Teknologia albisteak

Lurraldea & Hizkuntza, gogoeta bat jardunaldiaren ondoren

Erabiltzailearen aurpegia
Jabier Zabaleta, Karkara.com
2014-01-18 : 13:09
Urtarrilaren 16 eta 17an izan dira Donostian ‘Lurraldea & Hizkuntza’ I. jardunaldiak, Gipuzkoako Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk antolatuta, Euskal Herriko Unibertsitatearen babesarekin. Ia 200 lagun juntatu gara, hainbat esparrutakoak: euskara teknikariak, arkitektoak, unibertsitate-ikasleak, arduradun politikoak… Jende gazte asko eta interes handia hizlarien ekarpenak entzuteko. (Karkaran agertua, egilearen baimenarekin hona ekarria).
Jardunaldien helburu nagusia honako hau izan da (hitzak nireak dira): gogoeta sustatzea hirigintzaren eta lurralde-antolaketaren alorretan aplika daitezkeen hizkuntza irizpide eta neurriei buruz.

Dabid Anaut euskara teknikariak bere interbentzioan esan zuen bezala, gaiak begi-bistako garrantzia du euskararen arnasguneen etorkizunerako; baina alde batera utzita egon da ia erabat, hainbat arrazoirengatik:

  • Euskalgintzako jendearentzat gai arrotza da, oro har, hirigintzarena; eta, zer esanik ez, lurralde-antolaketarena.
  • Hirigintza eta lurralde-antolaketaren gaiak konplexuak dira, interes asko gurutzatzen dira eta euskalgintzako eragileek ez dute izan konfiantza nahikorik beren buruarekin, gaiari heltzen ausartzeko.
  • Gaia ez da behar bezala landu eta ez daukagu datu objektibo askorik aztertzeko. Bestalde, ez dugu gertuko eredurik eskura izan, kopiatu ahal izateko (edo ez dugu jakin eredu horiek aurkitzen).

Zergatik orain?

Mikel Zalbidek esana zuen, orain dela urte batzuk, euskararentzat oso inportanteak diren erabaki asko eta asko udaletako hirigintza departamentuetan hartzen direla eta ez Euskara batzordeetan.

Datuekin, ordea, Xabier Bengoetxeak frogatu zuen hori, BAT aldizkariaren 85. zenbakian (2012ko azken alea) publikatutako artikuluaren bitartez:

Arnasguneak. Ezaugarriak. Zenbait arnasguneren egoeraren behaketa (PDF)

Tolosaldeko herri euskaldunetako azken urteotako eboluzio linguistikoa aztertu zuen Xabier Bengoetxeak artikulu horretan eta ikusi zuen denetan, biztanleria handitu ahala, euskaldunen dentsitatea jaitsi egin zela. Lan horretatik ondorioztatzen da —aztergai diren herri horietan, behintzat— hirigintzaren alorrean hartutako erabakiak euskararen kalterako gertatu direla. Hortik abiatuta, jakina, berez-berez dator bigarren ondorioa: hirigintzaren alorrari orain arte baino garrantzi handiagoa eman beharko zaio aurrerantzean eta neurriak hartu beharko dira, garapen urbanistikoek euskararen arnasguneak desegin edo ahuldu ez ditzaten.

Hartu beharreko neurri horiek zein izan litezkeen ez da zehaztu jardunaldietan. Dabid Anautek zalantzazko jo zuen herritarren eta politikarien artean ba ote dagoen nahiko kemen gaur egun, gaiari heltzeko; baina, aldi berean, adierazi zuen behar-beharrezkoa izango dela etorkizunean erronka horri erantzutea eta ausardia eskatu zuen.

Gaia hor dago eta ez da erraza. Natxo Cubero legelari eta EHUko irakasleak garbi adierazi zuen juridikoki zaila dela; baina, nolanahi ere, badaudela esploratzeko bidezidorrak.

Bide luze baten hasiera izan dira jardunaldi hauek eta uste osoa dut kontu honek zeresana emango duela etorkizunean.

Eta Orion?

Orion ere, Tolosaldeko herrietan bezala, euskaldunen portzentajea jaitsi egin da azken hamar urteotan. 2001eko eta 2011ko datuak konparatzen baditugu, ikusiko dugu euskaldunen portzentajea 3,5 puntu jaitsi dela, eta erdaldunena, berriz, 2,7 puntu igo dela:

2001

Euskaldunak……………. %80

Ia euskaldunak…………. %12,5

Erdaldunak……………… %7,5

2011

Euskaldunak……………. %76,5

Ia euskaldunak…………. %13,3

Erdaldunak……………… %10,2

Galera hori kanpotik herrira bizitzera etorritako jendearen kopuruari zor zaio, guztiz. Azken hamar urteotan etxebizitza berri ugari egin da Orion eta horietako asko ez dituzte oriotarrek erosi.

Datu horien argitan ulertu behar da, baita ere, euskararen kaleko erabileran azken urteetan —bereziki, helduen artean— izan den jaitsiera.

Gurean ere badugu, hortaz, hirigintzaren eta hizkuntzaren gaiaz gogoeta egiteko premia, jardunaldian landutakoaren ildotik. Kosta egingo da, hasieran kosta zen bezalaxe ingurumen gaiak jardun urbanistikoan txertatzea (Motondoko txoriei buruzko zenbat txantxa ez ote genituen entzun, han industrialdea jarri nahi izan zutenean).

AURRENDARI IZATEKO AUKERA

Orioko Udalak aukera dauka gai honetan aurrendari izateko, oraintxe hastera doa-eta hirigintza-plan berria lantzen. Zergatik ez egin ahalegina, Aldundiarekin elkar lanean, hizkuntzaren babeserako irizpideak ere txertatzeko bertan?

Jatorrizkoa: Jabier Zabaleta, Karkara.com (egilearen baimenarekin hona ekarria)

Erantzun

Sartu