bizirauteko, bi, edo askoz hobe, hiru seme-alaba dituztenei edo edukitzeko prest dauden bikote euskaldunei gure miresmen osoa.

Euskaltegiak. Nola onartu daiteke euskara ikasteko ordaindu behar izatea? Euskal herritar guztiek dute gure hizkuntza ikasteko eta horretan alfabetatzeko eskubidea eta, horretarako, administrazioek euskaltegi txekea eman beharko lukete. Horrez gain, orain 30 urte gau eskoletatik euskaltegietara egin zen jauziaren ondoren (irakasleak profesionalizatuz), orain jauzi handiagoa egin behar dugu: euskaltegietatik barnetegietara jauzia egitea, Israelen egin duten moduan, familia osoei sei hilabetez euskalduntzeko aukera eskainiz, familia delako erabilera gune nagusia.

Administrazioak. Funtzio publikoa aldatu behar dugu, ez soilik herri hau euskalduntzeko, baita beste funtzionario mota bat edukitzeko ere. Besteak beste, soldata publikoen %15 inguru emaitzen araberakoa ez den bitartean, nekez hobetuko dugu. Administrazioetako sail guztiek Bai Euskarariren zerbitzua eta, horietako askok, zerbitzua eta lana eduki beharko lukete epe laburrean. Jaurlaritzak orain arte jarraitu duen sistema aldatu behar du, 30 urteko epean zerbitzua euskaraz ematea bermatu gabe dugulako. Administrazioan euskara normalizatzeko erakunde bat sortu beharko litzateke, Eudel eta Uema elkarlanean, euskaraz bizitzeko prest dauden erakundeak koordinatzeko.

Arlo sozio-ekonomikoa. Enpresetan, merkataritzan eta zerbitzuetan euskaraz bizitzeko, Ibarretxeren garaiko Jaurlaritzak urrats handia eman zuen: Hizkuntz Eskubideen Dekretua. Lehenengo aldiz, enpresa handiei kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko ibilbide orria jarri zitzaien: eskubideak eta epeak zehaztu, isunak aurreikusi. Zoritxarrez ondoren isunak kendu egin ziren eta, horrekin, Dekretuak balio handia galdu zuen. Gainera, dekretua ez da erabiltzen establezimendu berriei hizkuntza eskakizunak ezartzeko ere, beste lege eta arauak exijitzen zaizkien moduan. Dekretu hau bere osotasunean berreskuratzea ezinbestekoa da eta horrekin batera, gauza gehiago egin daitezke euskara alor honetan bultzatzeko: administrazioek eta enpresek beren hornitzaileei eskakizunak egitea, enpresak sortzean hasierako doako hizkuntz laguntza eskaintzea, hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten enpresei zergak murriztea…

Horrez gain, gune euskaldunak ekonomikoki indartu behar ditugu: administrazioaren zerbitzu batzuk hor kokatut negozio maileguetan baldintza hobeak eskaini, enpresa euskaldunak kokatzeko eraikin eskaintza egin… Azkenik, elkargo profesionalek, enpresari elkarteek eta sindikatuek ere zeresan handia dute gai honetan baina egindako urratsak apalegiak izan dira. Denak zuzenean inplikatzeko prozesu bat zabalduko beharko litzateke.

Gazteak. Zumintzen arabera otar batzuk edo beste batzuk egiten dira. Oraingo gazteen zumintzak ez dira lehengoak bezalakoak; ez zuten frankismoa ezagutu eta horrek “irakatsi” zigun guztia: euskararen erabateko zapalketa, debekua… Ez dute euskara galdu daitekeen sentsazioa izan guk izan genuen moduan. Haientzat euskara eskola hizkuntza izan da, batzuetan maila edo maitasun handiz edo gutxiz irakatsia, hedabideetan ere ikusten eta entzuten dena… Bestetik, ikastetxeetan, ingurune oso euskaldunetan kenduta, jatorriz euskaldunak eta jatorriz erdaldunak nahastuta egon dira beti eta, horietan, hizkuntza nagusira jotzen denez, gaztetatik gaztelera izan dute gehienek harreman hizkuntza. Helduengandik jasotzen duten mezua ere oso argia da: euskara ez da funtzio sozial guztietara zabaltzen den hizkuntza.

