Teknologia albisteak

Mundolingo, nazioarteko mintzapraktika

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-06 : 09:38

Mundolingo Buenos Airesen sortu zen, eta munduko hainbat hiritan egiten da orain. Montrealen, Quebecen, joan den astean euskaldun bat izan zen, eta hark sarean kontaturiko esperiantziatik, artikulu bat ekarri dugu hona.

Hirietako profesional gazte "globalizatuentzako" topaketa bat da Mundolingo. Benji Moreira ingelesa Buenos Airesen ari zela lanean, ez zen oso ondo moldatzen sozializatzeko, eta hizkuntza-trukearen inguruko topaketa bat deitzea bururatu zitzaion. Buenos Airesen bada, kanpotar globalizatuek gaztelera praktikatzeko izan daiteke, edo baita bertakoek kanpotar horiekin ingelesez eta beste hizkuntza batzuetan jarduteko.

Hiri jakin batean, astegun bat edo bitan, egun eta taberna edo lokal finkoetan (adibidez, Montrealen hiru tokitan errepikatzen dira topaketak asteartero, ostiralero eta igandero).

Ideia beste hiri batzuetara hedatu zen, eta formulari/galdetegi baten bidez eskatu daiteke hiri batean halako bat sortzeko. Baina ez dakigu argi hau frankizia bat den, GKE bat edo era bateko edo besteko negozioa. Euskal Herritik gertuen, Parisen eta Bartzelonan daude topaketak.

Eneko Ander euskal txiolaria Montrealeko Mundolingo batera hurbildu zen joan den astean. Hizkuntzak banderekin identifikatzen dituzte ekitaldian, eta Euskal Herrikoa zela esanda, ikurrina ere pegatu zioten paparrean (ilustrazioa bere txiokoa da). Hizkuntza praktikatzeko asmoz, euskaraz ez zuen egin, eta inork gure hizkuntzaz ere interesik agertu zionik ez dirudi.

Enekoren iritziz, "orokorrean ondo" egon zen Mundolingo esperoentzia, "baina jendea ezagutzeko mintzapraktika egiteko baino". Eta jendea ezagutzeko kontu horretan, aitortzen du berak lagunekin hitz egin zuela gehiago, baina truke gehiago egon zela inguruan: "Amerikarrak ez dira hain lotsatiak!".

Hemen Mundolingo, inork esperientzia euskararen ikuspegiarekin lotuz Euskal Herrira ekarri nahi balu... bat egiteko prozedura edo formularioa.

 

Erantzun

Sartu