Teknologia albisteak

Arrantza sektorea: Etengabeko galera ontziterian eta eskifaian

Erabiltzailearen aurpegia
2013-05-21 : 11:17

2004az geroztik, 173 itsasontzi eta 1.101 lanpostu galdu dira euskal kostan. Egun, 369 ontzik dihardute lanbide-arrantzan euskal kostalde osoan gaiaren inguruko azken datuen arabera (2012). Hauetatik guztietatik 273 baxurako arrantzakoak dira (%74), 70 alturakoak (%19) eta 26 altura handikoak (%7). Euskal arrantza ontziterian, guztira, 3.050 pertsonek lan egiten dute.

Azterketa epea azken zortzi urteak izanik (2004/12) kaltetuen izan den arrantza mota, ontziteriari dagokionean, baxurakoa izan da (-118 itsasontzi; -%30,2). Altura handiko arrantzak (atunontzi izoztaileak eta arraste-ontzi izoztaileak) ez du aldaketarik izan itsasontzi kopuruetan, guztira 26 dira (horietatik 23 Bermeon matrikulatuta), eta 600 pertsonari lana ematen die euskal kostetatik milaka kilometrotara.

Irakurri txosten osoa hemen.

Elantxobe bezalako portuetan azken hamarkadan ontziteri osoa galdu da eta beste batzuk bide beretik doazela dirudi. Arrantza ontziteri handienak dituzten portuak dira Bermeo (baxurako 40 itsasontzi eta 26 alturako), Hondarribia (baxurako 29), Getaria (baxurako 25) eta Pasaia (baxurako 15 eta alturako 5) , 2011ko datuen arabera. Bestalde, Ziburu-Donibane Lohitzuneko kofradian 142 itsasontzi daude izena emanda, hauek guztiak, Lapurdiko kostaldean banatuta, 2012ko datuei so. Horietatik 94 baxurako arrantzan dabiltza (%66,2), 46 alturako arrantzara (%32,4) eta 2 altura handiko arrantzan (%1,4).

Lanpostu kopuruaren bilakaeraren arabera, Mundaka (+15 lanpostu), Bilbo (+1) eta Zierbenako (+0) portuek soilik ez dute galde lan eskurik 2004/11 epealdian. Euskal Herri osoan 887 lanpostu galdu dira alor honetan (guztizko lanpostuen %21,4 2004n) eta gehien erasandako portuak Ondarroa (-273: guztizkoaren -%42,8), Pasaia (-210; -%57,2) eta Bermeo (-181; -%17,2) izan dira.

Bermeoko kasua berezia eta paradigmatikoa da sektorean: 2004/11 aldian atunontzi izoztailetan lanpostuak hazi egin dira (+106 lanpostu; +%20,5) eta baxurako arrantzan, berriz, lanpostuen erdia baino gehiago galdu da (-287; -%53,6). Argigarria da lanpostuen bilakaerari erreparatzea denboran: 1995 urtean 6.304 lanpostu zuzen zeuden arrantza sektorean Euskal Herrian eta ordutik hona 3.254 galdu dira (guztizkoaren %51,6).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago