Teknologia albisteak

Usabiagismoak: egungo euskal prosa (eta agian poesia)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-30 : 11:31

Gaur Fleche Wallone lasterketa dugu ETB1 eta ETB4an zuzenean (edo Internet bidez streaming zuzenean), eta larunbatetik aurrera, Italiako Giroa egunero. Txirrindularitza lasterketak dataz aldatuta dauden honetan, irailean gozatu genuen Tourrarekin, eta euskarazko kontakizunean esatariek egindako lana goraipatu zen berriro. Sareetan zirkulatu izan duen dokumentu batek "usabiagismo" eder askoen bilduma egin zuen, eta testura transkribatu ditugu hemen.

Itxura batean, Tourra abiatu eta orduantxe hasi zen biltzaile hau, Aiert Ordoñez, esaldiak apuntatzen, azkenean dokumentua askatzeko. Eskerrik asko, espero dugu ez diola Aierti hona transkripzioa ekartzeak. Horra:

  • Kukuak oker jotzeko arriskua zegoen
  • Amaitu dira koplak
  • Piririka asko ibili dira
  • Hemen Nizan, itsasoa gertu edukita ere asko dira igerilekua dutenak
  • Garai oneko hitzak egin dituzu Fermin
  • Lauak ere Tourrean arrastoa eta zigilua utzitakoak dira
  • Itsasoan ikusten den mugimendu itsaskirria ikusten ari da pelotoi buruan
  • Ez naiz inor inori aginduak emateko, baina paraje hauek ikusteko denbora ere izango dugu
  • Hiruak ere ttiki-ttikiak eta bixiak, Michal Sharrek poltsikoan eramango lituzke
  • Tupperraren belaunaldikoa naiz Pedro Mari
  • Ur ttikietan larri ibili denean, ur haundiagoetan itolarria sentituko du
  • A ze aztarrika pelotoi atzealdean
  • Gaur ez dago pelotoian berriketarik, luze-luze, sailka-sailka
  • Van Aertek eraso egin nahi zuenari gandorra apaldu dio
  • Bi izatea oso zaila da, hiru izatea ziriari zotza sartzea izango litzateke eta lau izatea zotzari zipotza sartzea
  • Etapa polita eta jatorra
  • Garaipena harramazkatuz zebilen
  • Ohean geratuko naiz, Fermin, Thomas de Gent ailegatzen bada, jasoko ditudan makilkadekin
  • Ze burutazio ezkutatzen ote dituzte betaurreko horiek, Fermin
  • Bihar gorriak bakarrik ez, beltzak ere ikusiko dituzte
  • Gorabehera handikoa, bai bezela ez, ez bezela bai
  • Bizar itxi-itxia, sarri-sarria du Soupe-k
  • Sekulako aztarrika pelotoi buruan mendatearen magalean sartzeko
  • Begira begira nola dabilen Kristoff sufritzen, tanba tanba tanba, gerrialdea astinduaz
  • Gaur Hirschik irabazten badu, txirrindularitzak irabaziko du
  • Ihesaldian doazen horiekin saskibaloi talde bat egin genezake Pedro Mari
  • Eltzea sutan dagoela probatzen da ta saia daitezela, bejondeiela
  • Han Jumboko gizonak, arrabola pasaz
  • Rollandek gerritik gora salda egiteko gorputza du
  • Dotore doa, besoak 90°tara tolesturik, aerodinamikari mesede eginez
  • Ez darama badazpadako hanka jokoa, makur makur eginda
  • Zoru bikaina, leun leuna, bizi bizi joateko aproposa
  • Ziria sartu dio Kämnak Carapazi, niri behintzat bai
  • Inork asmatu ez duenez, patrikan duenak ordaindu beharko du kafea, Ferminek alegia
  • Mendate luze hauetan ezin duzu zure burua engainatu, bestela gorputzak pott egiten du
  • Santutegia inpernuan
  • Hankak antsika, herioan ta hala ere iraun, iraun
  • Erruki dut azken aldapara indarrik gabe iristen den horregatik
  • Harritzekoa da, behia izanda isatsik ez astintzea [zelai batean lasto fardelez egindako behiaren irudia ikusita]
  • Honek helmugan esango die: "Kaixo jaunak!"
  • Mokorra dantzatuz, pedalkada bakoitzean indarka indarka
  • Sunwebek beste behin ere lana eta estrategia pulpitura eraman du
  • Harrobia landu, harribitxia leundu eta gero garaipena gozatu
  • Mundua erori zaio Roglic-i, eta argiaren dizdira etorri zaio Pogacar-i
  • Katearen dantza ikusten da harbidean, mugimendu gorabeheratsuan
  • Ez dago garaipenean iltzatuta dagoen talderik
  • Garai batean egiten zen 100km-ko taldekako erlojupekorako ez dira lau zaldi makal
  • Pelotoiak irentsi du bere sabelean

Xabier Usabiagak bezala, bere ohiko lankide esatariek ere merezi dute gure txaloa: Fermin Aramendik eta Pedro Mari Goikoetxeak. Tourra martxan zela, Juan Luis Zabala zutabegileak ere aipatu zuen esatarien jarioarena, eta zer komentatu eman zuen hark Twitterren (hona Sustatun jasoa).

Bitartean, gaurko Fleche Wallonez gain (emakumezkoena 11etan abiatu da, 14.30etan gizonezkoena izango da), biharko (urriak 1, osteguna) iragarria dago Giroaren aurkezpen ekitaldia ETBk emango duela (etb4, 17.30etan). Eta, esan bezala, urriaren 3tik, larunbatetik, etapaz etapa Italiako Giroa.

Erantzun

Sartu