Teknologia albisteak

Interneteko "dekretu txinatarra" onartu du Espainiako Kongresuak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-28 : 12:06

Azkenengo hauteskundeak baino lehenago, Espainiako Gobernuak dekretu bidez onartu zuen Internet kontrolatzeko ahalmenak ematen zizkion lege-aldaketen multzoa. Hura "larritasuneko" dekretua izan zen, baina orain Espainiako Kongresuak onartu du. PSOE, PP, Ciudadanos etfa UPN-Navarra Suma alderdiek batera bozkatu zuten atzo, alde. Unidas Podemos abstenitu egin zen. EAJ, Bildu, abertzale katalanek eta Vox-ek kontra bozkatu zuten. Txinako Gobernuak Interneteko zerbitzuak nahi erara ixteko duen gaitasun berak hartu ditu beretzat Espainiako Gobernuak honela.

Eskuineko alderdi espainiarrek (Vox-ek salbu) PSOEren alde egin zuten atzo, nagusiki "Kataluniako Errepublika Digitalari" aurre egiteko neurriak direlakoan. Fikzio hori kixotear erraldoiak bezain benetakoa da: identitate digitaleko zerbitzu publiko propioak egiteko gogoa adierazi izan du Kataluniako autonomiak, eta hori zailtzeko bideak badaude legean, baina gauza bat ez da "errepublika digitala", eta horren kontra ustez indarrean jarritako neurrietan gutxienekoa dira identitate digitalari buruzkoak, eta bai ordea, zerbitzuak ixteko gaitasuna.

Zehazki, zera egin ahal izango du Gobernuak: komnunikazio zerbitzu eta sare kudeaketa zuzena edo interbentzioa agindu. Hau da, webgune bat, demagun, edo zerbitzu oso bat ere bai (Whatsapp moztu behar bada, zerbitzu edo sarearen definizio lausoaren barruan geratzen da). Eta noiz egin ahal izango du hori?

a) Ordena publikorako, segurtasun publikorako edo segurtasun nazionalerako berehalako mehatxu larria dagoenean.

b) Osasun publikorako berehalako mehatxu larria dagoenean.

c) Ustezko arau-hausleak segurtasun publikoko, babes zibileko eta larrialdietako zerbitzuen funtzionamenduan kalte larriak eragin ditzakeenean.

d) Komunikazio elektronikoen beste zerbitzu edo sare batzuei modu larrian eragiten zaienean.

e) Arazo ekonomiko edo operatibo larriak sortzen dizkienean komunikazio elektronikoen sare edo zerbitzuen hornitzaile edo erabiltzaileei edo espektro irrati-elektrikoaren gainerako erabiltzaileei.

"Ordena publikoaren" definizioa luzatzen da infinitoraino: arazo ekonomikorik inon? ordena publiko arazo larriak dira, definizio honekin.

Mozal lege digitala ere deitu izan zaio neurri multzo honi; izan ere, mozal lege delakoaren puntu batzuk aldatzen ditu: ez adierazpen askatasunaren defentsa egiteko, baizik eta huraxe zailtzeko Interneten. Hain zuzen ere, azaroaren 11ko hauteskundeak baino lehenago, Unidas Podemos-ek berak ere erabili zuen termino hau, mozal lege digitalarena, dekretu murriztailea kritikatzeko. Koalizioaren adarretako batek, Izquierda Unidak, dekretua inkonstituzionala zela salatu zuen. Atzo, ordea, Unidas Podemos abstenitu egin zen: orain PSOErekin ondo konpondu eta ameto egitea da kontua.

 

Erantzun

Sartu