Teknologia albisteak

Liburuz betetako altxorrak 70 bat eskola txikitara iritsiko dira

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-24 : 10:18

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin urtero antolatzen dituen Liburuen Altxorra (Gipuzkoan) eta Liburu Ibiltariak (Bizkaian) egitasmoak abian dira. Aurten, guztira, 70 bat eskola txikitara iritsiko dira liburuz betetako altxorren kutxak. Izan ere, eskola horiek baliabide gutxi izaten dituzte sarri liburu eta liburutegien dinamizaziorako. Liburu mailegu zerbitzu mugikor honekin premia horri erantzuten dio GALTZAGORRI Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Era berean, zerbitzu hau baliatzen du irakurzaletasuna sustatzeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzatik hasita.

Liburutegi mugikorren funtzioa betetzen duten liburuz betetako gurpildun kutxak izan dira egitasmo honen oinarria jaio zenetik. Liburu Ibiltariak egitasmoak ordea ez du liburutegi huts izateko asmorik. Izan ere, GALTZAGORRI Elkartearen helburuetako bat da Euskarazko Haur eta Gazte Literatura sustatzea, baina horrekin batera irakurzaletasuna piztu nahiko luke txiki-txikitatik Gipuzkoako eta Bizkaiko haurren artean.

Aholkularitza zerbitzu ibiltaria

Altxorrean parte hartzen duten hainbat ikastetxetan haur kopurua hazi egin dela ikusirik, azken urteotan, horiei beste zerbitzu bat eskaintzen die Galtzagorrik: liburutegi gurpildunak eraman ordez, aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie. Horregatik, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe txikiak eta, txikiak izanik ere, ikasle kopuruan asko hazi direnak bi taldetan banatu ditugu. Lehenengoei dagokienez, Gipuzkoan 35 ikastetxek jasoko dute aurten kutxa ibiltaria eta 23 ikastetxek Bizkaian. Beste 11 ikastetxeri, berriz, aholkularitza zerbitzu oso bat eskainiko zaie ikastetxean bertan irakurzaletasuna pizten laguntzen jarraitzeko. Izan ere, azken hauetan badute liburutegi bat, baina, askori berau dinamizatzeko baliabideak falta zaizkie.

Hortaz, aholkularitza zerbitzu ibiltaria hazi egin diren baina oraindik ere txiki izaten jarraitzen duten eskola horietako irakasleei dago bideratuta. Bisita horretara, dinamizatzaileak esku-gurdi batean euskarazko haur literaturan aurreko urtean argitaratu diren liburuen artean gomendagarrienak eramaten ditu. Irakasleei liburu horiek aurkezten dizkie eta horiekin zein dinamika landu daitezkeen erakusten die.

Laburbilduz, aholkularitza zerbitzu honen helburuak hauexek dira: eskola horiek zein liburu eskuratu behar duten jakiteko aholkuak jasotzea, liburu horiek nola erabili behar dituzten ikasteko materiala euren esku jartzea eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamiken inguruko formazioa ematea.

Jardunaldiak Villabonan eta Amorebieta-Etxanon

Eskola Liburutegien Aholkularitza Zerbitzu Ibiltaria martxan jartzearekin batera, Galtzagorri Elkartea egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeentzako formazio jardunaldi batzuk antolatzen hasi zen.

Jardunaldi hauetara kutxa ibiltaria jasotzen duten ikastetxeetako nahiz Aholkularitza saioa jasotzen duten ikastetxeetako irakasleak gonbidatzen ditu Galtzagorrik. Bertan, aurten Carlo Collodi idazlearen “Pinotxoren abenturak” liburua izango dute aztergai eta mintzagai. Aurtengo ikasturtean Gipuzkoako jardunaldia Villabonako Mintzola Fundazioan burutuko da, saio bakarrean, eta Bizkaiakoa Amorebieta-Etxanoko Udal Liburutegian.

Aurten gainera, irakasleen egutegi eta ordutegietara gehiago egokitzen den eguna eta ordua jarri ditugu: irailaren 25ean izango da Gipuzkoan eta irailaren 28an Bizkaian, arratsaldeko 14:00etatik 17:00etara bietan.

Saioen dinamika

Liburuen Altxorreko eta Liburu Ibiltarien gurpildun kutxak, esan bezala, Gipuzkoako 35 eta Bizkaiko 23 eskola txikik jasoko dituzte aurten. Haur eta Gazte Literaturan jantzia den dinamizatzaile baten eskutik helduko dira aste honetatik aurrera Gipuzkoako herrixketako ikastetxeetara, ikasturtea amaitu bitartean. Lehenengo bisitak aste honetan izango dira. Gipuzkoan Bidegoianen, Albizturren, Beasainen, Igeldon eta Andatzan jasoko dute kutxa. Bizkaian, berriz, Mallabian, Amoroton, Otxandion, Bakion eta Turtziozen. Eskola bakoitzak hilabetez izango du kutxa eta bertako liburuak erabili ahal izango ditu.

