Pello Urzelai Berria kazetariak Amesgaiztoa liburua aurkeztu zuen atzo, Martin Ugalde Foroan. Egunkaria auziko epaiketaren kronika da. Paperean idatzi zituenak baino osatuago, Madrildik idatzitako kronika haietan gauza asko kontatu gabe geratu zitzaizkiela onartu baitzuen atzo Urzelaik. Pasadizo bat edo beste kontatu zuen atzo Urzelaik, eta orain arte ikusi gabeko epaiketako bi bideo ere erakutsi zituen, kontakizuna ilustratzeko.
Audientzia Nazionaleko Jose Maria Vazquez Onrubia epaileak ebatzi du gaur, Egunkariaren lehen epaiketaren ondorengo absoluzioaren ondoren. dagoeneko ez dagoela "delitu terroristarik" eta, beraz, ez dela Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskuduntza auzi ekonomikoko ustezko iruzur fiskala epaitzea. Gipuzkoako epaitegi arruntetara dator kasua orain.
Euskaldunon Egunkarian auzipetuen izenean, eskertza ekitaldia izango da igande honetan, hilak 25, Bilboko Euskalduna Jauregian, 11.30etatik aurrera. Berriak zabaldu du gonbidapenak eskuratzeko aukera dagoela 607 770 740 zenbakira deituta. Han izango dira orain absolbituak zein bigarren epaiketaren zain daudenak. Baita Babes Taldekoak. herri batzordeetako kideak eta Katalunian eta Espainiako aldeko plataformetakoak. Azken hauek atzo komunikatu bat zabaldu zuten auziaz.
BerriaTBk erreportaia prestatu du Euskaldunon Egunkaria kasuarekin. 1990eko abenduko bertso batzuekin hasten da erreportaia, baina gero, itxieran zentratzen da. 12 minutu dira.
Audientzia Nazionalak atzo Egunkariako 5 auzipetuak absolbitzeko kaleratutako sententzian akats nabarmena dago: bi aldiz ematen 1998ko data bat Egunkariaren itxierarako. 1998ko uztaila. Euskaldunon Egunkaria, berriz, 2003ko otsailean itxi zuten. Asier Azpilikueta Berria.info-ko blogariak erreparatu dio hankasartzeari, eta 1998ko datari zentzua ere topatu dio: Egin egunkariaren itxierakoa da.
En el momento de su constitución tenía un capital social de 10 millones de pesetas que, tras sucesivas ampliaciones y reducciones, cuando se interviene el diario judicialmente en julio de 1998 era de 1.670.000 € distribuido en 29.825 acciones de tres series distintas.
Eguerdian jakin da albistea, absoluzioa Egunkariakoentzat. Baina akusatuen eskutik ere iritsi zaigu baieztapena: 5ak absolbituak. Hemen dago sententzia bere osotasunean, testu gisa: Absoluzio sententzia
Eguneraketa, 15.30. Sententziako puntu batzuk nabarmendu ditugu jarraian.
Asteon Goiena Telebistan elkarrizketa egin diogu Ramon Etxezarreta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari. Egunkaria-z gain, euskararen erabileraz, ETBz eta tokiko euskarazko hedabideez jardun du. Hemen duzue elkarrizketa ikusi eta entzuteko modua.
Egunkariaren lehen epaiketa amaiturik, sententziaren zain gaude denak. Epaituak optimista ageri dira (Txema Auzmendi elkarrizketa honetan, adibidez), eta uste dut bai defentsak eta bai akusatuak bikain egon direla. Bereziki, uste dut Espainian eta Katalunian Martxelo Otamendik egindako jirak oihartzuna izan duela. Medio publiko katalanetan, behinik behin. Badirudi ETBn Martxeloren salaketak entzutea zailagoa dela. Baina garai batean agertu ziren. ETBrena da bideo ikaragarri hau, 2003koa, Martxelo Otamendi kartzelatik irten zenekoa.
Pello Urzelai kazetaria Twitter bidez ari da kontatzen Berria.info-rako Egunkaria kasuko lehen epaiketako gaurko saioa. Arratsaldeko 17.00etatik aurrera jarraitu behar du. Goizean, sumarioan jasotako itzulpen batzuk komentatu dituzte perituek. Adibideren batzuk Masai Ikastarorako modukoak dira, Adibidez hau:
Ene uste apalean = en nuestra opinión en la estantería
Beste bi adibide: *Banaketa = votación / Elkarrizketa = negociación.* Arratsaldeko 17.00etan berriz jarraitzen du gaur asteazkenez epaiketak eta kontakizun honek.
Berriako kazetari batek zuzenean kontatuko du mezu laburrekin Egunkariaren kontrako lehen epaiketaren jarraipena (3.a eguna gaur). Berria.info-ren baimenarekin, Sustatun ere bai.
Eguneraketa, 13.00. Bukatu da gaurko saioa. Hilaren 25ean izango da hurrengoa. Jardunak eman duena, klikaren ondoren gordeta.
