Interneteko albistegia

Artxiboa: 2010 7

Telefonicak Tuentiren zati bat abuztuan erosiko duela zabaldu dute

Sustatu | 2010-07-31 : 11:07 | sare-sozialak

Maiatzean Tuentiren inguruko beste albiste batean aipatu genuen Telefonicak Tuenti erosteko asmoa zueneko zurrumurrua. Bada, azken egunotan areagotu egin da zurrumurrua eta egunkari batzuen arabera salerosketa aurtengo abuztuan gauzatuko da. Ez da jabetzaren 100%a salduko, albiste hauen arabera; baina bai gehiengoa Telefonicaren esku egoteko adina.

Hegaldi bilaketak eskainiko ditu Googlek

Sustatu | 2010-07-31 : 07:07 | turismoa

Hile hasieran iragarri zuen Googlek ITA Software erosi zuela. Hegaldien informazioa kudeatzeko softwarea garatzen duen software enpresa bat da ITA, eta 700 milioi dolarren truke erosi du Googlek.

Teknologia honek aukera interesgarriak ematen dizkigu erabiltzaileei hegaldiak modu errazagoan bilatzeko aukera eskaintzeko.

Eman eskerrak sysadminei beren nazioarteko egunean!

Sustatu | 2010-07-30 : 13:07 | informatika

Gizon hori Aitzol Naberan da, Sustatu.com-eko sysadmina, eta gaur bere eguna da Nazioarteko Sysadmin Eguna delako. Zorionak sysadmin guztiei, eta eskerrik asko!

Katalanei ideiak kopiatzekotan, veguerien kontu hori...

Luistxo Fernandez | 2010-07-30 : 10:07 | herri-administrazioak

Aste honetan zezenketak debekatu dituzte Katalunian, eta oihartzun handia izan du albisteak. Baina beste erabaki bat ere hartu du Kataluniako parlamentuak, eta sakonera gehiagokoa iruditzen zait: probintzien egiturak gainditu, eta vegueria izeneko egitura berri batzuk ezartzeko legea onartu dute. Ikusteko dago benetako eraginkortasuna, baina Euskal Herrira begira zer pentsatua eman diezaioke baten bati...

Avatar azken aire maisua, euskaraz jaisteko moduan, filma estreinatzear dela

Igor Leturia e-Gorblog | 2010-07-29 : 08:07 | zinema

Avatar, azken aire maisua marrazki bizidun osoak eta Heroiak telesailaren lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings webgunean jarri dituzte, jaisteko moduan. Azken aire maisuarena une egokian dator, AEBetan uztaila hasieran estreinatu zen lehen denboraldian oinarritzen den lehen filma, aktoreekin egina, The last airbender (Avatar hitza ezin dute izenburuan jarri James Cameronen beste film haren erruz), eta Hego Euskal Herrian abuztuaren 6an estreinatuko da Airbender: el último guerrero izenburuarekin.

Jazzaldia, sarreratan dirurik gastatu gabe

Haritz Rodriguez | Tokitan.tv | 2010-07-29 : 07:07 | tokitan

Tokitan.tv-k proposamen ezberdina dakarkizue gaur. Uztailaren 21etik 25era Donostiako Jazzaldia ospatu da. Hain zuzen ere, Jazzaldiaz nola gozatu azaltzen saiatuko gara, sarreratan euro bat bera ere gastatu gabe.

Ezer ez da ondo egingo Iruña Veleian?

Asier Sarasua | 2010-07-28 : 14:07 | historia

Asteburuan azaldu ziguten nola ari diren makinak Veleia garbitzen. Orain beste pare bat bideo grabatu dituzte. Garbi ikusten da eskabadorak barren-barreneraino heldu direla. Lan arkeologiko fina!

Abarketak udan

Elena Laka | 2010-07-28 : 08:07 | zer-erantzi

Hondarribira uda pasatzera etortzen diren Madrileko gizonek, 18 eta 60 urte bitartekoek, uniforme moduko bat janzten dute goizetik kalean ibiltzeko eta hondartzara joateko: polo bat (gehienbat kolore pastelekoa, arrosa, berdea, morea, urdina),  bainujantzi zabal bat belaun gainerainokoa (gehienetan loreduna, baina marraduna ere izan daiteke), eta abarketak. Abarketak ez dira urdin ilunak izaten, koloretakoak baizik: berdeak, arrosa argiak, edo ohikoena, alberjinia kolorekoak.

>
EITB

Multiataza iPadean

Josu Sierra eta Maite Goñi | 2010-07-27 : 10:07 | teknologia

Ezaguna den bezala iPadaren gabezietako bat ataza ezberdinak aldi berean ezin burutzea da. Edo zen! Izan ere, Josu Sierrak mezu bat utzi zidan esanez, posible zela iPada multifuntzio bihurtzea urrats erraz batzuk jarraituta. Bere blogean eta nirean hainbat mezu gurutzatu ondoren, hitz egindakoa txukuntzea ondo legokeela iruditu zaigu. Beraz, hementxe doa bion artean atondutakoa.

Kosovoren ondoren, Euskal Herria (Jack Bauerren munduan, bederen)

Sustatu | 2010-07-27 : 08:07 | politika

Unai Morazak detektatu du. 24 telesaileko 8. denboraldian, Nazio Batuen egoitzara doa Jack Bauer super-agentea, eta han zer topatuko estatu subiranoen banderen artean? Ikurrina, bai horixe.