Arlo honetan proiektu pilotuak jarri behar dira martxan eta emaitzen arabera zabaldu. Zer egin? Gazteentzako hizkuntz portaeran eragiteko telp tailerrak, Iparralde-Hegoalde kuadrila trukeak, euskararen liderrak bultzatzeko proiektuak, euskararen jaietan eremu euskaldunak egotea eta hor erabilera zaintzea, gure hizkuntzaren zapalkuntzaren historia ezagutaraztea, ikastetxeetan urtean zenbait ordutan jatorriz euskaldunak diren ikasleekin jarduera bereziak egitea…

Kultur eta hizkuntz sormena. Euskal munduaren ikuskeraren transmisioa zaindu behar dugu, familietan eta lagun taldeetan ematen dena, kultur agerpenetan (musika, antzerkia, literatura, bertsolaritza, dantzak, jaiak…), euskaraz banatzen diren publizitate eta testuetan ere… Zelan hobetu? kultur produktuetako BEZetik ateratako dirua euskal kulturari itzul diezaiokegu Extremaduran egin duten moduan. Bestetik diru gehiago bideratu behar da, izan ere, BEZa igo zenetik, dirulaguntza gehienak ehuneko horren azpitik daudenez, une honetan administrazioak ez dira ezer ematen ari, eta haiei zerga ordaintzeko laguntza besterik ez dute eskaintzen.

Euskal musikaren egoera oso larria da, ez dago ia laguntzarik eta dagoen diru apurra orkestretara doa. Argitalpenetan eta musikan pirateria gutxitzeko neurri zorrotzak behar dira. Bikoizketa sektorea bizirik behar dugu: ETBk jatorrizko bertsioan zerbait ematea ondo dago baina euskaraz ere pelikulak ikusi behar ditugu, euskara normalizatu dadin. Euskarazko publizitateari eta testuei gutxienezko sormen indizea jarri beharko genieke, irakurtzen dugun guztia itzulpena izan ez dadin… Hau da, euskararen kulturak ematen digun sinbolismoa eta indarra transmititzea dagokigu.

Guk geuk. Euskararen biziraupena gure herriaren nortasun zeinua da. Baina inoiz baino zailago dugu oraingo mundu globalizatu eta gogor honetan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak dena konponduko zuela uste zuten askok. Horrela, ilusioa galdu, boluntarismoa jaitsi... eta txarrena: gauzak guk geuk egin beharrean besteen esku utzi ditugu egingo dituztelakoan... baina gero ez dituzte egiten. Lehen kontrakoa zen: euskaltegiak sortu eta gero etorri ziren laguntzak, edo aldizkariak sortu eta gero lortu zen dirua. Ilusio eta ekimen hori berreskuratuko al dugu? Euskararen erdigunea denon baitan dago eta. Saratxagak dioen moduan, burujabetasuna arlo guztietan berreskuratu behar dugu, ekonomian, elikaduran, osasunean… eta, noski, euskaran ere bai.

Esaerak dioen moduan, gauza berdinak eginez gero emaitza berdinak lortzen dira. Une honetan, euskalgintza eta administrazioen artean egondako ezinikusia alde batera utzi behar da. Euskara dugu jokoan, argi eta garbi gainera. Irlandako eredua hor dago: independentzia lortu zutenean gaelikoaren erabilera zertxobait igotzea lortu zuten, %13 ingurura, baina gero atzera egin zuen berriro eta, emeki-emeki, oraingo %4ra jaitsi zen.

Txillardegik zioen moduan, dugun ezagutza apalarekin erabilera proportzioz handia da, atxikimendu handia dagoelako. Unescoren arabera gure biziraupena iluna bada ere, denon artean bat eginik aurrera aterako dugu. Euskalgintza, Administrazio, enpresa, erakunde eta euskaltzaleen arteko biltzar handi bat egin beharko genuke, Euskararen Biltzarra, denon iritzi eta beharrizanak kontuan hartuta, diagnostikoa eta datozen 10 urteetarako estrategia adosteko. Emaitzekin gustura ez bagaude, gauza ezberdinak egiten hasiko al gara?

Erantzun

Sartu