Dexente asaldatu nau gaur goizean Kepa Aulestiak Correon bota duen artikuluak. Euskalgintza osoa susmopean nahi luketen gusturako idatzitako libelo bat iruditu zait, baina asmo nagusia bat duela susmatzen dut: des-mobilizazioa. Gaurko manifestaziora zoaztenok ez doazenekin etsai izan daitezkeela iradokitzera ausartzen da Aulestia. Antzeko egoera batean euskalgintzari egin izan zaio horrelako erasorik lehenago ere. FUD erasoak dira, beldurra eta zalantza zabaltzeko asmoz eginak. Egin diezaiegun aurre.
Larunbat arratsaldean, arratsaldeko 17.00etatik Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko da Egunkariaren aldeko manifestazioa, auzipetuek beraiek konbokatua. Ordu berean beste bat zegoen deituta Madrilen, baina Madrilgoa debekatu egin dute behin betiko, lehenbizi Gobernuak, eta orain epaitegiek baieztatu dute debekua.
Interneten, Grebaorokorra.info egin zuten zenbait ekintzaile euskaldun berriz elkartu dira eta jarraipena egingo dute, zuzenean, Egunkarialibre.info webgune berriaren bidez. Jarraipen edo ekimen honetan parte hartu nahi baduzu, manifestazioa baino lehenago dago deituta elkarketa, larunbateko 12.00etan Bilboko Kafe Antzokian.
Gaur 10etan hasiko da Egunkaria kasuko auzipetuen kontrako lehen epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Kasu hau zer izan den gogoratzeko, hona Imanol Muruak azken egunotan Sustaturako osatu duen FAQ edo galdetegi konpletoa.
HUHEZIk (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Mondragon Unibertsitatekoak) zera adierazi nahi du Euskaldunon Egunkariaren epaiketaren aurrean:
Bihar hasiko den epaiketan bost atxilotuak errugabetuko balituzte ere, eta ondoren egitekoa den auzi ekonomikoaren epaiketan ere inor zigortuko ez balute ere, Auzitegi Nazionalak dagoeneko oso gogor zigortu ditu Egunkaria, Egunkaria-ko auzipetuak eta Egunkaria-ren akzionistak, harpidedunak eta irakurleak. Hara, epaiketa egin aurretik ere Espainiako Auzitegi Nazionalak dagoeneko ezarri dituen zigorrak.
Hiru magistratuk osatutako epaimahaiak epaituko ditu bost auzipetuak: Javier Gomez Bermudez izango da mahaiburua, eta Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prado izango ditu ezker-eskuin. Epaimahai honek berak erabaki zuen, joan zen uztailean, auzia ez artxibatzea eta ahozko epaiketa egitea. Egunkaria ixtea agindu zuena, Juan del Olmo, instrukzio epailea denez, dagoeneko auzitik kanpo dago.
Ha de examinarse la circunstancia del espacio público, (…) en el que se dan cita en la zona un gran número de familias y menores que asisten a los eventos y actividades especialmente dirigidos al público infantil (Mercado Navideño de la Plaza Mayor, Pista de Hielo de la Plaza de Callao, ‘Cortilandia’, etc
Esaldi honek laburbiltzen du defentsako abokatuek aurkeztu duten idatziaren ondorio nagusia:
Ez ETAk, ez kanpoko erakunde batek ere ez du inoiz Egunkaria kontrolatu. ETAk ez du inongo esku-hartzerik izan, ez Egunkaria-ren sorreran, ezta bilakaeran ere.
Defentsako lau abokatuek sinatu dute idatzia: Felix Cañada, Jose Mari Elosua, Iñigo Iruin eta Ignacio Pelaez.
Tanto el periódico Egunkaria como todas las empresas que formaron parte del mismo fueron creados por ETA a principios de los años 90 y se incluyó dentro de la denominada Comisión de Proyectos Udaletxe, que ETA creó para la financiación de la banda y su entramado.
Dignidad y Justicia elkartearen akusazio idatziaren pasartea da.
Fiskalak jarrera aldatuz geroztik, akusazio publikorik ez dago Egunkaria auzian. Eta akusazio partikularrik ere ez da inoiz egon, ustezko delituaren biktima zuzenik ez dagoelako. Beraz, herri akusazioa besterik ez da geratzen: AVT eta Dignidad y Justicia. Eta defentsa abokatuen ustez, Judiziamendu Kriminaleko Legearen arabera eta orain arteko jurisprudentziaren arabera, herri akusazioarekin bakarrik ez zegoen inor epaitzerik. Baina epaituko egingo dituzte.
Euskaldunon Egunkariaren kasuko lehen epaiketa abenduaren 15ean hasiko da Madrilen, Entzutegi Nazionalean. Epaiketa hasi bitartean kasuari buruzko argipenak agertuko dira hemen, eta behin hasita, jarraipena egiten saiatuko gara.