Teknologia albisteak

WeWork, bulego lanerako AirBNB bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-08-28 : 09:34

Amerikako Estatu Batuetan burtsara irtetekoa den enpresa teknologiko bat hautsak harrotzen ari da uda honetan: WeWork. Sinpleki azalduz bere funtsa: hala nola AirBNB-k etxe-jabe askoren gela edo apartamentuak banatzen dituen egun batzuetarako nahi dituzten bidaiarientzat, WeWork-en bulego espazioa alokatzen du epe jakin baterako co-working espazio bat behar duen profesionak edo enpresa batentzat.

Estatu Batuetan nahikoa hedatua dago WeWork, baina oraindik ez da kokatu geurean. Euskal Herritik gertuen Madril, Bartzelona eta Paris dira aukerak dituzten hiriak.

Coworking espazioak ezagunak dira Euskal Herrian. Garapen eta sustapen agentzia ugarik dituzte beraien proiektu babestuentzako, eta modu batean edo bestean erakundeekin lotutako coworking-ak ere badira. Esate baterako, Bilbon Eutokia espazioa ireki zen, eta Donostiako Tabakaleran Impact Hub dago.  Enpresa pribatuak ere badaude hau eskaintzen dutenak, hala nola Senda 15 espazioa Gasteizen.

Zer eskaintzen du WeWork-ek

WeWork-ek hori eskala askoz globalagoan egin nahi du, espazioen antolaketan frankizia kontzeptua sartuz: baldintza, diseinu eta konektibitate aukera onak eta ziurtatuak, berdintsuak toki batetik bestera (McDonalds batean sartzen denak badaki Big Mac batek ze gusto emango dion hemen eta Shanghain, ideia bera espazio hauekin).

Baina profesional gutxi batzuk hiri batean kokatzeaz gain (horixe litzateke coworking purua), enpresa oso baten azpiegitura hiri batean erraz jartzeko aukera eskaintzen du WeWork-ek: honek zentzua dauka Estatu Batuak bezalako herrialde oso handi batean, non merkatu erregionalak oso inportanteak diren. Enpresa batek arrakasta badu Texasen, eta zabaldu nahi badu Colorado edo Floridara, azpiegitura honekin errazago du: bulegoen merkatu inmobiliarioan nahastu barik, egun gutxi batzuetan konpondu dezake azpiegitura, eta "aproba" egitea ere errazago zaio: ondo badoaz gauzak Floridan hilabete gutxi batzuetan WeWork-en jardun ondoren, erabaki dezakete merkatuan geratzea, eta bestela, egindako ahalegina ez zaie hain gogorra egingo.

Goiko adibide grafikoan eta esteka honetan bilaketa egin dugu, Madrilen bi langile berehala kokatzeko eskaera eginda, bi bulegotan daukagu lekua, hileko 500 euroko prezioan. Bilera gela pribaturik ez dago, eta Hot Desk deritzotena, beroa deitu arren, ez da hain aukera biribila: espazio hirekietan eta mahai konpartituetan jar zaitezkeela esan nahi du (lanerako espazioa bai, baina enpresa-irudia emateko ez pentsa asko balio duenik). Konparazio baterako, Paris garestiago da.

Negozio ereduaz zalantzak

Momentuz, eredua zabaltzen ari da, baina zalantzak ere sortu dira ea benetan funtzionatu dezakeen ereduak. Burtsan enpresak (orain We Company deitzen dira, WeWork zerbitzuaren izena bilakatu delarik) espero duen balorazioa handiegia dela uste dute askok. Zalantza batzuk uxatzeko, iragarri dute beste batzuen espazioa alokatzetik, erosketara ere pasatuko direla, eta horretarako bulego espazioa erosteko diru funts handi bat iragarri dute. Baina funtsaren tamaina eta interesak betetzeko balioko ote duen mini-alokairuen zerbitzuak... zalantza ageri dute batzuek.

Izan ere, eskaria eta eskaintza bat-egiteko teknologia ez da beste munduko gauza eredu honetan. Uber autoetan edo AirBNB-n beste eskala masiboago batzuk daude erabiltzaileetan eta zerbitzua eskaintzen dutenen artean, baina WeWork-ek ez du halakorik. Funtsean, negozio inmobiliario klasikoago baten antza gehiago du, eta horretan balio teknologiko berriak zer aportatzen duen ez dago hain argi.

Gauzak okertu daitezkeela ere ematen du... Fundatzailea, Adam Neumann, tipo berexiegia dela ere badiote batzuek eta hortaz, ikusteko dago zer gertatuko den:

  • ea aurten azkenean 47.000 milioi dolarreko balorazioarekin irtengo ote diren merkatura.
  • ea AirBNB ereduak benetan funtzionatuko duen bulego-lanerako.

Informazio gehiago, adibidez hemen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago