Teknologia albisteak

Tsunami webgunearen itxiera: dagoeneko prozedura ohikoa Espainian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-21 : 15:59

Joan den ostiralean, Kataluniako azken mobilizazio eta istiluen harira, Espainiako Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoaren webguneetarako eta sare sozialetako profiletarako sarbide guztiak ixteko agindua eman zuen. TsunamiDemocratic.cat webgune ofizialaren itxieraren ondoren, sortutako ispiluen galeraztea etorri zen gero. Dagoeneko ohikoa bihurtu da Espainian inolako garantiarik gabeko jazarpen politikoa eta adierazpen askatasunaren oztopatzea.

Tsunami Demokratikoa mugimendua terrorismo delituengatik ikertzen hasi da Manuel Garcia Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea, eta ondorioz webguneak ixteko  agindu eman zion Guardia Zibilari. Zehazki prozedura nola den ez dakigu, baina nola erakundeak zuen lehen domeinua, tsunamidemocratic.cat, puntu-cat bat zen, baliteke desaktibazio erabatekoa agintzea Goardia Zibilak, PuntuCat Fundazioa egoitza Espainian duen erakundea baita.

Zoritxarrez, PuntuCat babesgabe dago Espainiako arbitrarietate hauen aurrean. Duela bi urte, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren aurreko egunetan, webgune eta domeinu baten itxiera baino gehiago, dozenaka izan ziren Espainiak itxiarazi zituenak. PuntuCat-ek babesa eskatu zion ICANN nazioarteko erakundeari, baina alferrik izan dela dirudi, orain berriro gertatu baita gauza berdina.

Itxieraren ondoren, Tsunami Demokratikoak beste bi helbidetan jarraitu du: TsunamiDemocratic.eu eta Tsunamidemocrati.Github.io

Baina horietara iristea ere galarazia dugu Hego Euskal Herritik eta Espainiako Estatutik. Kasu hauetan gertatzen ari dena zera da. itxura batean: Goardia Zibilak nahi duen URL zerrenda bidaltzen die Espainiako Internet enpresei, eta denek zintzo zentsura aplikatzaile bihurtzen dira. Munduko beste kokapen batzuetatik, edo VPN konexio seguru anonimoa baduzu ordenagailuan irits zaitezke Tsunamiren edukietara. Era berean, Tsunami D aplikazioaren hedapena ere ez da zabaldu, nahiz eta bere deskarga zuzena zailxeagoa izan Katalunian orain.

Hau guztua epaileen aginduz gertatzen da, baina epaiketarik gabe eta zentsuratzen diren edukien inolako azterketarik gabe. Itxitako webguneetan jarduera terroristaren zantzurik inork aurkituko duena zaila dirudi, baina ez du inporta: ez da beharrezko frogarik zentsura informatiboa ezartzeko Espainiako Internet alorrean.

Egoerak, jakina, aurrekariak ditu euskaldunon kasuan. Egunkariak itxi zirenean, webguneak ere inpunitatez itxi zituzten, eta harrezkero tarteka beste hainbat webgune itxi izan dituzte. Esate baterako, duela aste batzuk azkenean epaitutako Herrira kasuan (Makroepaiketa), 38 webgune itxi zituzten 2013an.

 

Erantzun

Sartu