IVAPeko Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko itzulpen-memoriak askatu dituzte

Sustatu | 2010-07-26 : 14:07 | copyleft

Eusko Jaurlaritzak askatu eta eskuragarri jarri ditu IVAPen itzulpen memoriak, Open Data Euskadi zerbitzuaren bidez. HAEE-IVAPen Itzulpen Zerbitzu Ofizialaren (IZO) memoriak dira. Honela azaltzen da liberazioa:

Alde batetik, IZOren itzulpen-memoria duzu, IZOko eta Eusko Jaurlaritzako itzultzaileen lanaren emaitza, bertako zuzentzaileek gainbegiratuta. Ez du, haatik, arau-baliorik; lan-tresna baliagarria izan daitekeelakoan ematen dugu, soil-soilik.
Zure itzulpen-memoriak bidaltzen badizkiguzu, hemen jarriko ditugu, guztion mesederako

Semaforoaren urtemuga

Tolosaldeko Euskararen Semaforoa | 2010-07-26 : 10:07 | hizkuntza-eskubideak

Duela urtebete, Tolosaldeko semaforoetan kartel xelebre batzuk agertu ziren. Karteletan, honako hau zegoen idatzita: "Semaforoak euskaraz". Herritarrak elkarri galdezka aritu ziren: "Zer ote da hau?".

Galdera horri erantzun nahian, hainbat azalpen ibili ziren bolo-bolo: kartelek hauteskunde kanpainarekin zerikusia zutela, semaforoetako entzunezko mezuak euskaraz jartzeko kanpaina zela, autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina zela...

Gizentasuna haur gizenek kirola ez egiteko kausa da, eta ez horren ondorioa

Sustatu | 2010-07-26 : 10:07 | osasuna

Ikerketa baten arabera, haurren gizentasuna ez da kirol edo ariketa fisikoaren gabeziaren ondorio. Egiaztatu dute kausa-efektu erlazioa alderantzizkoa dela. Hau da, haur gizenek ez dute ariketa fisikorik egiten, gizenak daudelako.

On Apetit, Jatetxeetan zerbait eskatu aurretik platerean ikusteko sistema

Sustatu | 2010-07-26 : 08:07 | gastronomia

Tecnalia enpresaren proiektu bat da On Apetit. Jatetxe batean janaria eskatu aurretik, bideo proiekzio baten bidez ikus dezakezu zein itxura izango duen janariak zure planterean.

Alemaniako Love Parade ez da gehiago egingo, atzo 19 gazte hil ondoren

Sustatu | 2010-07-25 : 13:07 | jaiak

Alemaniako (eta Europako) udako festibal handienetako batean, tragedia atzo. Izuak eragindako estanpida batean dozenaka lagun zauritu dira, eta 19 hil. Love Parade ekitaldian izan zen. Gaur antolatzaileek (ekimen pribatua da) iragarri dute Love Parade gehiago ez dela egingo.

Vieiros web proiektu galiziarraren itxiera

Sustatu | 2010-07-24 : 09:07 | internet

Vieiros atari galiziarra itxi egingo dute. Gaur du laneko azken eguna, ohar batean iragarri dutenez. 15 urteko ibilbidea eta 20.000 bisitari egunean, baina galizieraz izaki, ez zuen errentagarritasun berezkorik, eta alboko enpresa baten jardunaz finantziatzen zen ahalegina. Baina nonbait enpresa horretan diru-zuloa eta iruzurra gertatu omen zen, eta porrot horretatik ezin izan dute krisi garai honetan irten. Vilaweb Katalunian dena, Vieiros izan da Galizian (eskala txikiagoan). Euskal Herrian parekorik ez da sortu, bitartean.

Eguneraketa, 16.30 Chuza ere bai, Zabaldu galiziarra, itxi egingo da bihar!!

Bizitza egun batez, film kolektiboa egiteko deia gaur

Sustatu | 2010-07-24 : 07:07 | zinema

Esperimentu polit bat. Gaur larunbata, uztailak 24, hartu kamera eta grabatu zuen eguna! Life in a Day filma grabatuko da mundu guztiko bideogileen aportazioekin. Grabatuko gaurko uneren bat, eta igo Youtubera. Ez dago instrukzio handirik... gaiak omen dira maitasuna eta beldurra, baina horiek egun bateko bizitzan norberak nola islatu, ba, ikusiko da.

Sudurren iraultza hemen da

Porrontxo Jaiak (Egia) | 2010-07-23 : 11:07 | jaiak

Porrontxo Jaiek herritarren babesa dute eta Sudur gabeen edo SIN-TOTXA MUGIMENDUAK gero eta jarraitzaile gehiago ditu, ikusi besterik ez duzue.

Donostiako estatua eta eskultura guztiak Porrontxoen alde dira. Sudurrak ageri dira non nahi eta hala izango da Udalak atzera egin eta elkarrizketa bideari heltzen dion artean.

Euskarazko marrazki bizidunak online ikusteko eta deskargatzeko

Sustatu | 2010-07-23 : 09:07 | telebista

Euskarazko dozenaka marrazki bizidunen bilduma bat egin dute sarean. Artxiboak Megaupload zerbitzuaz baliatuta sareratu, eta edonork ikusi, webguneetan embed kodearen bitartez pegatu edo ordenagailura deskargatu eta offline ikusteko aukerarekin.

Bi gasteiztar Paristik bizikletan eta lo egin gabe etortzen saiatuko dira bihar

Sustatu | 2010-07-23 : 07:07 | kirola

Bi gasteiztar Paristik irtengo dira larunbat honetan bizikletaz Gasteiza bidean, bi hirien arteko 940 kilometroak 35 ordutan lorik egin gabe egiteko asmoz. Bihar goizeko 6etan dira irtetzekoak Garaipenaren Arkutik. Igande arratsaldean iristeko asmoa dute, hortaz.

Aurrekoak ››