Kutxa hauetako bakoitzak 140 liburu inguru ditu. Gehienak GALTZAGORRIk urtero antolatzen duen Irakurketa Mintegian hautatutako liburuak dira. Mintegi horretan, idazle, irakasle, liburuzain eta dinamizatzaile hainbat biltzen dira, 0-12 urte bitarteko haur eta gazteentzat argitaratutako guztia irakurtzeko. Ondoren, argitaratutako guztiari buruz azterketa bat egin, eta kalitatearen ikuspegitik interesgarrienak diren lanak egitasmoko liburu zerrendara bideratzen dira. Modu honetan, urtero liburuak berritzen direla bermatzen da.

Liburuen Altxorreko dinamizatzaileak motibazio literarioa sustatzeko hainbat saio eskainiko dizkie haurrei. Saio hauetan dramatizazioak, ipuin kontaketak, hitz jolasak, poemak oinarri dituzten dinamikak... landuko dira, besteak beste. Beti ere, kutxan eramango diren liburuei lotutakoak izango dira saioak. Modu horretan, liburu horietan arakatzeko teknikak eskainiko dizkie haurrei, beraien parte hartzea ere sustatuz.

Lehenengo dinamizazio saioaren ondoren, kutxak hilabete igaroko du ikastetxe bakoitzean. Haurrek bertako apaletako liburuez gozatu ahal izango dute, beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Galtzagorriko dinamizatzaileak ez die erabilera konkreturik ezarriko, ezta metodo itxirik ere. Haur eta eskola bakoitzak askatasuna du egokiena ikusten duen moduan erabiltzeko. Irakurketaren ludikotasuna eta magia sustatu nahi da ekimen honekin. Urteetako esperientziak erakusten du, gainera, leku bakoitzean erabilera modu ezberdinean antolatzen dela; ikastetxe batzuetan, irakasleek irakurtzen dizkiete eskola orduetan haurrei ipuintxoak; batzuk liburuak oinarri hartuta kantak, olerkiak eta antzerkiak ere prestatzen dituzte; eskola txikienetan erabat irekia egoten da kutxa eta ikasleek erabakitzen dute zer eta noiz irakurri, gogoaren arabera; beste batzuetan egunero finkatzen dute tarte bat kutxatik liburuak hartu eta irakurtzeko; batzuek irakurketak etxean egin eta hurrengo goizean komentatzen dituzte irakurritakoak; besteetan liburuzain lana bete izan dute haur helduenek…

Jarraipen bereziko liburuak

Liburu kutxei arreta berezia eskainiz, duela pare bat urte martxan jarritako ekimenarekin aurrera jarraitzen dugu. Kutxak liburu berriz hornitzeaz gain, 10 bat libururi hainbat dinamika lantzeko koaderno bereziak erantsi genizkien, BITAKORA KOADERNOAK.

Horregatik, kutxen barruan 130 bat liburu egongo dira haurrek nahi duten moduan erabiltzeko, eta beste 10 bat liburu inguruk Bitakora Koadernoa izango dute atxikita, liburu horien inguruko dinamikak lantzeko eta ikasle zein irakasleen iritzi eta balorazioak jasotzeko.

"Bitakora koadernoaren" bertsio informatikoa ere zabaldu dugu. Nahi dutenek iritzia koadernoan (paperezkoan) idatzi ostean, Interneten sartu eta bertan beren proposamenak idatzi edo txertatzeko aukera dute. Horretarako, Galtzagorrik blog bat du http://liburuenaltxorra.wordpress.com/ helbidean. Bertan ikus daitezke dagoeneko Jarraipen Bereziko Liburu horien fitxak nahiz ikasleek egindako iruzkin eta lanak.

Agendak eta kartelak opari

Urtero bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen ekimen honen baitan Irakurketa Agenda eta kartel berria sortu ditu GALTZAGORRIk. Urtero ilustratzaile ezberdin bati eskatzen zaio bata zein bestea ilustratzeko.

Aurten Eider Eibar ilustratzaile bizkaitarrak egin ditu hauen marrazkiak. Agenda nahiz kartela Liburuen Altxorra eta Eskola Liburutegien aholkularitza zerbitzu ibiltaria jasotzen duten ikastetxeetan opari gisa jasoko dituzte.

Nolanahi ere, Irakurketa Agenda hau nahiz aurreko urteetan beste hainbat euskal ilustratzailek sortutakoak Galtzagorriko web gunean ikusi eta eska daitezke. Besteak beste, Iraia Okina, Belen Lucas, Antton Olariaga, Mattin, Jokin Mitxelena, Aitziber Alonso edota Jon Zabaletak eginikoak topatuko dituzue helbide honetan: http://www.galtzagorri.org/euskara/irakurketa-agenda

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago