Teknologia albisteak

Honela sortu ditugu letra-zopak

Erabiltzailearen aurpegia
2019-11-26 : 09:19

Joan den asteburutik, tarteka, letra-zopak ari dira agertzen Egunean Behin jokoan. 6x6 laukiko karratu batean, 4 edo 6 letrako euskarazko hitz bat sartu dugu. Hiru aukeren artean, zein dagoen asmatu behar da. Truko gaiztoren bat erabili dugu apropos erantzuna zailtzeko, baina, ez larregi kexatu, zopak are zailago bihurtzeko gakoa ere eskura baitugu.

Lehenbizi, erraztasun faktorea: lau edo bost letrako hitz hori, bakarrik horizontalki edo bertikalki agertzen da. Baina diagonalean ere kokatu ahal izango genituzke, nahi izanez gero... Algoritmo informatiko batek sortzen ditu karratuak, eta emaitza zuzena nondik nora nola jarri formula sinple batek erabakitzen du. Baina, oraingoz, bego horretan, ze honezkero nahiko zailak baitira (denak asmatzeko modukoak dira, noski, baina denbora kontsumitzen du, hortxe dago koxka).

Zailtasun faktorea, aldiz, zera da: karratuan hitz zuzena idatzi ondoren, gainerako laukiak ausazko algoritmo batek betetzen ditu, baina ausa hutsa barik, euskarazko hizki-maiztasun erreala hartu dugu kontuan, eta hortaz, euskararen traza duten hizki-kateak agertzen dira norabide guztietan, jokalaria nahastuz. Euskaraz agerpenik ez dute Y, W edo Q hitzak ez dira inolaz agertzen; eta bokalak berriz, ugari.

Euskararen hizki-maiztasunerako Ahotsak taldeak egindako azterketa hau erabili dugu. Ahozko corpus batetik egindako erauzketa da hau, batez ere A eta E nabarmentzen dituena. Hortaz, ez da zehazki guk aukeratutako hitzentzako lagin zehatz bat: guk hiztegiko hitzak hartu ditugu, deklinabiderik gabe (eta aditz jokaturik edo laguntzailerik ere ez dago), eta hortaz, hiztegitik egindako hustuketa batek beste maiztasun batzuk emango lituzkeela uste dugu (akaso egina dago azterketa bat baino gehiago, geuk Ahotsak taldearena eskura aurkitu dugu eta hortik jo dugu). Gure susmoa da, adibidez, N , T eta R agian maizegi ageri direla gure algoritmoari esker, deklinabide eta adizkien desorekagatik.

Hizki-maiztasunaren trukoarekin, sortu dugun edozein koadrotan euskarazko hitz bat baino gehiago agertzeko aukera handia da.

Kontua da guk hiru erantzun posible ematen ditugula, bat zuzena eta bi okerrak, eta posibilitatea egon badagoela okerrak koadroan agertzeko... Izatez, sortu ditugun ehundaka zopen artean, dagoeneko erabiltzaile batek harrapatu omen du bat.

Bista oneko erabiltzaileak, gure algoritmoak baino azkarragoak!

Letra-zopekin eta gainerako euskarazko asmakizunekin jolasteko, instalatu Egunean Behin.

Erantzun

Sartu