Teknologia albisteak
2

Jardunaldia: Lurraldea eta hizkuntza, hizkuntza eta lurraldea

Erabiltzailearen aurpegia
UEU
2014-01-08 : 10:13
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Kontseiluak ELE/Arnasguneak hedatuz izeneko proiektuari ekin diote elkarrekin. Proiektua lantzeko eta gizarteratzeko jardunaldi hau antolatu da UEUrekin lankidetzan (babeslea, EHU). Urtarrilaren 16 eta 17an izango da Donostiako Carlos Santamaria zentroan. Dohainik da baina matrikulatzea tokatzen da.
Hizkuntzaren eta egoera sozio-kulturalaren arteko harremana duela zenbait urte azaleratzen hasi zen soziolinguistikaren jaiotzarekin. Hizkuntzalaritzaren ikuspegi sozialago horri geografiaren garrantzia ere gehitu zion geolinguistikaren jakintza-alor berri samarrak. Hala ere, gutxi hitz egiten da oraindik ere lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz. “Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta lurraldea (I. jardunaldiak)” jardunaldietan hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremanaz hausnartuko da. Bereziki, arnasguneei edo euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den guneei dagokienez. Izan ere, eragin linguistiko arras ezberdina du hiri handi batean mila etxebizitza berri eraikitzeak edo euskararen arnasgune den herri txiki batean berrehun etxe berri egiteak. Lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren ohiko egitarauan hizkuntzaren gaineko ikuspegiak ere bere lekua eduki beharko lukeelakoan antolatzen da jardunaldia. Kultura-ondarea ez baitute eraikinek eta naturak soilik osatzen.

Helburuak:
  • Geografia eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz hausnartzea.
  • Lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak euskararen hiztun-komunitatearengan duen eragin zuzenaz ohartaraztea.
  • Eragin hori kontuan har dadin hartu beharreko neurriez hausnartzea, bai kalteak murrizteko bai onurak indartzeko.

Jardunaldia hizkuntzalaritzaren inguruko adituei zuzentzen zaie bereziki: soziolinguistei, euskara-teknikariei, eta, oro har, euskara indarberritzeko interesa duten guztiei. Halaber, hainbat diziplina arteko gaia izaki, beste zenbait aditurentzat ere interesekoa izango da: geografoentzat, arkitektoentzat, hirigileentzat eta legelarientzat.

Matrikula doan da baina jardunaldian parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea. Bazkaria ere izango da (15€) lehen egunean (osteguna 16), matrikularako edo bazkarirako izena emateko, argibideak hemen.

Egitaraua


Urtarrilak 16, osteguna.

8:30-9:00 - Harrera eta dokumentazio banaketa.

9:00-9:30 - Aurkezpena

    Karmele Artetxe, UEUko zuzendaria.
    Unai Fernandez de Betoño, Arkitekto doktorea, UPV/EHUko irakaslea, UEUkidea.

9:30-12:00 - 1. Lurralde-antolaketa: oinarrizko printzipioak eta ikuspegi desberdinak.

    Geografiaren ikuspuntua. Peio Lozano, Geografo doktorea, UPV/EHUko irakaslea.
    Legelariaren ikuspegia. Jose Ignacio Cubero, Zuzenbidean doktorea, UPV/EHUko irakaslea
    Lurraldea hizkuntzetatik. Bizipen eta kudeaketa moduak. Koldo Telleria, Arkitektoa, UPV/EHUko irakaslea.
    Mahai ingurua. Moderatzailea: Unai Fernandez de Betoño.

12:00-12:15 - Atsedena.

12:15-14:15 - 2. Arnasguneak euskararen herrian: arriskuak.

    Zuberoako esperientzia.
    Busturiako esperientzia.
    Zubietako esperientzia.
    Zeraingo esperientzia.
    Moderatzailea: Dabid Anaut, Filologoa, euskara teknikaria.

14:15-15:30 - Bazkaria (izena eman behar da)

15:30-17:30 - 3. Arnasguneen garapena Euskal Herritik kanpo.

    Aland Uharteak. Elisabeth Nauclér, Zuzenbidean lizentziatua, Finlandiako Parlamentuko kidea.
    Gales. Meirion Davies.
    Flandria. Wilfried Vandaele,  Informazio eta komunikazio-zientzietan masterra, Flandriako Parlamentuko kidea.
    Moderatzaileak: Dabid Anaut, Filologoa, euskara teknikaria.


Urtarrilak 17, ostirala.

9:00-9:30 - Harrera.

9:30-12:30 - 4. Lurralde-antolaketa eta gizarte erantzukizuna.

    Lurralde-antolakuntza eta komunitatearen garapena. Igor Ahedo, UPV/EHUko irakaslea.
    Gipuzkoako lurralde-garapena. Zigor Etxeburua eta Ugaitz Iturbe, Gipuzkoako Foru Aldundia.
    Arnasguneak euskararen normalizazio-prozesuan. Paul Bilbao, Kontseilua eta (zehaztu gabe), UEMA.

11:15-11:45 - Atsedena.

12:30-13:00 5. Ondorioak eta etorkizunerako erronkak.

Jardunaldiaren Batzorde Akademikoaren eskutik: Iñigo Urrutia, Paul Bilbao, Unai Fernandez de Betoño eta Karmele Artetxe.

Erantzunak

2014-01-08 : 14:43

Kaixo eta URTE-BERRI 2014 ON, denontzako!

Nahiko nuke "Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea" izeneko Jardunaldian egon eta parte hartu, datorren asteko 16 eta 17 egunetan, Carlos Santamaria zentruan: nahikoa ote zait hau lortzea mezu honekin? Ea zer erantzuten didazuen! Mila esker, aldez aurretik.

ZORIONAK: egin duzuen ARTEKOTASUNAgatik, Jardunaldia martxan jartzeko (hauxe da bide emankorra Euskararen eta EHaren alde egiteko!)

Maria-Jose Azurmendi.

2014-01-08 : 16:24

Maria-Jose: UEUren webgunean dagoen matrikula orritik egin behar duzu. Hemendik: http://www.ueu.org/ikasi/jardunaldi-ikastaroa/628/Lurraldea%2Beta%2BHizkuntza.%2BHizkuntza%2Beta%2BLurraldea.%2BI.%2Bjardunaldiak (Izenburuaren azpian MATRIKULATU aukera daukazu). 15a arte dago epea.

Erantzun

Sartu