Teknologia albisteak

Sortu zure jokoak Gaurko Hitza plataforman

Erabiltzailearen aurpegia
2012-12-18 : 23:52

Dakizuen bezala, duela gutxi ospatu dugu Gaurko Hitzaren 4. urteurrena. 4 urte igaro dira, beraz, blogarekin hasi ginenetik. Tarte horretan, blogaren harira, egitasmo ezberdinak abian ipintzeko aukera izan dugu, besteak beste, bertan azaltzen diren hitzak praktikatzeko Gaurko hitza jokoa.

Ez dago zalantzarik, horrelako jokoetan arituta, asko ikasten dela modu entretenigarrian eta ia ohartzeke; hala ere, hori motz samar geratzen zela eta, aspalditik nuen bide horretan beste urrats bat emateko gogoa. Gaurko hitza plataforma dator, nolabait, buruan nuen ideia hori gauzatzera; izan ere, plataformak aukera ematen baitu nork bere jokoak sor ditzan.

Tresna hau bereziki irakasle eta ikasleentzat pentsatutakoa bada ere, edonork egin dezake kontua bertan eta jokoak sortu. Egitasmoa abian ipintzeko orduan, ondorengoak izan dira helburu nagusiak:

  • Irakasleek ikasleentzat ariketa moduko jokoak sortzea, gai bat errepasatzeko edo.
  • Adin bateko ikasleek ere gauza bera egitea, ikasleak sortzaile eta, aldi berean, irakasle bihurtuz. Gainera, sortzen dituzten jokoak Tuenti, Twitter edo nahiago duten sareetan parteka ditzakete. Horrela, euren lagun, guraso, irakasle edo nornahiri jokatzeko aukera eman diezaiekete.
  • Interneteko euskarazko edukiak areagotzea.

Esan behar da plataforma Forma 3.0 enpresak -duela gutxi arte Ihardun- garatutakoa dela eta HPSk diruz lagundua. Adibidean ikus dezakezuen bezala, test moduko joko edo ariketak sortzeko aukera ematen du eta, aipatu lez, sortutakoa sare sozial ezberdinetan partekatu ahal izango da (Tuenti, Twitter, Facebook eta Google+) eta baita korreoz bidali ere. Azken aukera, irakasle edota ikasleentzat interesgarria izan daitekeena, 'enbotatu' edo nork bere web orrian, gelako zein ikastetxeko blogean txertatzearena da.

Joko bat egin nahi duenak plataforman alta eman eta 15 galdera sortu beharko ditu. Nahi adina joko sortzeko aukera izango du erabiltzaile orok eta sortutako guztiak bere profilean gordeta geratuko zaizkio. Erabiltzaile ezberdinei jarraitzeko aukera ere egongo da.

Eman beharreko urrats guztiak bideotutorial honetan ikus ditzakezue (hementxe jarraibideak idatzita). Espero dut Gaurko hitza plataforma zuen gustukoa izatea eta guztion artean sortutako jokoetatik denok asko ikasi ahal izatea.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago